Ukraniako eta Errusiako desertoreen asilo-eskaerak onartzea eskatu du Kakitzat-ek

uriola.eus 2022ko mar. 30a, 12:40

Eusko Jaurlaritza, Espainiako Estatua eta Europar Batasunak derrigorrezko errekrutatzetik eta edozein gerratik ihes egiten dutenen asilo-eskaerak onartzea eskatu du Koordinakunde Antimilitaristak Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzaren aurrean.

Ukrainako gerra hasi zenetik hainbat kontzentrazio eta ekintza eraman ditu aurrera Kakitzat-ek, honen amaiera eskatzeko. Gaurko kontzentrazioan, gerrak uzten ari dituen ondorioak gogorarazten jarraitu du koordinakunde antimilitaristak eta desertoreen babesaren alde protestatu dute bertaratutakoak. Ukrainak 18 eta 60 urte bitarteko gizonak derrigorrean errekrutatzen ditu eta errusiar gobernuak bere soldaduak "engainatzen eta hertsatzen" ditu armadatik alde egin ez dezaten Kakitzatek salatu duenaren arabera.

Inposizio horien aurrean gerrari uko egiten duten herritarrak daude eta horregatik Euskal Herriko, Espainiako eta Europako erakundeei hauen kontzientzia-eragozpenerako eskubide unibertsala errespeta dezaten eskatu dute gaur: "EBko estatu guztiek bi bandoetako milaka gizoni babesa ukatzen diete, borroka-eremura armak bidaltzen dituzte eta beren aurrekontu militarra handitzen dutela iragartzen dute, horrela gatazka areagotuz".

Gerra orok "pertsonak hiltzea, emakumeen aurkako sexu-indarkeria eta indarkeria erabiltzeari uko egiten dioten gizonen jazarpena" ekartzen duela gogoratu dute.  Gatazken militarizazioak sortzen duen "pobrezia" ere azpimarratu dute: "Energia- eta ingurumen-krisia globala bizkortzen du. Hilaren amaierara iristeko milioika pertsonari oinarrizko premiak asetzeko zailtasun handiagoak ekarriz eta milaka eta milaka euskal familiaren bizi-baldintzak larriagotzen ditu".

Horrekin amaitzeko gatazka "desmilitarizatzea", Errusiak inbasioa amaitzea eta NATOk tropa eta armamentuen bidalketa bertan behera uztea eskatu dute Gobernuaren Ordezkaritzaordean. Bestalde, armen negozioa gogor kritikatu dute. Gastu militarraren igoera eta arma-fabrikei emandako dirulaguntzak salatu; eta oligarka europarrek eta armamentu industriek "etekinak zuritzen dituzten" paradisu fiskalak desegitea eskatu dute.