Hiru hautagai izango dituzte Athletic-en hauteskundeak

Pablo Martínez Canibe 2022ko mai. 24a, 13:07
Ibaiganeko jauregia (Argazkia: Athletic Club)

Jon Uriarte izan da haren hautagaitza aurkeztu duen azkena. Rikardo Barkala izan lehena eta Iñaki Aretxabaletak jarraitu zion. Ekainaren 24an bazkideek Aitor Elizegiren ondorengoa erabakiko dute. Marcelinok alde egin ondoren, entrenatzailea izango da hauteskundeen gakoetako bat.

Uda mugitua izango da Ibaiganen ezinbestean. Denboraldi zalantzati baten ostean azken asteetan Athletic-en inguruko albisteak hauteskundeetan fokuratu dira taldearen ibilbidean baino. Apurka-apurka izen ezberdinak ateratzen joan ziren eta hilabete baten faltan hiru hautagai egongo dira. Hau gertatzen den bosgarren aldia. Ricardo Barkala izan zen aurkeztu zen lehena. Bilboko portuaren presidenteak akordio batera heltzeko asmoa izan zuen hasieratik taldeko lehendakaria izateko baina bi aurkari izango ditu Ibaiganeko bidean.

Proposamen eta ideia anitz atera dira aste hauetan hautagaien ahoetatik baina dudarik gakoetako bat entrenatzailearena izango da. Marcelinok, bera azaldu duen moduan ez du hautagaien konfiantza osoa sentitu eta taldea uztea erabaki du. Horren ondorioz, boto-emaileen konfiantza irabazteko puntu garrantzitsu bat izango da. 

Entrenatzailea, erabakigarri

Barkala izan da entrenatzaile proposamen gehien ekarri dituena bere aurkezpenean. "Maila handiko sei edo zazpi entrenatzailerekin hitz egin dugu", adierazi zuen Carlton hotelean egindako aurkezpenean. Hala ere ez zuen horietako inoren izena aipatu. Iñaki Arechabaleta bigarren hautagaia eta Vocento taldeko Kontseilari Delegatuaren albokoa dena,  erabakiagoa zuen entrenatzailea bere aurkezpenean ikusarazi zuen moduan: "Argi daukagu zein entrenatzaile mota behar duen Athletic-ek. Joko-estilo intentsoa, oldarkortsua eta zuzena behar du taldeak eta horretarako entrenatzaile gutxi daude; ez diogu buelta gehiegirik eman". Entrenatzailea eta kirol zuzendaria ekainaren 10 eta 15aren artean emango ditu ezagutzera deustuarrak.

Bere postua mantenduko duena, Iraia Iturregi da Arechabaleta lehendakari izanez gero. Jokalariak erakartzeko nesken taldean inbertsioa egingo dutela aipatu du. Hala ere, nesken taldeak ez du garrantzi handirik hartu hautagaien diskurtsoetan. Jon Uriarte, aurkezten azkena, atzo eman zuen bere hautagaitzaren berri denboraldia amaitu arte amaitu nahi zuelako, oraindik ez ditu aurkeztu bere hauteskunde-programaren nondik norakoak.

Lezamaz ezin ahaztu

Lezama izan da beste gaietako bat. Athleticen harrobi beti dago jomugan hauteskunde guztietan eta garrantzi handia hartu du Arechabaletaren hitzetan aurkezpenean adierazi zuen moduan: "Ezin da onartu Celta, Betis, Valentzia eta Villarreal bezalako taldeak metodologian eta giza baliabideetan gu gainditzea". Hori saihesteko Red Bull enpresaren taldeen eta Ajax edo Benfica taldeek egiten duten lanak aztertu dituela onartu du. Esperientziadun eta denboraldi bakoitzaren amaieran egindako lana gardentasunez ebaluatuko duten profesionalak kontratatuko dituela aipatu du. 

Horrez gain fitxaketak egitea espero du. 63 urteko deustuarrak azaldu duen moduan hornidura-funtsaren arabera, taldeak dirua dauka. Hala ere azpimarratu du taldea epe ertainean "iraunkorra" izan behar duela.

Ricardo Barkalak ere Lezamaren garrantzia aipatu zuen: "Gure lehiakortasun-abantaila nagusia izango da beti. Zerbaitek balioa ematen badigu, gure harrobia da ". Athletic edozein jokalari euskaldunaren helmuga izatea nahi du Arechabaletak. Era berean talentua mantentzea garrantzitsua izango dela azpimarratu du. 

Hautagaien loturak

Haien oraingo karguei begira Barkalak hasieran iragarri zuen Bilboko portuko kargua utziko zuela irabaziz gero baina azkenik ideia hori baztertu du: "Printzipioz, ez da bateraezina. 26an Portu Agintaritzako buru izaten jarraituko dut. Egiaztatzen badugu ezinezkoa dela bi lehendakaritzei eustea, modu ordenatuan utziko ditut nire eginkizunak portuan".

Guztiz ezberdina izango da Arechabaletaren intentzioa taldean ehuneko ehunean kontzentratuta egon nahi duelako. Vocento taldean lan egiten du baina azaldu du taldeak ez duela "inolako interesik Athletic-en" eta Ibaiganera heltzen bada lan hori utziko du. Barkalak PNV-rekin duen loturagatik galdetu diotenean azaldu du haren hautagaitza "interes pertsonal, politiko eta ideologikoetatik at" egongo dela erantzun du. 

Haien hautagaitza onartua izateko bozkatu dezaketen bazkideen %5ren sinadura jaso beharko dute ekainaren 4aren aurretik. Hau da, 2.000 boto. Barkala Mónica Durango eta Carlos del Campo zuzendari ohiekin joango da boto horien bila. Marta Areizaga, Mario Fernández Elejalde eta Iñaki Goirizelaia, EHU-ko errektore ohia izango dira Barkalaren laguntzaile.

Azken orduko hautagaia

Presa handiagoa izan beharko du Jon Uriarte. Izan ere, aste bat beranduagoa aurkeztu du bere hautagaitza eta denbora gutxiago izango du 2.000 sinadura horiek lortzeko. Hala ere, bere taldearekin batera hura lortzeko esperantza dauka. 43 urteko enpresaria hautagai gazteena izango da. Bere taldea 40 eta 50 urte arteko enpresaroz osatuta egongo da eta sektore anitzetakoak badira ere, harreman handia daukate berrikuntzaren munduarekin. Faktore hori, gazteen botoa eskuratzeko baliagarri balio lezake. Hurrengo egunetan zehar bere ideien nondik norakoak aurkezten joango da Uriarte.