Maitasunez beteriko omenaldia

uriola.eus 2022ko api. 11a, 11:22

Ertzaintzak Iñigo Cabacas hil zuela 10 urte bete ziren egunean jendetza bildu zen ezbeharra gertatu zen kantoian. Egia, justizia eta erreparazioa izan ziren aldarri nagusiak eta era sinbolikoan Iñigo Cabacas Lizeranzu izandatu zuten plaza 

Ekitaldi hunkigarria ospatu zen María Díaz de Haro kaleko kantoian. 2012ko apirilaren 5ean Ertzaintza "guztiarekin sartu" aginduaren menpean, existitzen ez ziren istilu batzuk desegitera sartu ziren plazan eta Iñigo zauritu zuten. Lau egunen ostean hil egin zen eta hamar urte geroago justizia eskatzen jarraitzen du familiak.

San Mamesen ohikoa izaten den txalapartak eman zion hasiera omenaldiari eta Arkaitz Estiballezen hiru bertsok urte hauetako laburpen ezin hobea egin zuten. "Ospakizun handi batean/ zegoenean Bilbo,/ Deustun armak kargatuta,/ furgonetara igo./ "Entren con todo a la Herriko",/ ez zentzu, ez motibo:/ oso metro gutxitara egin zizuten tiro./ Gero epaitegietan hil zintuzten berriro,/ baina gure memorian bizi zara Iñigo".

Hilketaren momentuaz aritu zen lehenengoan eta errudunak seinalatu zituen bigarrenean: "Manu eta Fina zeuden/ azalpenen aiduru:/ "no ha sido un pelotazo",/ lehen gezurra helburu,/ ta horren erantzuleak/ ezagutzen ditugu:/ Jaurlaritzako poltronan/ bakezaleen guru,/ tirogileak, mandoak/ ta pare bat sailburu;/ zuek egin zenutena ere oroitzen dugu".

Azkenik, maitasuna, laguntza eta gertutasuna erakutsi duten guztiei abestu zien: "Manu eta Fina jaso/ guztion besarkada./ Gaurtik aurrera, ongi etorri/ Iñigoren plazara./ Nahiz eta bidean izan/ oztopo eta traba,/ seme bat galtzea beti/ ordezkaezina da,/ baina hor zaudeten artean,/ hemen egongo gara./ Orain dauzkazue mila/ seme eta alaba".

Malkoei ezin eutsirik Kirruli taberna ondoan dagoen Iñigoren plakari lore eskaintza egin zioten, lagun, senide eta abarrek. Horiek ere, egunerako prestatu zuten eszenatokira igo ziren Manu eta Fina gurasoei opariak ematera, oroigarri gisa. Kataluniatik etorritako lagunak, senideak, Iñigori abestiak dedikatu dizkioten abeslariak, abokatuak... inork ez zuen galdu izan nahi aukera polit hura. 

Etengabeko trabak

Hainbeste besarkada eta opariren artean gurasoek hitz egiteko aukera izan zuten. Bertaratutakoei eskerrak eman zizkieten behin eta berriro eta Manu Cabacasek esan zuenez "ez dugu epaitegian irabazi, baina bai kalean". Ideia bera azpimarratu dute aurkezpena egin duten Oier Amorrortu Cabacasen lehengusuak eta Eneritz Plaza Iñigo Gogoan herri ekimeneko kideak: "Hamar urteotan instituzioetatik ezezkoak jaso ditugu, beti hitz politekin, baina inongo aitortza eta erreparaziorik ez".

Jone Goirizelaia, prozesuan beraiekin egon den abokatua oholtzara igo da eta prozesu judizialean "hainbat traba" izan dituzten arren, Europan borrokatzen jarraituko dutela azaldu zuen. Izan era iaz Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen batzordera eraman zuten 2018an egindako epaiketa. 

Iñigo Cabacas Lizeranzu plaza

Ekitaldiarekin amaitzeko Finak Lizeranzuk mikroa hartu eta Cabacasen loreak zaintzen dituztenetaz gogoratu zen: "Astelehenero etortzen naiz hona, eta, azkenaldian, egunero. Pentsatuko dute batzuek, ‘baina emakume hori, nola joan daiteke semea hil zioten lekura?’; bada, etortzeak on egiten didala esango dizuet nik, eta gaizki egoten naizela etortzen ez banaiz". Hitz hunkigarri hauekin batera, toki hura «Iñigo Cabacas Lizeranzu» plaza izendatzen duen plaka bat bistaratu zuten.