Argindarraren eta bestelako zerbitzu eta produktuen igoeren kontrako manifestazioa

uriola.eus 2022ko mar. 28a, 11:07

Larunbateko manifestazioa (Argazkia: Sukar horia)

Elektriken aberastasunak mugatzea eta prezioak mugatzeko neurriak hartzea eskatu zuten larunbatean  ehundaka pertsonek elektrizitatea eta energiarako sarbidea pertsona guztientzako bermatua izan dadin.

Sakeoari ez! dinamikak ostegunean iragarri zuen manifestazioa, Arriagatik hasi zen eta Euskadi plazara arte heldu zen. "Beharrezkoa da energia eskubide gisa bermatzea". Hori izan zen larunbat arratsaldeko aldarri nagusia.

Protestaren amaieran Iberdrola dorrearen aurrean, argindarraren prezioa duela urtebetekoaren bikoitza dela salatu zuten manifestu baten bidez. Izan ere, 2021eko martxoan fakturaren batez bestekoa 45,45€-koa izan zen eta abuztuan jada, 105€-ra heldu zen. Aurtengo lehen bi hilabeteetan 200€-ra igo da fakturaren kostua.

Bestalde, gasa edota petrolioaren prezio igoera aipatu zuten. "Hamar familiatik batek ez dauka fakturak ordaintzeko", adierazi zuen dinamikak. Honek aldez aurretik zeuden "desorekak biderkatzea" eragin duela gaineratu zuten: "Pobre eta aberatsen arteko arrakala gero eta nabariagoa bilakatzen ari da".

Arazoa enpresa elektriko erraldoiei aurpegiratu zioten. Hauen "aberastasunaren mesederako sortutako sistema" baita sakoneko arazoa, Sakeoari ez! dinamikaren ustez: "Oligopolio elektrikoak aberastasunak pilatzen dituen bitartean, milaka pertsonek jateko erosketa egin eta argia piztu erabaki behar dute, eta hau onartezina da".

Konponbide gisa, igoera hauei aurre egiteko eta elektriken "aberastasunak mugatu eta birbanatzeko neurri zehatzak" eskatu zituzten. "Ezin dugu inor argindarrik gabe utzi. Behar-beharrezkoa da sakonetik egungo sistema aldatzeko neurriak hartzea", aitortu zuten. Amaitzeko, argindarra guztiontzako eskubidea izan arte kalera ateratzen jarraitu beharko dutela adierazi zuten.