Astelehenean iragarri zuen Sophie Istillartek futbola utziko zuela. Sorpresa sortu zuen albistea izan zen, baina Lapurdiko jokalariak atzo emandako agur prentsaurrekoan azaldu zuen moduan, “ez da izan egun bakarrean hartutako erabakia”.
Duela bi urte, 2020ko udan, heldu zen Istillart Athletic-era. Era honetan, nesken taldearen historiako Ipar Euskal Herriko lehen jokalaria bihurtu zen. Zortzi urterekin hasi zen futbolean jokatzen, Hendaian. Geroago, Irunen jokatu zuen, eta horren ostean lehen mailara egin zuen salto. 2015etik 2020ra arte Bordeleko Girondins-ekin jokatu zuen Frantziako lehen mailan. Kapitain izatea lortu zuen.
Athletic-en Damaris Egurrolaren eta Maite Orozen hutsune nabarmenak betetzeko heldu zen, eta aurreko denboraldian 33 partida jokatu zituen guztira. Aurten, Levanteren aurkakoan lesio larria izan arte 10 partida jokatu zituen, eta jokalari garrantzitsua zen Iraiarentzat. 43 partida eta ia bi urte horiek balio izan dizkiote Istillarti taldearekin lotura handia eraikitzeko: “Zuek guztiak izugarriak zarete eta oso zoriontsu egin nauzue. Athleticek nigatik egin duen guztiaren jakitun naiz, eta izugarri eskertuta nago. Ohorea da klub honen ezkutua eta balioak defendatu izana, nire balioak ere badirelako”. Bi urte hauetan berarekin egon diren pertsona guztiei eman dizkie eskerrak.
Futbola alde batera uzteko erabakia “bizitzako erabakirik zailena” izan dela aitortu du Iparraldekoak malko artean. Aspalditik pentsatzen ari zen zerbait zela azaldu du, berarentzat ziklo amaiera dela uste duelako: “Dena eman dut nire pasioagatik, eta gaur nire kirol ibilbidea amaitu dudala sentitzen dut. Beste zerbait bizi nahi dut. Denbora asko daramat etxetik kanpo eta itzultzeko ordua dela uste dut”. Istillarten “bi urte hain polit hauek" posible egin dituzten jokalariek ez dute prentsaurrekoa galdu, eta txalo zaparradarekin agurtu dute beren taldekidea.
Iparraldean teknifikazio lanetan
“Bizitza osorako gordeko dudan oroitzapena da”, azaldu du Istillartek. Agur esan duen arren, taldeari lotuta jarraituko du, bere etxetik hurbil. Taldeak Ipar Euskal Herrian dagoen talentua erakartzeko “erantzukizuna” eman dio erdilariari: “Iparraldeko lehen jokalaria izan naizenez, hona etorriko diren jokalari gehiago egotea nahi dut, Iparraldean maila ona duten jokalariak daudelako eta klub hau ezagutzea nahi dudalako”.