Martxoaren 31n eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak 13/13 auziko epaia. Arantza Zuluetari zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion, Jon Enparantzari lau urtekoa, Naia Zuriarraini hiru urte eta erdikoa eta Iker Sarriegiri hiru urtekoa. Sententziak, aldiz, absolbitu egin zituen Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo. Epaia ez da irmoa oraindik, eta helegitea jar dezakete abokatuek.
Iazko uztailean hasi zen 13/13 auziko zazpi auzipetuen kontrako epaiketa eta Jose Perals fiskalak 77 urteko kartzela zigorra eskatu zuen guztira –Julen Zelarainen kasuan eskaera hori kendu zuen geroago–. Azaroan ehun legelari inguruk epaiketan izandako irregulartasunak salatu zituzten. Legelarien ustez "iraganeko garaietako sumarioa" izan da auzia bideratu duena.
Joan den astean epaiaren aurkako protestak egin zituzten Bilbon, Larrabetzun, Lekeition eta Donostian, eta aste honetan mobilizazio gehiago iragarri dituzte. “Zigorrik ez!” lelopean elkartuko dira ostegunean, apirilak 7, Bilboko auzitegiaren aurrean prentsa agerraldi herritar masiboa egiteko. Larunbatean, apirilaren 9an, berriz, manifestazioak egingo dituzte 17:30etan Bilbon Jesusen Bihotzetik eta Donostian Saguestik abiatuta.