Aire zabaleko jarduera ugari bildu ditu Darabilboren ikasturteko azken agendak

uriola.eus 2022ko mai. 30a, 12:00

Irailera arte atseden hartuko dutela eta, ikasturteko azken egitaraua ekainekoa izango da. Hori bai, ekintzaz beteta dator. Otxarkoagako jaien baitan egingo duten Kakorratz gerrila izango da lehenengo hitzordua, hilaren 9an, eta Ugarte plaza apainduko dute kakorratz berbalagun taldekoek.

Urteko sasoi honetan eguraldia lagun izango dutela aurreikusita, aire zabaleko ekintzak dira nagusi ekaineko Darabilbo agendan. Hala, kaleko tailerrak eta kirol jarduerak ez dira falta izango: orientazio ibilbidea, Nordic Walking jarduera, kardatze eta irute tailerra Zorrotzako kioskoan, stand up paddle itsasadarrean eta Flyscharen ibilbidea egiteko txangoa.

Bestalde, nola ez, kulturarentzako tartea ere egongo da ekainean. Hilaren 14an, Rekalde Aretoan Barriek zikloaren baitan erakusketa jarriko duen Irantzu Yaldebererekin batera museoaren bisita gidatua eta tailerra egiteko aukera egongo da. Ekainaren 17an, berriz, Otxarkoagan aurten antolatu duten literatur zikloaren baitan Mari Luz Estebanek solasaldia emango du bere Andre Zaharraren Manifestua liburuaren inguruan.

Egitaraua borobildu eta datorren ikasturtera arte Darabilbori agur esateko hitzordua, berriz, ekainaren 21ean izango da. Zorrotzako AEK euskaltegitik abiatuta, auzo horretatik Olabeagarainoko bisita gidatua antolatu dute, Igor Gutierrez Ungoren eskutik.

Ekintzetan izena emateko, beti bezala, hainbat bide daude: Darabilboren webgunea, darabilbo@gmail.com helbide elektronikoa eta 607 530 132 telefono-zenbakia.