Lekukoa pasatu dio Korrikak Euskaraldiari

uriola.eus 2022ko mai. 9a, 12:45
Euskaraldi eta Korrikaren arduradunak Donostian egindako prentsaurrekoan (Argazkia: euskaltzaleen topagunea)

Korrika jendetsu eta gogoangarriak berreskuratutako euskararen olatua eta energia soziala Euskaraldiarekin mantentzea beharrezkoa dela azpimarratu dute bi ekimenetako koordinatzaileak. Tokian tokiko entitateen eta belarriprest eta ahobizien euskararen erabilera areagotzea izango du helburu Euskaraldiak.

Korrika amaitu zela hilabete baten bueltan Korrika eta Euskaraldiko arduradunak Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean hitzaren eta ekimenaren garrantzia azpimarratzeko. Bi ekitaldiak batera ospatuko diren 2022 honetan hitzaren eta ekintzaren urtea izango zela adierazi zuten eta horrela izaten jarraitzeko lan egiten ari dira ekimen biak.

Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak eta Alizia Iribarren AEKko koordinatzaileak "euskaltzaleak kalera ateratzeak, euskararen aldeko ekimen jendetsuek eta euskararen ezagutza zein erabilera areagotzeko urrats sendoek berebiziko garrantzia" dutela nabarmendu dute. Azaldu duten moduan pandemiak argi utzi duelako praktika linguistikoak aldatu behar direla eta erakundeek haien aurrera pausua eman behar dutela.

Aurtengo Korrikaren garrantzia azpimarratu du AEKko koordinatzaileak, euskararen "olatua" errepidera ateratzea eta Euskal Herriko agenda politiko eta komunikatiboan sartzea lortu delako: "jendarteak erakutsi duen “herri gogoa” zinez indartsua izan da eta gure ustez oso garrantzitsua da Korrikak bistaratu duen energia sozial hori Euskaraldian ere egotea”.

Martxo eta apirilean Korrikak izandako indarra Euskaraldian mantentzeko helburua aurkeztu dute; Korrikaren 22. edizioa aurten antolatuko diren gainerako ekimenetarako mugarri izango dela azaldu du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak. Euskararentzako "gune erosoak" zabaltzen jarraitu nahi du Euskaraldiak eta horretarako era guztietako entitateei euskarazko praktika linguistikoak bultzatzeko neurri zehatzak hartzea eskatuko zaie. Herrietako batzordeak proposamenak lantzen ari dira hura lortzeko.

Ekimen hauen antolaketan herritarrek duten garrantzia azpimarratu du Maddi Juanikorena Donostiako Euskaraldia batzordeko koordinatzaileak eta "aurten berriro herri ekimenak martxan egotea eta batzordeak indartsu aritzea garrantzitsua" izango dela azpimarratu du Juanikorenak.

Prestatzen hasi da Euskaraldia

Otsailean Euskaraldia aurkeztu zuten Itsasmuseum-ean eta Goiatz Urkijok azaldu duen moduan ekimenaren batzordeak martxan jartzen hasiak dira. Herriz herri aurtengo ariketa sozialaren aurkezpenak egiten ari direla gaineratu du. Maiatzaren 18an, entitateek parte hartzea berresteko eta izena emateko epea irekiko da. Irailaren 29an belarriprest eta ahobiziek parte hartzea berresteko eta izena emateko epea irekiko da eta azaroaren 18tik, abenduaren 2ra Euskaraldia izango da.