MARTA PEREZ (IÑIGO GOGOAN)

"10 urte hauetako maitasuna azpimarratu nahi dugu omenaldiarekin"

Pablo Martínez Canibe 2022ko api. 8a, 11:23

Duela hamar urte 'Ugarteko' ertzainaren "entrar con todo" aginduak Iñigo Cabacasen eta bere familiaren bizitza aldatu zuen. Athletic-en sailkapenaren ospakizuna ezbehar bihurtu zen. Ertzaintzaren gomazko pilota batek Iñigo zauritu zuen eta horren ondorioz hil zen lau egun geroago. Hamarkada luze honetako prozesu judizialaz eta larunbatean, apirilak 9, egingo den omenaldiaz hitz egin dugu Iñigo Gogoan plataformako Marta Perezekin. 

Berezia izango da 10. urteurrena?

Hamargarren urteurrenarekin amaiera bat eman nahi diogu ibilbide honi; prozesu osoa borobildu. 10 urte hauetako maitasuna azpimarratu nahi dugu omenaldiarekin. Bidelagun pila bat eta jende asko egon da urte hauetan kasu hau azkena izan dadin lan egiten. Horri eman nahi diogu garrantzia eta ekitaldian horretan jarriko da fokua.

Zer balorazio egiten duzue hamar urte hauetako prozesuaz?

Guk aurten jarri dugun leloarekin, Justiziak ez du egunik izan, maitasunak 10 urte, oso ondo laburbiltzen dugu 10 urte hauetan zer gertatu den. Bere garaian etengabe egon ginen eskatzen epaiketa bat, nahiz eta bagenekien gertatu dena gertatu ahal zela. Epaiketa egin baino lehen bagenekien ez zela izango justiziaren aldekoa. Hori alde batera utzita, ikusi dugu maitasunak Iñigoren eta egun horretan kalezulo horretan gertatu zenaren oroimena mantendu duela.

Noiz sortu zen Iñigo Gogoan herri ekimena?

Fase ezberdinak izan ditu. Hilketa gertatu zenean, plataforma bat sortu zen. Prozesua oso luzea izan zen eta epaiketara arte sei urte pasa ziren. Tarte horretan plataforma lanean ibili zen kasua ez ahazteko eta judizializazio fase horrekin amaitzea eta epaiketarekin amaitzea eskatzeko. Horren ostean, epaiketarekin batera herri ekimena sortu zen, baina plataformak izan du horren ardura nagusia.

"Urte hauetan guztietan egindako presio sozialak hau berriz ez gertatzeko balio izan du"

Zein helbururekin sortu zen?

Bikoitza izan da helburua. Alde batetik, Iñigori gertatu zaiona argi gelditzea eta esan dituzten gezurrei buelta ematea, berriro ez gertatzeko. Beste batetik, ibilbide horretan zehar familiarekin eta lagunekin egotea eta babestea, bakarrik ez uzteko horrelako egoera larri baten aurrean.

Zenbateraino izan da garrantzitsua guztien arteko lana?

Urte hauetan guztietan egindako presio sozialak hau berriz ez gertatzeko balio izan du. Guzti horri eskerrak eman nahi zaizkio, eta horri esker presio soziala egotea lortzen da. Prozesuan gurekin egon diren lagun katalanak etorriko dira, eta urte hauetan plano ezberdinetan lanean egon direnak ere bai.

10 urteren ostean ez da justiziarik egin.

Justizia oso gazi-gozoa izan da. Sententzia oso ona izan zen, bertan gertatu zena onartzen duelako. Ertzaintzaren aktuazio neurrigabea onartzen du, Iñigo Ertzaintzaren erruz hil zela onartzen du eta prozesua desastre hutsa izan zela onartzen du; baina emaitza penala ez doa bat horrekin. Adierazi nahi duguna da kasu honek inpunitate kasu bat uzten duela egun daukagun polizia eredu horren gainean. Iñigo azkena izan dadin, daukagun polizia-ereduaren inguruko eztabaida bat zabaltzea exijitzen du. Egun hartako pilotakadak era ilegal batean jaurti ziren eta ondoren egon zen kudeaketa osoa era ilegal batean egin zen. Justiziak gertatutako guztia onartzen du, baina era berean zigortu gabe uzten du, eta gainera ez dugu ikusi gomazko bala horien debekua. Justiziak ez du maila eman.

"Justiziak ez du egunik izan, maitasunak 10 urte"

Abenduan Erkorekak eman zituen adierazpenekin, esperantza guztiz galdu zenuten?

Ez zen logikoa izan. Pertsona bat hil zuten eta gainera ez dute onartzen; ez dute biderik jartzen hori berriz ez gertatzeko. Gurasoak ondoko gela batean zeuden Erkorekak adierazpenak egin zituenean, eta honek ez zuen horren inguruko aipamenik ere egin. Gainera, Manu eta Fina bigarren mailako biktima bezala jarri zituzten, eta guretzako hori onartezina da.

Justizia lortu ez arren, familiarenganako barkamen eskaera bilatzen da?

Ardurak onartzea bilatzen da. Ardura batzuk egon ziren, eta ez dira soilik egun horretan egon zirenenak, baizik eta Ugartekorenak, hura izan baitzen aginduak eman zituen arduraduna. Sentsazioa da hori beste edozein momentutan gerta zitekeela. Hala ere, presio sozialari esker lortu da gomazko balak gutxiago erabiltzea. Baina ez Ertzainen erabakiagatik; haien deklarazioak beste norabide batean doaz.

Presio sozialaren eragina egon arren, jarraitzen dituzte jaurtigai arriskutsuak erabiltzen. 

Epaiketa egin zenean, Eskoziako poliziaburu bat ekarri genuen erakusteko bertan polizia ereduaren inguruan eztabaidak izan dituztela eta eredu hori aldatzea posible dela. Baina Eusko Jaurlaritzak, beste leku batean egiten diren hausnarketak kontuan hartu beharrean, beste leku batera begiratzen du eta ez du erantzunik ematen. Familiarentzako irain bat da. Ez dute ardura asumitu nahi eta ez dute sakonera joan nahi.

"Hamargarren urteurrenarekin amaiera bat eman nahi diogu ibilbide honi; prozesua osoa borobildu"

Gomazko balek duten deskontrolak zaildu egin dezake arduradunak aurkitzea?

Polizia da egoeraren arduraduna. Protokolo guztiak saltatu zituzten. Grabazioak kasualitatez desagertu ziren eta gertaera kaos bat izan zenaren sentsazioa eman dute. Hori ez da kasualitatea. Etengabeko praktika bat da.

Gogorra den arren, esan daiteke Iñigoren kasuak mugarri gisa balio izan duela?

Ikaragarria bada ere, kasualitate bat ez zela izan argitzea lortu da, ez zela istripu bat izan. Gogoratu beharko genuke lehen azalpena istiluak zeudela izan zela. Bertan istiluak zeudelako sartu zirela izan zen eman zuten lehen azalpena, eta horri buelta eman ahal izan diogu. Ez zen istilurik egon; arlo judizialean argi geratu da, eta edonori galdetzen badiozu, badaki zer gertatu zen.

Omenaldiaz gainera, zein ekintza gehiago egin dituzue urteurrenaren harira?

Stop balas de goma plataformako lagun katalanek gomazko balen inguruko hitzaldi bat eman zuten eta dokumental bat aurkeztu zuten. Igor Meltxorren liburuaren aurkezpena egingo dugu maiatzean eta ekitaldiarekin, borobildu apur bat. Zapatukoa polita eta maitasunez egindakoa izango da. Data betiko geratuko den arren, egindako lana mahai gainean jarri nahi da. Izan ere, familiarentzako gogorra da hau urtero bizi beharra. Urtero berpizten den mina da.