Bigarren edizioa ospatuko du Orbea Klasika Bilbao Bizkaiak igandean. San Mameseko zelaigunetik abiatuko da 08:00etan eta 138km-tan zehar Bizkaiko leku enblematikoak zeharkatuko ditu; Itzuliak, Espainiako bueltak edo 2023an Frantziako Tourra igaroko den lekuetatik. 3000metroko desnibela izango du mendate guztien artean. Lehia baino gehiago parte hartzea sustatu nahi izan dute antolatzaileek. Hala ere, ibilbidean zehar, lehiakorrenentzat hiru kronoigoera egongo dira jokoan: Bizkaiko Balkoian Foru Aldundiko saria, Nabarnizeko portuan Zurich saria eta Viveron Bilboko udaletxeko saria.
Bigarren edizio ezberdina izango da Juan Carlos Nájera, Orbeako Ekitaldien zuzendariak azaldu duen moduan. Larunbatean publiko guztientzako jaialdia ospatuko da San Mameseko inguruetan. "Txirrindularitza sustatu nahi dugu zaleen artean", azaldu du Nájerak. Txirringa eskolak, ginkanak, maila guztientzako tailerrak bizikletan ibiltzen ikasteko egongo dira.
Bestalde Bilbo bizikletaren bidez ezagutzeko tour-ak egongo dira. Gainera arratsaldez hitzaldiak egongo dira; Chema Arguedas kirol prestatzaile eta nutrizionistarekin eta beste bat hainbat txirrindularirekin. Bertan Iker Camaño egongo da, aurtengo edizioko enbaxadorea.
Ibilbide zaila ingurune ezin hobean
Ibilbide "exijentea" eta edonoren esku egongo ez dena izango dela azaldu du Itxaso Arroteta, Bilboko Udalaren Gazteria eta Kirola Sailaren Zinegotziak. Bilbo gero eta hiri txirrindulari eta kirolariagoa dela goraipatu du zinegotziak: "Proba hau aukera bat da. Berriz ere kokatzen gaitu kalitatezko kirol proba baten eszenatoki gisa". Bestalde Euskal Herriko zalegoa berezia dela azaldu du Arrotetak: "Txirrindularitza maite dute, mundu osoan errespetagarria den zalegoa daukagu".
Carlos Sergio Atxotegi, Bizkaiko Foru Aldundiko kirol aholkulariak "sufritutako" garaipena dela onartu du. Pandemiaren ostean jendea kirola egiteko gogoekin jarraitzen duela adierazi du. "Gure gizartean bizi-kalitatea kirolari lotuta dago", aipatu du Atxotegik. Horregatik eskertu du instituzioek behar berrietara egokitzea eta eskaerei erantzutea.
Itxaso Arrotetak esandakoarekin bat eginik lasterketa ospatzeko "ingurune ezin hobea" dela azaldu du Foru Aldundiko kirol aholkulariak. Amaitzeko Bizkaiko hainbat udalei eskerrak eman dizkie igandean egingo emango duten laguntzatik lasterketa haien herrietatik igarotzen denean arazorik ez egoteko.
Emakumeen partaidetza sustatu nahian
Aniztasuna, inklusioa, bizikidetza eta berdintasuna bultzatzea bilatuko dute probarekin eta horregatik emakumeak gehiago parte hartzera bultzatu dituzte aurtengo edizioan. Horien artean Virginia Cancellieri, Orbea Factory Team-eko korrikalari italiarra egongo da. Euskal talde baten korrikalari den heinean berarentzako "etxean korrika egitea" dela azaldu du eta proba honetan parte hartzea "plazera" dela azaldu du.