Artista berriak gehitu eta kartel osoa aurkeztu du Bilbao BBK Livek

uriola.eus 2022ko mar. 29a, 15:48

Nazioarteko Kelly Lee Owens, WOS, Romy eta Nilúfer; Bulego eta Katza euskaldunak, eta 2021eko Gaztea Maketa Lehiaketaren irabazle izan zen Silitia talde bilbotarrak osatu dute kartela besteak beste, jaialdia hasteko 100 egun falta diren honetan.

Kobetamendi jendez, musikaz eta jai giroz betetzeko prest dago. Bi urteren ostean indarrez dator BBK Live, eta uztailaren 7an, 8an eta 9an joko duten artista guztiak iragarri ditu, horietako batzuk jada aurreratu bazituzten ere. 15. urteurrena izango da aurtengoa, eta hori ospatzeko mundu osoko 100 artista baino gehiago batuko dira. Musikari ospetsuak eta etorkizuneko promesak batuko dituzte beste behin ere Bilbon. 30 artista inguru arituko dira taula gainean egun bakoitzean.

Nazioartean aski ezaguna eta nazioarteko artistak biltzen dituen jaialdia da BBK Live. Amerikatik, Estatu Batuetako Snail Mail kantautorea edo Argentinako SIMONAren collage unibertsoa eta WOS freestyler-a ekarriko ditu aurten. Bertoko artistak ere kontuan hartzen ditu jaialdiak. Jada iragarrita zeuden Doleurdolor, Chill Mafia, Nogen, Verde Prato eta Ezpalak taldeei Bulego, Silitia bilbotarrak eta Katza batu zaizkie.

Hainbat espazio

Urtero bezala, hainbat espazio izango ditu jaialdiak musika mota eta ingurune ezberdinez gozatzeko. Basoa deituriko gunean mundu osoko artista ezagunak eta gorabidean doazen talentu gazteak bildu dira, hala nola The Blessed Madonna, Carl Craig, Helena Hauff, DJ Phyton, Lena Willikens edo John Talabot. Soinu elektroniko eta esperimentalak entzuteko leku aproposa. 

Beste alde batetik, Lasai espazioa egongo da. Izenak azaltzen duen moduan, jaialdiko intentsitatea alde batera uzteko eta lasai egoteko tokia da. Bost artista arituko dira egun bakoitzean erritmo piskodelikoen, nahasketa paranormal eta progresiboen edo slow eta groove iruditeriaren artean entzuleak murgiltzeko.

Ingurunea babesteko asmoz, ingurumen-inpaktua ahalik eta txikiena izateko neurriak hartuko dituztela azaldu dute antolatzaileek. Hondakinak ahalik eta gehien murrizteko, ura aurrezteko, energia modu eraginkorrean erabili eta banatzeko, saneamendu-sarean hobekuntzak egiteko eta erosketa berdeen politikak ezartzeko asmoa dutela iragarri dute. Izan ere, 10.000 kanpinlarientzako lekua izango du jaialdiak, eta milaka pertsona batzen dira bertan. 

Sarreren salmenta

Bonuak 145 eurotan egongo dira salgai apirilaren 28ra arte jaialdiaren webgunean eta Seetickets plataforman. Epeka ordaintzeko aukera eskaintzen da. Gainera, eguneko sarrerak erosteko aukera dago. Sarrera bakoitzeko 5 euroko dohaintza egiteko aukera aurkeztu du jaialdiak, Ukraina-Euskadi Garapenerako Lankidetzako Elkarte Sozio-Kulturalera bideratuko dena.