BostEHun eta zutik! leloa izango du Ernai gazte antolakundeak aurten antolatu duen gazte martxak, covid-19aren pandemiaren agerraldiaz geroztik egiten den lehenak. Amaiurko guduaren 500. urtemuga izango dute gogoan, baina aurrera begirako helburua izango dute ikusmiran: “Euskal Errepublika sozialista, feminista eta euskalduna”. Baztango lurretan milaka gazte elkartuko direla espero da, eta aberri egunarekin batera borobilduko dute ekimena.
Bada, bihar, larunbata, Gazte Martxan parte hartzera dei egiteko eta motorrak berotzeko eguna izango da Bilbon, hiriko Ernaik antolatuta. Goizean (10:30) tour politiko-historikoa egingo dute Euskadi Plazatik abiatuta. Gero, eguerdiko ordubatean, Ertzaintzaren karga batean jasotako pilotakada baten ondorioz zendu zen Iñigo Cabacasen heriotzaren 10. urtemugako omenaldian parte hartuko dute. Elkartasun ekimenekin jarraituz, 14:30ean Galder eta Aitor Zelaia eta Galder Barbadori babesa adierazteko argazkia egingo dute. Arabar gazte biei lau urteko espetxe zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak, “armak eta munizioak” gorde zituztela egotzita.
Horren guztiaren ostean, Erronda kaleko Bira Kultur Gunean bazkaria egingo dute, eta arratsaldean 13/13 auzian ezarritako zigorren aurkako manifestaziora joateko deia egin diete bilbotar gazte guztiei.
Amaitzeko, musikarako tartea izango dute iluntze-gau partean. Uki eta Lagunak arduratuko dira Bira Kultur Gunean jai giroa jartzeaz.