Urtebetez aritu dira negoziaketetan enpresaren eta langileen ordezkariak, eta momentuz ez dute inolako akordiorik erdietsi. Langile batzordeak 2020an iraungi zen hitzarmena eguneratzeko ordua dela uste du, baina, salatu dutenez, Avanzak murrizketak aplikatzen ditu horren partez. ELA, UGT, USO eta LAB sindikatuak dira gatazka honetan beharginen ordezkari gisa diharduten sindikatuak.
Nerbioi Garaian, Arratian eta Durangaldean nahiz Arrasaten eta Eibarren ematen du zerbitzua Avanza multinazionalak, eta 350 langile ditu. Besteak beste, eremuok hiriburuarekin lotzen dituen lineen zerbitzua ematen dute. Bada, gaurko zerbitzu minimoak ezarri dituzte.
Enpresari ez ezik, langileek Bizkaiko Foru Aldundiari ere eskatzen diote inplikazioa lan gatazkan.
Protesta egunak
Apirilaren 7an ere, gaur bezala, 24 orduko greba egin zuten Bizkaibuseko langileek. Bada, maiatzaren 4an eta 19an ere halaxe egingo dute, baita ekainaren 13an eta 23an eta, azkenik, irailaren 26an ere.
Egun osoko grebez gain, mobilizazioak deitu dituzte etzirako (hilak 27), maiatzaren 9rako eta ekainaren 8rako.