Jarduera-egitarau berezia Museoen Nazioarteko Egunaren harira

uriola.eus 2022ko mai. 10a, 10:35

Bilbao Bizkaia Museoak erakundeak hiru ekimen aurkeztuko ditu Euskal Museoaren eta Bilboko Berreginen Museoaren eskutik, Museoen Nazioarteko Egunaren harira. Iraunkortasuna, berrikuntza eta komunitatea izango dira ildo nagusiak.

Bere boterea erakutsiko dute museoek aurtengo Nazioarteko Egunean. Maiatzaren 18a izango da egun aipatua eta horren harira Bilbao Bizkaia Museoak erakundeak, museoek gure mundua aldatzeko duten ahalmena ospatzeko hiru ekimen antolatu ditu. Bat Euskal Museoa antolatutakoa eta beste biak Bilboko Berreginen Museoak antolatutakoa; museoek berritzeko eta eraldatzeko ahalmena erakusteko.

Iraunkortasuna "izaera sozialeko ekonomiaren sostengu gisa ulertua", berrikuntza eta hezkuntzaren bidez komunitatea eraikitzea izango dira erakusketen hiru ildoak. Lehenengo biak etorkizunari begira aurkeztuko dira; hirugarrenak aldiz, iragana eta etorkizuna nahasiko ditu eta hezkuntzak komunitatea eta kultura sortzeko duen gaitasuna erakutsiko du. Jarduera guztiak publikoarentzako irekiak eta doakoak izango dira.

Euskal Museoaren etorkizuna

Erakusketa ibiltari bat izango da lehen proposamena: "Euskal kulturaren nazioarteko atea". Jakina denez Euskal Museoa itxita dago gaur egun eraberritze lanak egiteko. Proiektu berriaren aurkezpena egin zuten apirilaren amaieran eta ziklo honetan etorkizunean eraberritzearen ostean nolakoa izango den erakutsiko du Bizkaiko hainbat herrietako espazio irekietan, hala nola Plentzia, Bakio eta Mundakan. Arriaga Antzokiko zabalgunea izango da lehen geltokia eta maiatzaren 12tik ekainaren 9ra bertan egongo da erakusgai.

20 panel egongo dira ikusgai arkitekturaren ikuspegitik nahiz museografiari dagokionez izango den espazio berritzailea erakusteko. Zirkuitu laburreko ekonomia, gizarte partaidetza eta hezkuntzaren eta sormenaren eraldaketa sustatzearen aldeko espazioa izango da Euskal Museoa bere ateak irekitzen dituenean, 2024an. 

Lorenzo Ascasibar protagonista izango duen hitzaldia

Bigarren proposamenean Berreginen Museoak, iraganera begira jarriko da baina etorkizuna ahaztu gabe. "Artelana bere testuinguruan" hitzaldi-zikloaren barruan, ekimen berezia antolatu du museoak eta ikasturte amaierako azken hitzaldia emango dute maiatzaren 19an 18:00etan. Mirasol Kondearen kaleko 2. zenbakiko eraikinean izango da; bertan marrazketa ikastaroak ematen dira, hitzaldiaren ardatz izango direnak hain zuzen ere. 

Lorenzo Ascasibar eskultorea izango da protagonista. Elguetako artistak, gaur egun oraindik irakasteko erabiltzen diren estatuekin ikasi zuen eta bere obretako bat Berreginen Museoko bildumaren parte da. Gainera museoa sortu zuen Manuel Ramírez Escudero agertzen da obra horretan. Honetan parte hartzeko izena eman beharko da aldez aurretik Museoaren webgunean.

Gida digital irakurterraza

Azkenengoa Museoen Nazioarteko Egunaren harira egindako proposamen propioa da. Kontzientziazioaren, inklusioaren eta integrazioaren aldeko ekintza sozial eta hezigarria izango da. Down Sindromearen Fundazioarekin elkarlanean Berreginen Museoaren bilduma iraunkorra bisitatzeko gida digital bat sortu dute.

2021ean hasi zen elkarlana Museoarekin, beheko solairuko kartelen idazketarekin. Izan zuen arrakasta eta suposatu zuen ikaskuntza eta partaidetzaren ondorioz, Entzun Gure Nahia autokudeatzaileen taldeak proiektu berri hau aurkeztea erabaki du. Irakurketa errazeko gida, Berreginen museoaren webgunean deskargatu daiteke.