Azken urteetako finalik garrantzitsuena irabazi du Athletic-ek

uriola.eus 2022ko api. 8a, 13:25

Herri harmaila osatzeko proposamenak baiezkoa jaso zuen, aldeko 517 botorekin, 285 ezezkoren aurka. Hautatu zitezkeen bi proposamenetatik, zuzendaritza-batzordearenak izan zituen aldeko boto gehien. Zelaiaren iparraldean, 4.074 eserlekuk osatuko dute harmaila.

Herri harmaila edukiko du San Mamesek. Prozesu luze baten ostean eta Aitor Elizegiren lehen proposamenak ezezkoa jaso eta gero, San Mamesen orroa ekimenari esker lortu da helburua. Elizegik hauteskundeetarako egin zuen proposamen nagusia izan zen, eta bere agintaldia amaitzeko gutxi falta den honetan, bere proiektua aurrera ateratzea lortu du. 

Batzarreko lehen puntua harmailaren alde edo kontra bozkatzea zen. Iker Muniain, De Marcos edota Sancet bezalako jokalariek harmailaren aldeko aldarria egin dute azken asteetan, eta atzo batutako konpromisarioek horrekin bat egin zuten. %62,4k baiezkoa eman zuen, eta arratsaldeko bigarren bozketara pasatu ziren. 

Harmailaren aldeko baiezkoa lortu ostean, bi proposamenen artean erabaki behar zuten bazkideek. Alde batetik, San Mamesen Orroa herri ekimenaren aukera. Martxoaren 14an 2482 bazkideren sinadurak aurkeztu zituzten Ibaiganen, eta ezohiko batzar bat lortzeko sinaduren %5eko gutxienekoa gainditu zuten. Taldearen historian bazkideek bultzatzen duten lehen batzarra. Beste aldetik, zuzendaritza-batzordearen proposamena aurkeztu zen, 2020an ezezkoa jaso zuenaren berdina.

Oraingoan, ia 200 boto gehiagorekin, Aitor Elizegik bere helburua lortu du. Azken bozketan galdu arren, San Mamesen Orroa ekimena oso pozik agertu da lortutakoarekin: "Eskerrik asko eta zorionak guztioi. Historia egin dugu!". Herri harmaila berriak 4.074 leku izango ditu, eta gazte abonoen eta zelai osoko bazkideen arteko nahasketa bat izango da, belaunaldi erreleboa lortzeko. 110 eta 124 blokeak batuko dira eta leku guztiak safe standing izango dira, partidak zutik eta era seguruan ikusi ahal izateko. 28 urtez azpikoek (gazte abonoak), 300 euro ordaindu beharko dituzte, eta besteek 370. 

Harmaila horretan geratu nahi ez duten bazkideei aukera ezberdinak eskaintzen dizkie proposamen honek. Lekuz aldatu ahalko dira hurrengo 20 urteetarako %20ko bonifikazioarekin; goiko Hego Harmailara joan daitezke %50eko bonifikazioarekin lehen hamar urteetan, eta %20koarekin hurrengo hamarretan; bestela, hego eraztunean kokatu ahalko dira, 742€-ko kuota izango dutelarik hurrengo hamar urteetan.

Aldeko eta aurkako aldarriak

Ia hamaikak arte luzatu zen ez-ohiko batzarrean denetarik egon zen. Jose Antonio Virumbralesek, Athletic Cluben bazkideen arteko lehen zenbakiaren jabeak, arratsaldeko momentu hunkigarrienetakoa utzi zuen. "Athletic bihotzean eramaten da, ez eserlekuan" adierazi zuen herri harmailaren alde. Kontrako ideiarekin agertu dira lekuz aldatu behar direnak; hala ere, bozketan ikusi den moduan, baiezkoaren aldeko giroa egon da gaur Euskalduna jauregian.