IKER SASTRE

“Elbarritasun bat izan edo ez, guztiok irabazteko aukera ematen duen kirola da mahai-tenisa”

Pablo Martínez Canibe 2022ko mai. 26a, 13:03

23 urte zituela surf egiten izandako istripu batek bizitza aldatu zion Iker Sastreri. Gurpil-aulkian bizi da momentu horretatik baina bere kirolari senak bide berriak bilatzera bultzatu zuten. Mahai-tenisean jokatzeko gonbidapen bat jaso zuen eta lehen egunetik erakarri zion kirolak. Zortzi urte darama maila gorenean. Estatu mailan hamabi txapelketa irabazi ditu eta hiru brontze Europako txapelketetan besteak beste. Aurreko urtean Tokioko joko paralinpikoetan egon zen. Gainera, Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileak (Fekoor) duen mahai-teniseko taldearen entrenatzailea da.

Gurpil-aulkian utzi zintuen surf istripu bat izan zenuen. Nola aldatzen dizu horrek bizitza?

Asko aldatzen da bizitza. Mundua apur bat aldatzen da. Gauza ezberdinak egin behar dituzu; ikasketa ezberdinak egin edo beste kirol bat egin. Nahiko gogorra izan zen. Baina nahiko ondo eraman nuen guztia. Ez baduzu asko pentsatzen, lanarekin, familia eta lagun onekin laguntzarekin gauzak pixkanaka pixkanaka aurrera doaz. Beti izan naiz kirolaria eta beti egin ditut gauza asko eta diziplina berria bilatu nuen; helburu eta hobbye politak aurkitu nituen eta familia bertan egon da beti. Bizitza aldatu zitzaidan baina ez da izan txarrerako.

Horren ostean, nola amaitu zenuen mahai-tenisean jokatzen?

Guztiok jokatzen dugu noizbehinka baina parkean lagunekin izaten da. Nire ustez mugimendu nahiko polita dago mahai tenisaren atzean. Baina ez da ezagutzen norbaitek ez badizu erakusten. Ez da oso ezaguna. Askotan etxe ondoan edo herriko kiroldegian dagoen klub baten bidez ezagutzen du. Nire kasuan kasualitatez izan zen. Elbarritasun fisikoa duten pertsonen Fekoor elkarteak eskola bat sortu zuten eta nik frogatu nuen. Zailtasunagatik batez ere lehen egunetik erakarri ninduen. Teknikoki oso zaila da. Gaur egun kluba nik daramat eta nik antolatzen dut, San Inazion. Gauza politak besterik ez zaizkit gertatu kirol honetan txapelketa aldetik bidaiatzen eta umeei kirola erakusten.

Istripua izan zenuenean uretatik zuk bakarrik ateratzea lortu zenuen eta horren ostean mahai teniseko profesionala izatera heldu zara. Amore emate ez da egongo zure hiztegian.

Istripua izaterakoan bizitza bertan amaitu zitzaidala pentsatu nuen baina ez nuen amore eman eta argi izan nuen era batean edo bestean bertatik atera behar nintzela eta uretatik irten nintzen. Ez zen erraza izan. Beharbada kirolari esker eta nire gurasoek ere irakatsi didatenagatik nire buruan ez da inoiz egon amore ematearen ideia eta gaur egun filosofia horrekin jarraitzen dut.

                                                                     

Fisioterapia ikasketak dituzu. Lagungarria izan da zure lesiorako?

Istripua izaterakoan, momentuan bertan jakin nuen zer gertatu zitzaidan eta erabakigarria izan zen. Eta orain ere oso garrantzitsua da nire egunerokoan. Nahiz eta 44 urte izan kirola egiten dut jarraitzen dut eta badakit zer den elbarritasun bat, lesio bat... Osasuna asko begiratzen dut. Ondo jaten dut, ondo jesartzen naiz aulkian eta lesioak beti ditut kontuan.

“Nire buruan ez da inoiz egon amore ematearen ideia eta gaur egun filosofia horrekin jarraitzen dut”

Nola prestatzen da mahai teniseko denboraldi bat?

Lau urteko zikloak ditugu: Europako txapelketa, Munduko txapelketa, Europako txapelketa berriz eta Paralinpiar jokoak. Txapelketa nagusi bat daukagu urtero eta lau edo bost txapelketa jokatzen ditut urtero sailkapena lortzeko. Aurten munduko txapelketa jokatuko da. Momentuz, Parisen eta Eslovenian jokatu dut; orain Montenegron jokatuko dut eta udako oporren aurretik Txekiar Errepublikan. Urte hasieran Platja d´Aron jokatzen dena galdu nuen Covid-19 izan nuelako. Txapelketa guztiak jokatu ostean ikusiko dut ea munduko txapelketarako sailkapena lortu dudan eta opor batzuen ostean, abuztuan entrenamenduetara bueltatuko naiz.

Txikitan pentsatzen zenuen maila hain altura heltzea edozein kiroletan?

Inoiz ez dut pentsatu olinpikoa izatea. Gainera nik futbola eta surfa egiten nuen eta oso zaila zen kirol horietan olinpiar jokoetara heltzea. Profesionala izatera heldu naiz diru pixka bat lortu dudalako kirola egiten baina txikia nintzenean, ez zen nire pentsamendua. Gaztetan nahiago nuen fisioterapeuta moduan zerbait garrantzitsua lortzea. Beti gustuko izan ditut txapelketak baina ez nintzen inoiz heldu maila hain altura. Baina esan dudan moduan izan daiteke praktikatzen nuen kirolengatik.

Aurreko urtean Tokion egon zinen Paralinpiar jokoetan. Nola bizi izan zenuen esperientzia hura?

Izan dudan esperientziarik politena izan da. Lau urte gogor ondoren sailkapena lortu nuen; beraz lorpena, itzela izan zen. Helburu oso handinahia eta lortu genuen. Hala ere,birusaren ondorioz, pixka bat arraroa izan zen.Ezin izan genuen inolako harremanik izan bertako jendearekin et ezin genuen turismorik egin. Gainera,familia eta lagunak ezin izan ziren etorri animatzera eta hori oso garrantzitsua da kirolari batentzat eta esperientzia olinpikoa bizitzea txapelketa baino gehiago da.Baina ezberdina izan bazen ere, olinpiada bat, olinpiada bat da.

"Gaztetan nahiago nuen fisioterapeuta moduan zerbait garrantzitsua lortzea"

Mahai tenisak ahalbidetzen du elbarritasuna duten pertsonek elbarritasun gabeko pertsonen aurka jokatzea?

Asko gustatu zitzaidan hori ere. Inklusioa. Saskibaloian estaerako ezin da hori lortu. Hemen bai. Nire kirolari gehienek ez dute elbarritasunik. Euskal Herri eta estatu mailan guztion arteko liga bat jokatzeko aukera ematen dizu. Hori oso garrantzitsua da niretzat. Pertsona guztien aurka jokatzea. Elbarritasun bat izan edo ez, guztioi irabazteko aukera ematen duen kirola da mahai-tenisa.

Denbora luzeagoan jokatzea ahalbidetzen dizu?

Bai. Izan ere nahiz eta fisikoa izan ez da oso esplosiboa. Ez dago lesio gehiegirik. Asko mugitu behar gara baina ez dauka adibidez futbolak izan dezakeen esplosibidadea. Esperientzia oso garrantzitsua da. Adin gehiagorekin munduko txapelduna izatea errazagoa izan daiteke. 19 urterekin zailagoa izango da domina bat lortzea esperientzia faltagatik.

                                         

Zenbat modalitate daude mahai tenisean?

Hiru modalitate ditugu gaur egun eta segur aski 2024ko Pariseko paralinpiar jokoetan ere. Bikote mistoen kategoria sartu dute. Emakume gutxiago daude jokatzen eta beraz saiatzen ari dira emakumeak mahai tenisean barneratzen. Zaila da gutxi daudelako baina agian bide onetik goaz. Elkarrizketa hau erabili nahi dut neskei deia zabaltzeko kirol hau ezagutu dezaten. Oso polita da eta denok batera jokatu dezakegu. Bestalde, gehien gustuko dudan disiplina bakarkakoa da. Zailagoa da eta ardura handiagoa dukat. Nahiz eta bikoteko “liderra” izan tentsioa ez da berdina.

Pozik zaude aurten orain arte egindakoarekin?

Parisen txapelketa ona egin nuen baina Eslovenian final zortzirenetan galdu nuen. Bestalde, Platja d´aron ez nuen jokatu eta horren ondorioz oraindik ez nago sailkatuta, beraz txapelketa gehiago jokatu beharko ditut. Gogorrago aritu beharko naiz Montenegro eta Txekiar Errepublikan. Helburua sailkapen hori lortzea da. Ez da nahikoa izan orain arte egindakoa.

"Elkarrizketa hau erabili nahi dut neskei deia zabaltzeko kirol hau ezagutu dezaten"

Pariseko txapelketan taldekako fasean 3-0 galdu zenuten tailandarren kontra eta gero finalean berriz 3-0 irabazi zenuten. Nola ematen dira aldaketa horiek partida batetik bestera?

Oso kirol teknikoa da eta material ezberdinak erabiltzen ditugu. Prestakuntza fisikoa ez da hain garrantzitsua. Partidak grabatzen ditugu eta ikasten ditugu. Tailandarrak oso gogorrak dira eta oso ezberdin jokatzen dute europarrekin konparatuz. Beraz haien jokoa aztertu genuen. Taldekako fasean 3-0 galdu ostean bideoak ikusi genituen, nire taldekidearekin hitz egin eta taktika asko aldatu genuen. Azkenean nahiko ondo joan zitzaigun.

Duela gutxi Activate kanpainaren protagonista bezala agertu zinen mahai-tenisean nola jokatzen zen erakusten. Garrantzitsua da kirol minoritarioei ikusgarritasuna ematea?

Dena da futbola edo saskibaloia eta ume asko daude kirol horiekin identifikaturik sentitzen ez direnak. Umeen bizitzan kirol ezberdinak daudela eta guztiak oso politak direla erakutsi nahi dugu. Taldean bost ume ditut futbolean eta mahai tenisean aritzen direnak eta mahai tenisa nahiago dute, bere bizitzan gehiago eskeintzen duelako futbolak baino: txapelketa asko, liga asko... Tenisaren antzekoa da. Hala ere, indibidualki gogorragoa bada ere, sozialki futbola nahiago dute umeek. Kanpaina polita da umeei erakusteko erabakitzeko aukera anitz dituztela.

"Prestakuntza fisikoa ez da hain garrantzitsua. Partidak grabatzen ditugu eta ikasten ditugu"

Mahai tenisean hasi zinenetik zein izan da zure momentu txarrena? Eta onena?

Rio de Janeiroko olinpiar jokoetatik postu bategatik kanpo geratu nintzenean izan zen momenturik txarrena. Denboraldiko azken txapelketan izan zen partida zalantzagarri batzuen ondorioz. Nire ibilbide profesionaleko politena etortzeko dago.