Asteburuan bizikleta ateratzeko aitzakia aproposa

uriola.eus 2022ko mai. 15a, 11:00

Areatza txirrindularien bilgune izango da hilaren 22an, garraiobide hori sustatzeko udalak martxan jarri duen jardunaldi bereziaren lehen egunean. Domeketan bizikletaz ekimenaren baitan, bizikleta erabilien azoka, ginkanak eta erakusketak egingo dituzte, besteak beste.

Maiatzaren 22an, ekainaren 5ean eta ekainaren 26an egingo dituzte mugikortasun jasangarria bultzatzea helburu duten ekintzak. “Areatzan, domeketan, familia osoarentzako jolas- eta jai-jardunaldi horiek antolatzea aukera bat da, batez ere haurrak urian mugitzeko beste modu batera, alegia, modu jasangarri eta osasungarri batera, ohitu daitezen”; hala azaldu du Nora Abete zinegotziak.

Bestalde, Euskadi Fundazioko Andoni Madariagak gogorarazi du txirrindularitza biziki maite duen talde zoragarri bati esker jaio zela Fundazioa, helburu zuena kirola ez ezik, bizitzeko estilo bat sustatzea Euskal Herrian. “Txirrindularitzako talde profesionalak izatea alferrekoa da gero adingabeei arretarik jartzen ez badiegu; txirrindularitzak eta bizikletak ezinbesteko balioak transmititzen dituzte edozein gazteren garapenean”.

Bigarren eskuko azoka

Bizikletak prezio merkean eskuratzeko aukera ere egongo da goian aipatutako egunetan, goizez. Nahi duenak salgai jar dezake jada erabiltzen ez duen bizikleta, gehienez ere 500 euroko prezioan. Hori bai, saldu nahi diren horiei aurrez alta eman behar zaie nahitaez, formulario honen bidez: ///ESTEKA///. Gehienez ere bi bizikleta eraman ahal izango ditu pertsona bakoitzak.

Azoka amaitutakoan, jabe izandakoari hitzartutakoa ordainduko diote, eta teknikari batzuk egongo dira bizikletak jabe berrien neurrietara egokitzeko. Gainera, bizikleta saltzea lortzen ez duten pertsonek Bizieskolari eman ahal izango diote. Bizikleta garraiobide gisa erabiltzea sustatzeaz gain, migratzaileen garapen pertsonala eta lan-garapena eta haien erregularizazioa eta gizarteratzea ere sustatzen ditu. /// ESTEKA///

Bi gurpilen gaineko abilezia

6 eta 14 urte bitartekoentzako trebetasun probak ere antolatuko dituzte. Aurrez erreserbatu behar da tokia, Euskadiko Txirrindularitza Fundazioaren webgunearen bidez.

Parte hartzaileek, halaber, aukera izango dute familiarekin eta lagunekin bizikletaz Ginkana bat egiteko; horretarako, bi talde egingo dira, eta talde bakoitzak bost kide izango ditu, gehienez ere. Dena den, ez da eragozpena izango norbaitek talderik ez izatea. Aukera izango du izena emateko eta antolatzaileek sartuko dute talde batean edo bestean. Jarduera horrek 3 ordu inguru iraungo du, eta atal hauek izango ditu: Bilbori buruzko galderak, bitxikerien azalpena eta argazki-rallye bat, bizikleta erabiliz osatu beharrekoa. Kasu honetan ere erreserba egin beharko da.