Hilketen susmagarriak bere burua entregatu du

uriola.eus 2022ko mai. 6a, 08:59

Iazko irailean eta urrian hainbat pertsona hil izana leporatuta Ertzaintza bilatzen ari zen pertsona komisaldegi batera joan zen atzo arratsaldean, Berria egunkariak jakinarazi duenez. Kasua sekretupean dago, eta bide ofizialetatik orain arte jakinarazi duten gauza bakarra da bi ikerketa daudela irekita.

Hasieran heriotza naturaltzat jo zituzten arren, garai bertsuan eta antzeko ezaugarriekin gertatutako heriotzetan zantzu susmagarriak ikusita, poliziak uste du erailketak izan zirela, gutxienez, lau kasutan. Erasotzailea gizonezko homosexual eta bisexualen arteko hitzorduetarako aplikazio baten bidez jartzen zen harremanetan biktimekin, eta menderatze droga bat harrarazten omen zien. Gerora, dirua ateratzen zuen biktimen bankuko txartelen bidez. Bada, aipatutako drogaren gaindosi bidez hil ei zituen gizonezkoak.

Elkarretaratzea hilaren 17an

Maiatzaren 17a Homofobiaren Aurkako Eguna da, eta E28 koordinadorak kontzentrazioa deitu du goian aipatutako gertakariak eta berriki izandako gainerako eraso LGTBfoboak salatzeko. Arriaga plazan egingo dute kontzentrazioa, 20:00etan.

Deialdiaren harira zabaldu duten komunikatuan, honako hau jaso du koordinadorak: "Indarkeria-bolada bat bizitzen ari gara, eta nahiz eta komunikabideek zilegitasuna eta garrantzia kentzen saiatu edo gertakari horiekin morboa elikatzen saiatu, gure bizitzak garrantzitsuak dira. Erakunde, alderdi politiko, komunikabide, elkarte eta sindikatu guztiak seinalatzen ditugu. “Zerbait egin dugulako” gure heriotzei garrantzia kentzen dietenen isiltasun konplizea salatzen dugu. Sistema polizial eta judizialek bigarren mailako subjektu gisa tratatzen gaituztela seinalatzen dugu, gure gorputzei jasaten ditugun gaitzen errua leporatuz, “herritar zintzoen” arreta merezi ez dugulakoan. Nola azaldu bestela erailketa jarrai hauek antzemateko ezintasuna, onartutako gaitasun ez baten erruz ez bada, egiturazko homofobia baten ondorio ez bada, heriotza batzuekiko arreta minimizatzen duena. Lehen gertatzen zen, eta oraindik gertatzen da".