'Premier' diskotekak eta autopistak Deustuko Erriberako eta Errekaldeko auzotarren haserreak eragin dituzte

uriola.eus 2022ko mai. 20a, 11:55

Deustuko Erriberako auzotarrak irlako diskotekaren itxiera eta lizentzia kentzea eskatzeko kontzentratu dira. Bestalde Errekaldeko auzotarrak auzoko autopista behingoz ken dezaten eskatzeko manifestatu dira. 

Zorrotzaurre eta Deustuko Erriberako auzotarrak Gehry Zubian kontzentratu dira irlako diskoteka berriz zabaltzeak eragiten dituen kalteak salatzeko, diskoteka ixteko eskatzeko, eta pabiloiari erabilera horretarako lizentzia kentzea eskatzeko. Apirilean ireki zituen ateak berriz diskotekak Premier izenarekin eta lehen astetik sortutako arazoak salatu dituzte auzotarrak eta diskoteka irekita egon den 25 urteetan jasandakoa berriro ez dutela onartuko azpimarratu dute.

Errua ez diote bota zuzenean gaueko auziari. Hiriaren antolaketa arazo bat dela kritikatu dute irakurritako manifestuan: "Udalak lizentzia bat ematen badio 960 pertsonako edukiera duen diskoteka bati 378 biztanle dituen eta datozen bezero pilarentzako sarbide bakarra duen auzo batean, ez da hirigintza eta soziologia ikasi behar biztanleentzako ondorio kaltegarriak aurreikusteko".

Lehenengo asteburuan kaleak zikinkeriaz beteta, autoak matxuratuta edo BilbaoBizi zerbitzuko bizikletak errekan botata agertu ziren. "Istorio guztiz ezaguna" auzotarrentzat. Hala ere, diskotekak auzoa duen "arazo guztien artean beste bat" dela salatu dute: "Era berean, Bilboko Udalak orkestratutako arrazoi guztiengatik kontzentratzen gara; izan ere, isolatzen, gure memoria, ondarea, etxebizitzak eta ingurune soziala suntsitzen eta gure auzotik kanporatzen hasi ziren duela hamarkada batzuk".

Bilboko udalak aurrera eramaten ari den Zorrotzaurreko Masterplana "ez da auzo bat bertako biztanleentzat hobetzea, baizik eta auzo osoaren balioa handitzea, irabazi ekonomikoari lotuta", bizikideak azaldu dutenaren arabera. Janaria erosteko lekuak, urrunegi ez dagoen osasun zentro bat, ikastolaren bat, eta okindegi, liburutegi edo kiroldegiren bat dira behar dituzten gauzak: "Erriberan hala ematen ez badu ere, «Marketin berritzaileak» baino zerbait gehiago behar dugu".

Diskoteka irekita jarraitzen duen bitartean borrokatzen jarraituko dute Deustuko Erriberako auzokideak: "Ostiralero ez ditugu gure autoak berriro ezkutatuko, ez ditugu kalteak berriro ordainduko nahiz eta diru publikoak hiriko kalteak ordaintzen jarraitu, eta ez ditugu gauak lo egin barik igaroko ertzaintza gehiagori deitzeko eta inora ez doazen salaketak jartzeko". 

Errekaldeko autopista botatzearen atzerapena

Errekalden ere kontzentrazioa egin zuten atzo auzoko zubibidea botatzea eskatzeko. 500 pertsona manifestatu ziren auzoan zehar eta Autopista Kanpora plataformak irakurritako manifestuan Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera salatu zuten: "47 urte igaro dira autobidea inauguratu zenetik, eta oraindik ere lotsarik gabe esan digute itxaron egin beharko dugula, lehenago beste konpromiso batzuk dituztelako".

Bestalde, plataformak diru bilketarako urte-errekorrak izaten ari direla azaldu dute, baina Aldunditik autopista botatzeko dirua ez dutela esan diete. Plataformak auzoko herritarrengan pentsatzea eskatu du: "Agindutakoa betetzeko eta pertsonen bizi-kalitatea lehenesteko ordua da, beste interes batzuen gainetik. Bada garaia Errekalden inbertitzeko eta duela 50 urte ireki zuten zauria ixteko. Zor digute". Protestekin jarraitzeko, maiatzaren 26an, udaletxeko eskaileretan kontzentratuko dira Administrazioei exijitzeko Errekaldeko autobidea behingoz ken dezatela.