Gimbertek sasoi amaieran itxiko du bere futbolari ibilbide luze bezain oparoa

uriola.eus 2022ko api. 22a, 13:22

23 urte egin ditu Lehen Mailan jokatzen, eta azken urteotan bere etxea izan den Athletic-en hartuko du erretiroa. 248 partida jokatu ditu elastiko zuri-gorria jantzita.

42 urte ditu Vanessa Gimbert futbolari bergararrak, eta 1999an egin zuen debuta Lehen Mailan, Levante taldean. Ligako jokalaririk beteranoena da gaur egun. Huelvan, Sevillan, Rayon eta Espanyolen aritu ostean, duela bederatzi urte iritsi zen Lezamara atzelaria.

Luzea ez ezik, emankorra ere izan da goi mailako futbolean egin duen ibilbidea. Ligako txapeldunaren bost titulu eskuratu ditu, azkena 2016an Athletic-ekin, eta Koparen irabazle izan da beste horrenbeste alditan.

Maiatzaren 15ean esango du agur Gimbertek, etxean, Sevilla aurkari izango duela. Partida berezi horretan jasoko du merezitako aitortza zale eta kideen partetik.