Artxanda Aktibatzeko Planari dagokionez, Ekologistak Martxanek salatzen du, besteak beste zabortegi berri bat egitenko asmoa eta ingurumen eremua babesteko neurririk eza.
Artxanda Aktibatzeko Plana Bilboko Udalak osatu du, Sondikako Udalarekin lurzatiren bat edo beste trukatuta, eta hiru lurzatitan jarduketa partziala egitea dakar. Horrez gain, sarbideetan hobekuntzak egingo dira Enekuri-Egirleta errepidean, bidegorria eta oinezkoentzako bidea egingo baitira, sei kilometrokoak. Bestalde, proiektatu dituzte Memoriaren Parkea, Burdin Hesiaren dibulgazioa, begiratokiak, umeentzako jolastokiak, eta abar. Diru publikoarekin erosi da Nogaro eraikina, 1,7 miloi euroren truke. Gaur egun hondatuta dago, eta berraktibazio ekonomikora bideratu nahi dute, kudeaketa publiko-pribatua izango duen proiektu baten baitan.
Barne hartzen ditu Artxandako narriadura egoera hobetzeko zenbait neurri, bizilagunen eskariei esker lortu direnak. Hala ere, “baina” garrantzitsu bat dauka: ez da Plan Berezia. Hau da, ez da legez jendaurrean erakutsi eta helburu zein araudiak bete behar izatea dakarren plana. Ez du ahalbidetzen ekarpen eta alegaziorik. Ez du herritarren parte-hartzea ahalbidetzen. Ez du Ingurumen Eraginari buruzko Txostenik eskatzen. Ez dakar Artxandako inguru guztia deskontaminatzeko betebeharra.
Planak epe oso luzera kondenatzen du Artxandan parke metropolitar bat egiteko aukera
Betebehar hori, aldiz, badago jasota Artxanda ingururako Bilbo Metropolitarreko Lurralde Plan Partzialeko plan berezian, orain berrikusten ari diren horretan.
Hau da, AAP guztiz mugatua da. Deskontaminazio sakon eta beharrezkoa atzeratu eta izozteko diseinatuta dago, eta epe oso luzera kondenatzen du Artxandan parke metropolitar bat egiteko aukera.
Auzo Elkarteen Federazioak eta beste elkarte batzuek ere bat egin dute aktibazio planari egindako kritikekin. Herritarren partaidetza faltan somatu duzue?
Aipatu bezala, AAP udalak egin du, Artxandako auzokideek egindako zenbait eskaera jasota, baina hortik harago ez da partaidetza gehiagorik egon.
Gaur egun zenbat zabortegi daude Artxanda inguruan eta zer nolako ondorioak dauzkate kutsadurari dagokionez?
Gure datuen arabera, 14 zabortegi daude, horietako lau lindanoz kutsatuta. Ez da kontu berria, lindano eta pestizida kutsaduraren berri baitaukagu 80ko hamarkadaren amaieraz geroztik. Erakundeek haiek egindako txosten eta azterlanek (Eusko Jaurlaritza, Ihobe, Geyser-Tecnalia…) hala jasotzen dute, eta elementu horiek lurzorua zein Zubiarko eta Sangroniz errekastoak kutsatzen ari dira. Ur horiek Asua ibaira isurtzen dira gero. Zabortegien arazo nagusia, alderdi estetikoaz gain, ingurumenari eragindako kaltea da, baita suteak edo luiziak gertatzeko arriskua ere (baldin eta itxiera ez bada behar bezala lantzen, Zaldibarren gertatu zen bezala).
14 zabortegi?
Datu hori Barakaldoko Ekologistak Martxanek egindako lanetik dator nagusiki, haiek jorratzen baitute lindanozko zabortegien gaia. Artxandako eremua oso handia da. Batzuk inerteak izango dira, besteren bat itxita egongo da… eta badira lindanoz kutsatutako lau. Bilboko Udalarena zenari buruzko salaketa jarri genuen 2019ko maiatzean hainbat erakundetan. Hainbat txosten egin dira, deskontaminatu beharra dagoela eta ingurugiroa dezente kaltetzen ari dela diotenak, baina orain arte ez da horretarako inolako jarduketarik egin.
Zein informazio daukazue eraiki nahi duten zabortegi berriari buruz?
Orain arte dakiguna da Bidezain SL enpresak Bilboko Udalean eta Eusko Jaurlaritzan kontsulta bat izapidetu duela, Hondakin Ez Arriskutsuen 190 itementzako 540.000 m2-ko zabortegi bat instalatzeari buruzkoa. 150.000 m2 Bilboko Udal Hondakinen zabortegi zaharraren lursailean kokatuko lirateke, Artxandakoan, zeina lindanoz kutsatuta dagoen. Lurzoru kutsatuei buruzko 2/2015 Legearen araudiaren arabera, lur horietan negozio berri bat jarri aurretik Lurraren Kalitatearen Txosten bat izan behar da eta, hala badagokio, kutsatutako lurzorua deskontaminatu eta berroneratu. Bidezain SL txosten hori egiten ari da une honetan, horretarako akreditatutako enpresaren bidez, Lurgiro izenekoa. Esan behar dugu berroneratzea eta deskontaminazioa egitea Bilboko Udalari dagokiola, kutsadura horren arduraduna eta eragilea delako. Hala ere, Bidezain SL enpresak bere burua eskaini du txosten hori egiteko eta doan eta borondatez deskontaminatzeko. Aldi berean, Bidezain SL-ren jabeek beste enpresa bat sortu dute (2021eko ekainean), Berriz Recycling SL izenekoa, Artxandako zabortegi zaharreko ingurumen-pasiboaz arduratzeko eta “Hondakinak tratatu eta biltegiratzeko zentroa” jartzeko bertan.
Haiek diote ez direla zabortegi berrirako obrak egiten ari, baina argitasun eta gardentasun faltak pentsarazten digu hain zuzen ere horretan dihardutela
Haiek diote ez direla zabortegi berrirako obrak egiten ari, baina argitasun eta gardentasun faltak pentsarazten digu hain zuzen ere horretan dihardutela, oraindik lizentziarik izan ez arren eta lurzoruaren kalitatearen txostena amaitzeke izan arren. Guk ez dakizkigun gauza asko daude tartean, eta ez digute informaziorik ematen.
Aipatu duzun “Hondakinak tratatu eta biltegiratzeko zentroa” zer izango litzateke, zehazki?
Horixe da ez dakiguna. Izapide guztiak hasi dituena Bidezain izan da, baina Berriz Reciclyng SL enpresa berria da inguruan kartelak jartzen ari dena. Iaz sortu zen, lehenengoaren presidente berberarekin eta milioi bat euroko kapital sozialarekin, eta xedetzat dauka Bilboko hiri hondakinen zabortegi zaharra zegoen lurzatiko ingurumen-pasiboaz arduratzea, hau da, deskontaminazioaz. Edo arduratzen dela, lehenik eta behin, lurzoruaren kalitateari buruzko txosten bat egiteaz, baina Bidezain badabil dagoeneko hori egiten beste alde batetik. Berriz Reciclyngen helburua da gerora bertan hondakinen birziklapen eta biltegiratze zentro bat instalatzea. Baina non jarriko du, Bidezain deskontaminatzen ari den zabortegi zaharrean? Zer nolako hondakinetarako izango da? Izan ere, 540.000 m2-ko eremuan zabortegi berri bat jartzeko kontsulta egin duena ez da Berriz Reciclyng, baizik eta Bidezain.
Zalantza horiek ditugu, eta horregatik eskatu ditugu elkarrizketak politikariekin. Lehenik eta behin, Ingurumen Jasangarritasun Saileko zuzendariari eskatu genion, Javier Agurre Orcajori. Ukatu egin zigun, argudiatuz bageneukala informazio nahikoa. Hortaz, parlamentuko taldeei eskatu dizkiegu, baina gauza gutxi argitu dizkigute momentuz.
Esan duzunez, oraingoz jasota dagoen kontsulta hori Hondakin Ez Arriskutsuen 190 itementzako litzateke. Zer nolako hondakinak lirateke?
Zaldibarko zabortegiak zituenak bezalakoak. Hau da, paper-fabriketako eta araztegietako lohiak, hondakin industrialak (amiantoa barne), aluminazko lohi gorriak, plastikoak, eta abar.
Hondakinak kudeatzeko politikak murrizketa eta hondakinak minimizatzea lehenetsi behar ditu
Zaldibarrera eraman ohi ziren hondakin horientzako berariaz sortutako zabortegia litzateke?
Ez, EAEn zabortegi gehiago izateko beharra lehenagotik zeukaten. Hain zuzen, Artxandarako kontsultak 2018an hasi ziren. Zaldibarren gertatuak, hori bai, are handiago bihurtzen du beharrizana. Zehatzago esanda, ingurumenaren aldetik jasangarria den hondakinen kudeaketa izateko beharra da areagotzen dena. Zero zaborreranzko joera izan behar dugu. Horretarako, hondakinak kudeatzeko politikak murrizketa eta hondakinak minimizatzea lehenetsi behar ditu. Eta ekoizten den guztia birziklatu eta berrerabiltzeko modukoa izatea. Hartara, urte batzuk barru ez dugu zabortegi gehiagoren beharraz hitz egingo.
Ekologistak Martxanen aldarrikapen nagusietako bat da egiturazko aldaketa baten beharra.
Bai, eta duela urte asko jarri behar izan zen martxan, egunez egun premia areagotu egiten baita. Ezin dugu adabakiak jartzen eta zaborra pilatzen jarraitu gaur-gaurkoz merkeagoa delako zabortegira eramatea birziklatzea baino.