13/13 prozedurako zigorrak gaitzetsi dituzte sindikatuek

uriola.eus 2022ko api. 22a, 12:28

Espetxe politika aldatzeko hilero egiten duten mobilizazioan auzia artxibatzeko eskatu dute.

ELA, LAB, UGT, ESK, STEILAS, CGT, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute gaur, hilero bezala, plaza eliptikoan. “Euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea, gradu-progresioa eta legeria arruntean jasotako espetxe-onurak lortzea, gaixotasun larriak edo sendaezinak dituzten pertsonak espetxetik ateratzeko” aldarrikapenaz gain, gaurkoan arreta berezia jarri diote 13/13 sumarioari.

Hala, honako hau adierazi dute goian zerrendatutako sindikatuek: “Kezka eta gaitzespena adierazten dugu eragindako pertsonek kontatutako irregulartasunei buruz eta legez kanpoko polizia-operazioari buruz; telefono-erregistro eta entzuketa irregularrei buruz; CNIren esku beltzari buruz; eta oinarrizko eskubideak urratzeari buruz”. Ondorioz, auzia artxibatzeko eskatu dute, “epaitutako pertsonak kondenatzeaz gain, bakearen eta bizikidetzaren alde egin duen euskal gizarte osoa kondenatzeko helburua duen ekintza delako”. Bestalde, prozesu horretan auzipetuta zegoen Juan Mari Jauregi gogoan izan dute, joan den irailaren 3an zendu zena.