Basketball Champions League-ko final four Bilbon da

uriola.eus 2022ko mai. 6a, 11:19

Gaur jokatuko dituzte final erdiak Hapoel U-NET Holon (ISR) eta Lenovo Tenerifek (CAN) 18:00etan eta Riesen Ludwigsburg (ALE) eta BAXI Manresak (CAT) 21:00etan. Final handia igandean izango da 20:00etan. Hiru egunetan zehar Fan Zone bat egongo da Areatzan ekintzaz beterik.

Bilbo prest dago Basketball Champions League-ko finalak hartzeko. Miribillak parquet-a aldatu eta Areatzako Fan Zone-ak 12:00etan irekiko ditu bere ateak zaleek esperientzia guztia bizi ahal izateko. Gaur arratsaldean, seietan lehen partida jokatuko da. Lenovo Tenerifek bere hirugarren finalera heltzen saiatuko da Israelgo Hapoel Holonen aurka. Bigarren partidan Manresak eta Ludwigsburg-ek Europako lehen finalera heltzen saiatuko dira. 

Dagoeneko 6.000 bonu saldu dira zale guztien artean eta giro aparta espero da hirian. Manresatik esaterako 2.000 zale espero dira. Talde katalanak giro handia izan du etxeko partidetan denboraldian zehar eta Bilbora eraman nahi dute indar hori. Kopuru handi hori lekua emateko Fan Zone komun bat prestatu dute areatzan ostiraletik igandera. 

Gaur 12:00etan irekiko da eta 17:00etan itxiko da lehen partida hasi baino ordu bat lehenago. Bihar partidarik ez dagoenez 09:00etatik 20:00etara egongo da irekita eta igandean 09:00etatik 17:00etara, hirugarren postua lortzeko partida hasiko den orduan. Igandean Bizkaia 3X3 Pil Pil txapelketa jokatuko da Fan Zone-an bertan; guztira 120 partida egongo dira asteburuan zehar. Horrez gain, hirukoen lehiaketa, abilidade zirkuituak, clinics eta saskibaloiko jokalari profesional eta mitoen presentzia egongo dira, besteak beste.

Bilbao Arena ere, behar bezala girotu nahi dute eta horregatik partiden bitartean bertoko eta nazioarteko artistak arituko dira txapelketa girotuko duen animazio-sistema osoaren zati gisa. Kontzertuekin batera lau partidetan argi eta soinu ikuskizuna egongo da kutsu harrigarria emateko txapelketari. Txapelketak dituen sei urteetan formatu hau erabiltzen den lehenengo aldia da eta egoitza neutrala erabiltzen den lehen aldia da, horregatik Bilbo arrastoa utzi nahi du. 

Israelgo taldeei gaitzezpena 

Israeli Boikot, Desinbertsio eta Zigorren kanpaina sustatzen ari diren eragileek elkarretaratzea deitu dute Bilbao Arenaren aurrean 17:30ean Hapoel Holon talde israeldarraren kontrako gaitzespena erakusteko. Eragileek salatu dute kirol taldeek arazorik gabe jokatzen dutela Europako txapelketetan, erregimen sionistak Palestinan zazpi hamarkadako okupazio militarra ezarri duen bitartean.

“Israeli zilegitasuna kentzeko kanpainari aurre egiteko, eta haren ondorio ekonomiko, politiko eta kulturalak gutxitzeko propagandaren ikur gorenetakoak dira kirol taldeak", kritikatu dute eragileek. Israel Palestinarren "Giza Eskubideak behin eta berriz zanpatzeko" politikei eusten dien bitartean Europako lehiaketetan parte ez hartzea eskatu dute eta Hapoel Holon taldea ongi etorria ez dela argi utzi dute. Horrekin batera Bilboko eta EAEko erakundeei dei egin diete "Israelgo errepresio-aparatuekin ez kolaboratzeko.