Gazte mugimenduaren aurkako jazarpena salatuko du Ernaik ekainaren 4an

uriola.eus 2022ko api. 29a, 09:31

Duela urtebete “larrialdi egoeran gaude” lelopean gauzatutako manifestazioetan zortzi persona atxilotu zituzten, horietako zazpi Bilbon. Bada, ekainaren 15ean epaituko dituzte, eta urtebete eta urte eta erdi bitarteko espetxe zigorrak nahiz 20.000 eurotik gorako isunak eskatzen ditu akusazio partikularrak. Guzti hori salatzeko manifestazioa egingo dute ekainaren 4an Bilbon.

2021eko maiatzaren 7an, Ernai gazte antolakundeak deituta, Hego Euskal Herriko hiriburuetan manifestazioak egin zituzten, gazteen larrialdi egoera salatu eta bizitza duinen alde burujabetza eta eraldaketa soziala aldarrikatzeko asmoz. Bada, Gasteizen eta Bilbon atxiloketak egon ziren, zortzi guztira, bata Gasteizen eta gainerakoak Bilbon. Atxilotu horietako bi ospitalera joan behar izan ziren poliziak eragindako lesio eta zaurien ondorioz, eta gazteen artean beste zauritu asko utzi zituen mobilizazio egun hark. “Jipoituak izan baginen, atxilotu bagintuzten, gazteon egoeraren erantzule zuzena den Eusko Jaurlaritzak bere arduragabekeria estaltzeko beste biderik ez duelako izan zen”, adierazi zuten Ernai gazte antolakundeko ordezkariek atzo arratsaldean egindako agerraldian.

Bilbon atxilotutakoak ekainaren 15ean agertu beharko dira epailearen aurrean, eta fiskaltzak eta ertzainek osatutako akusazio partikularrak urtebete eta urte eta erdi bitarteko espetxe zigorrak nahiz 20.000 eurotik gorako isunak eskatzen ditu. “Muntai polizial berri batean aurrean aurkitzen gara, gazte borrokaren aurkako beste eraso batean, gezurrez beteriko atestatuan ustezko autoritateari atentatu eta lesio delitua egotzita”, dio Ernaik.

Edolona ere, antolakundeak uste du gazteen kontrako jazarpenetik harago doala Ertzaintzaren jokabidea, eta azkenaldiko zenbait gertakari aipatu dituzte horren erakusle gisa, hala nola Tubacexeko grebalarien aurkako oldarraldiak edota San Frantzisko auzoan gertatutako etxegabetzeak. Testuinguruari erreparatuta, beraz, mugimendu eta borroka sozialen aurkako jarreren gorakada ikusten du Ernaik.

“Duela urtebete, gazteon langabezia eta prekarizazio estrukturala, etxebizitza lortu eta emantzipatzeko ezintasuna, hezkuntza sistemaren pribatizazioa, osasun mentalean gaixotasun psikosozialen areagotzea eta gazteriaren kontrako kriminalizazioagatik irten ginen kalera. Egun, egoera hori ez da aldatu, are gehiago, okertzen jarraitzen du”, diote gazte antolakundekoek. Horrenbestez, kalera ateratzeko arrazoi ugari daudela uste dute, eta argi utzi nahi izan dute jazarpenok ez dutela gatze mugimendua geldiaraziko.

Hori guztia dela eta, ekainaren 4ko mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dio euskal gazteriari. Manifestazioa 17:30ean abiatuko da Plaza Eliptikotik. Bestalde, epaiketaren egunean atxilotuei babesa adierazteko deialdiak zabalduko dituztela aurreratu dute.