BILBAO BASKET

Play-offarekin amesten jarraitzeko garaipena

Pablo Martínez Canibe 2022ko mai. 3a, 09:57

Angel Delgado baloia lortzeagatik borrokan (Irudia:ACB)

Rafa Luzek Zaragozaren aurka azken segundoetan saskiratutako baloia Miribillatik kanpo lau partidaren ostean berriz irabazteko balio izan zuen. 16 garaipenekin zortzigarren eta bederatzigarren doazen UCAM Murcia eta Gran Canaria berdindu dituzte.

Azken segundoak Bilbao Basketentzat izan ziren aspaldiko partez. Etxetik kanpoko aurreko bi partidak, Fuenlabrada eta Gran Canariaren aurka, azken jokaldietan egindako akatsengatik galdu zituzten baina atzokoan fin ibili ziren Mumbruren jokalariak. Talde aragoiarrak Goudelock gogor defendatzen zuen bitartean Rafa Luzek bere jokaldia egin zuen eta lau segundoren faltan bi puntu erabakigarri eskuratu zituen. Zaragozak ezin izan zuen azken jokaldian hirukoa sartu eta bi partidaren faltan Bilbao Basketek zortzigarren postua lortzeko aukera edukiko du.

Jardunaldi hasieran zortzigarren postuan zegoen Gran Canariak, Breoganen aurka galdu zuen eta Murciaren garaipenarekin hiru talde berdinduta geratu dira 16 garaipenekin. Bilbao Basketek partida bat gehiago dauka eta bi partida bakarrik geratzen zaizkio. Hurrengo asteartean Barçaren aurka jokatuko du eta asteburuan Betisen aurka. Bi partidak irabaziz gero aukera handiak izango ditu lehengo zortzien artean sailkatzeko; bakarra lortuz gero mirari bat itxaron beharko du.

Harrigarria dirudi play-offaz hitz egiten egotea denboraldi hasierara begira jartzen bagara. Lehenengo bost partidak galdu zituzten beltzezko gizonak eta aurreko urteko mamuak agertzen hasi ziren Bilbon. Lehenengo mailan mantentzea zen helburua denboraldi hasieran, baina lehenengo partiden emaitzekin, aurreko urtean azken jardunaldian lortu zen helburu hori zaila zirudien.

Hala ere, ezberdintasun handi bat agertu da aurten aurreko denboraldiarekin konparatuz: zaleak. Pandemia aurreko urtean etxean jokatzen zituen ia partida guztiak irabazi zituen taldeak eta faktore hura nabarmena izan da aurtengo denboraldian. Zalantzak aldentzeko bi partida irabazi zituzten Bilbao Arenan baina kanpoko partidetako porrotak sailkapenaren azken postuetan mantentzen zuten taldea. Etxean hirugarren garaipena segidan lortu zuten baina etxetik kanpo beste bi porrot ezinezkoa egiten zuten azken bi postuetatik ateratzea.

Txip aldaketa

Etxetik kanpo batez ere, baina Bilboko partidetan ere defentsan arazo handiak izan zituen Mumbruren taldeak. Aurreko urtean bezala, fitxaketen “carrousel-a” hasi zen eta Regimantas Miniotasek alde egin zuen; hor aldatu zen dena Damien Inglis ala-pivot frantsesaren fitxaketarekin. Jokalari bakarra izan zen, baina taldean aldaketa izugarria ekarri zuen. Jokalari frantsesak defendatzeko kapazitate handia erakutsi zuen eta taldea intentsitate horretaz kutsatu zen. Breogani irabazi eta garaipenak bata bestearen atzetik etorri ziren, zortzi segidan irabazi arte. Koparako sailkapena hurrun geratu zen baina zaleak play-off-arekin amesten hasi ziren.

Kezkak desagertu zirela zirudien baina arazoak berriz bueltan. Denboraldi nahiko ona zeraman Valentin Bigotek baina Frantziara bueltatzea erabaki zuen eta hutsune nabarmena utzi zuen taldean. David Walker fitxatu zuen taldeak baina taldearen dinamikan sartzea kostatu zitzaion eta Burgosen aurka 15 puntuko aldea galdu ostean zazpi partidetatik, sei galdu zituen Bilbao Basketek.

Bigarren mailarako jaitsieraren mamuak berriz agertu ziren Bilbon eta taldea erreakziorik gabe zirudien, baina egoera horretan berriz agertu zen Bilbao Arena. Errusiar mendia berriz eta Valentzia irabazi ostean Mumbruren kamisetaren zenbakia erretiratu zuten egunean 12 puntugatik irabazi zuten Madril. Gran Canariaren aurka galdu zuten bi puntugatik bakarrik, baina azkenengo hiru garaipenak Bilbao Basketen denboraldi amaiera guztiz irekia utzi dute.

Europarako bidea

Zortzigarren postua lortzeko helburuaz gain, aurrera pausu handiak eman ditu taldeak datorren urtean Europara bueltatzeko. Jakina da saskibaloiko txapelketetako postuak ez direla finkoak, baina ziur aski 8-9-10 postuen artean daudenak datorren urtean Basketball Champions League jokatuko dute. Aurreko urtean jokatu zuen lehen aldiz Bilbao Basketek eta multzoetako fasean kanporatuta geratu zen. Aurten, final four-aren anfitrioi izango da eta espero da datorren urtean Bilbao Basket izatea final hori jokatzen duena.