Ostalaritza diruz lagundu eta egun berezietan ordutegia luzatzeko baimenak emango ditu udalak

uriola.eus 2022ko mar. 30a, 17:40

Terrazak Bilboko Zazpi Kaleetan (Argazkia: Bilboko Udala)

2,1 milioi euro bideratuko ditu pandemiak eragindako galerei aurre egiteko, eta Aste Santutik aurrera, jaiegun eta ospakizun bereziak dauden egunetan ixteko ordutegia luzatuko du, bi orduz. Bestalde, covid aldian terrazak jartzeko emandako baimen bereziak maiatzaren 1etik aurrera bertan behera geratuko dira.

Bizkaiko Ostalaritza Elkartearekin batera gaia landu ostean, udalak zuzeneko laguntzak emango dizkie ostalaritzarekin eta gaueko aisiarekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dituztenei, “pandemiaren eragin handiena jasaten ari diren kolektiboak indartzen jarraitzeko helburuarekin”. Hain zuzen, Covidaren ondorioak leuntzeko asmoz Bilboko Udalak 2022rako prestatutako plan bereziaren baitan daude laguntzok. Guztira 2,1 milioi euroko aurrekontua jarriko dute horretarako, eta establezimenduen langile kopuruaren arabera banatuko dira zenbatekoak.

Bestalde, Bilboko Udalak berriro luzatuko du, bi orduz, ostalaritzako lokalak ixteko ordutegia hirian jai eta ekitaldi handiak egiten direnean, pandemiaren inguruko mugak bertan behera geratutakoan, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak egindako eskaera ikusita. Aste Santuan aplikatuko da neurria lehenengoz, apirilaren 14tik 16ra arte. Bilbon jokatuko den Basketball Champions Leagueko Final Fourrean (maiatzaren 6an eta 7an), BBK Live jaialdian (uztailaren 7an, 8an eta 9an) edota Aste Nagusian (abuztuaren 20tik 27ra) ere luzatu ahal izango dira ordutegiak, beste batzuen artean. Ostalaritzako lokal guztiek izango dute aukera hori, salbu eta “egunekoek”, “osagarriek” eta terrazek, ohiko ordutegia dutelako. Establezimenduen kanpoaldean edariak hartzeko ordutegia ere ez da luzatuko.

Terrazei dagokienez, Covid-19aren kutsatzeak saihesteko neurri gisa establezimenduen barrualdean kontsumitzeko mugak jarri izanaren harira, udalak terrazak jartzeko edo horien azalera handitzeko baimen bereziak eman zituen, behin-behinekoak. Bada, maiatza iristearekin batera amaituko da salbuespen neurri horren indarraldia. Horrenbestez, galtzadako terrazak kenduko dira, eta terrazen handikuntzak, Alde Zaharrean elementu modularrak ipintzeko baimenak eta COVID aldian Udalak eman dituen gainerako baimen bereziak bertan behera geratuko dira. Egun horretatik aurrera, beraz, denboraldirako baimenak bakarrik egongo dira. Horrenbestez, terrazek pandemiaren aurreko azalera izango dute. Eta ez da aztertuko 2022rako emandako terrada-baimenen azalera handitzeko eskaerarik.

Bonuen kanpaina

Covidaren Ondorioen Aurkako Neurrien Bilbao 2022 Planaren baitan, bestalde, merkataritzako bonuen kanpaina jarriko dute abian aurki beste behin ere. Kultura sektorekoen txanda udazkenean izango da.

Merkataritzako bonuen kasuan, 63.000 bonu baino gehiago dira, eta, aurreko aldietan bezala, www.bonobilbao.eus plataforman eta sarrerak saltzeko aukera eskaintzen duten Kutxabankeko kutxazainetan erosi beharko dira. Berriz ere, bonu bakoitzak 30 euroko balioa izango du, eta Udalak erdia jarriko du (15 € udalak eta 15 € herritarrek). Bonu horietako batzuk establezimenduetan bertan eskuratzeko gordeko dira, 65 urtetik gorako pertsonentzat, arrakala digitala saihesteko helburuarekin.

Apirilaren 4tik aurrera aktibatuko dute bonuen webgunean hiriko saltokiak kanpainara atxikitzeko aukera. Bezeroen kasuan, maiatzaren 4tik aurrera eskuratu ahal izango dituzte bonuak.

Amaitzeko, bizikletak erosteko laguntzak ere jarriko dira martxan laster. Kasu horretan ere, establezimenduek datorren astelehenetik aurrera eman ahalko dute izena, eta maiatzaren 11tik aurrera egongo dira eskuragarri kontsumitzaileentzako bonuak.