Bihartik aurrera eskatu ahal izango dira Bilboko merkataritza bonuak

uriola.eus 2022ko mai. 3a, 10:23

Bihartik aurrera eta ekainaren 30era arte, herritarrek 63.000 bonu baino gehiago eskuratu ahal izango dituzte www.bonobilbao.eus web-plataformaren bidez. Bakoitzaren balioa 30 eurokoa izango da, udalak erdia ordainduko duelarik.

Bihar, asteazkena eta maiatzak 4, Bilboko Udalak www.bonobilbao.eus webgunea aktibatuko du arratsaldeko 16:00etatik aurrera, herritarrek merkataritzako bonuak eskuratu ditzaten. Milioi bat euroko aurrekontuarekin, oraingo honetan, guztira, 63.603 bonu merkaturatuko dira.

Bonuen prezioa, berriz ere, 30 euro izango da, eta udalak diruz lagunduko du erdia (15 euro udalaren kontu eta 15 euro herritarren kontu). Aurretik egin den bezala, web-plataforma berean eskuratuko dira (www.bonobilbao.eus), bai eta sarrerak saltzeko Kutxabanken kutxazainetan ere. Bonu batzuk, bestalde, establezimenduetan bertan eskuratu ahal izango dituzte 65 urtetik gorako pertsonek, "arrakala digitalari aurre egin ahal izateko", udaletik azaldu dutenez.

Eskuratzeko zein trukatzeko aldia bihar hasiko da, maiatzak 4, eta ekainaren 30ean amaituko da (edo agortzen direnean). Guztira, 5 bonu eskuratu ahal izango dira NAN bakoitzeko. Erosketa-tiket bakoitzeko, gehienez ere, zenbateko bereko edo gehiagoko 4 bonu trukatu ahal izango dira. Erabiltzaileek bonuaren QR kodea aurkeztu beharko dute erosketa egiterakoan edo, bestela, inprimatuta aurkeztu. Bilboko Bonuak bateragarriak dira beste administrazio batzuek abiarazitako kanpainekin.