Bilboko Udalaren osoko bilkurak onartu du Sareb-ek dituen etxebizitza guztiak etxebizitza sozialen programan sartzeko eskaera. Kudeatzaile honek banku berregituraketatik 4 etxebizitza, eranskin bat, 28 hiri-lurzoru eta hirugarren sektoreko erabilerako 7 ditu. Helburua da horiek guztiak alokairu sozialeko bihurtzea.
Ana Viñals Elkarrekin Podemos-IU-ren bozeramaileak azaldu duenaren arabera, Bilboko etxebizitza parke publikoa ez da behar bestekoa, eta hori konpontzeko aukera baten aurrean daudela azpimarratu du. Izan ere, Etxebiden alokairuko etxebizitza bat lortzeko 13.000 bilbotarrek baino gehiagok eman dute izena, baina oraingo eskaintza ez da nahikoa guztien etxebizitza-eskubidea asetzeko.
"Bilbon dugun etxebizitza sozial eta eskuragarriaren arazo larriekin, ez dago etxebizitza bat ere soberan", adierazi zuen Viñals-ek atzoko bilkuran, eta etxebizitza-parke publikoa handitzen lagunduko duten proposamen guztiak "bizitegi larrialdiarekin amaitzeko beharrezkoak" direla gaineratu zuen.
Udalak oposizioko koalizioaren proposamena onartu duen honetan, Sareb-i bere esku dauden etxebizitza guztiak eskatuko dizkio.