EUSKARAREN ERABILERA DATUAK

Euskararen erabileraren kale neurketa aztertuko da Euskal Soziolinguistika Jardunaldian

uriola.eus 2022ko mai. 31a, 13:32

Soziolinguistika Klusterrak 2021ean egindako hizkuntzaren kale erabileraren ikerketen inguruan ondorioak ateratzea eta etorkizuneko erronkak identifikatzea izango du helburu jardunaldiak. Ekainaren 22an egingo da XIV. edizioa, EHUren Bizkaia Aretoan.

Bilbon egingo da Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren XIV. edizioa. Euskararen biziberritzean funtsezkoak diren gaien inguruan ikertzaileen, profesionalen, aktibisten eta erakunde arduradunen arteko ezagutza-trukea bultzatzeko egin izan da urteotan, eta oraingoan ere hala izango da. Aurtengo edizioak Soziolinguistika Klusterrak 2021an egindako kale erabileraren ikerketa izango du hizpide, eta hitzaldiak, mahai-inguruak zein aurkezpenak egingo dituzte. 

Koldo Narbaiza, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotziak; Xabier Arauzo, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusiak; eta Mertxe Mugika, Soziolinguistika Klusterraren lehendakariak aurkeztu dute jardunaldia. Mugikaren esanetan, euskararen biziberritzerako "elkarren arteko ezagutza partekatzea ezinbestekoa da". 

Klusterraren ikerketak ateratako datuetatik ondorioak ateratzea izango du helburu egunak. "Guztien artean datuen interpretaziorako tresnak eskaini nahi ditugu", argitu du Soziolinguistika Klusterraren lehendakariak. "Nola aldatu da kalea bera? Zein da orduko eta gaurko euskaldunen testuingurua? Zein eragin izan du globalizazioak? Zer ekarri du digitalizazioak? Zenbaterainoko hizkuntza-gaitasuna dute gaurko euskal herritarrek? Zer dago jokoan hurrengo urteetan? Zertarako aukera ematen dute legeek? Zein zeregin dute erakunde publikoek?". Horiexek izango dira eguneko galdera nagusiak.

Mugikak "ondo" hartu ditu datuak; izan ere, azaldu duenez, joeren aldaketak 4-5 urtetan ez dira aldatu. Koldo Narbaizak ideia bera azpimarratu du: "Ez da bide erraza, ezta laburra ere". Ezagutzak, ideiak eta proiektuak partekatzeko balioko duen jardunaldia izango da, Narbaizaren hitzetan: "Sareak sortu behar dira Bilbo euskaldunago bat lortzeko. Euskara normaltasunez erabiltzea eta kaleak euskaraz betetzea lortu behar da". Bilboko hizkuntza erabileraren irudia "gogorra" dela onartu badu ere, azken ikerketa egin zenetik erabilera igo dela azpimarratu du Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotziak. Ikerketa sakon bat egiteko, jardunaldietara arte itxaron beharko dela azaldu du, faktore guztiak aztertzeko. Bilbon kaleko erabilera %3,5ekoa da, autonomia erkidegoko hiriburuetatik ehunekorik txikiena. 

Xabier Arauzok, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusiak, ikerketaren garrantzia azpimarratu du eta ebidentzietan oinarritzeko balio izan duela argitu du. Jardunaldiak etorkizunean lan egiteko balioko duela aipatu du Arauzok: "Datuak kontrastatzeko  eta informazio iturri gisa gure plangintzak aurrera eramateko balioko du jardunaldiak". 

Parte hartzea

Jardunaldian izena emateko epea irekita dago jada. Presentzialki edo streaming bidez parte hartzeko, www.soziolinguistika.eus/jardunaldia web orrian egin daiteke, ekainaren 17ra arte. Matrikulak, bazkariarekin batera 50 euroko prezioa izango du. 30 euroko prezio murriztua izango da ikasle, langabetu eta Soziolinguistika Klusterreko bazkideentzat. Streaming bidez jarraitzeko 15 euro ordaindu beharko dira. 

Egitaraua

09:00 Antolatzaileen agurra ·   Bilboko Udala
·   Bizkaiko Foru Aldundia
·   Eusko Jaurlaritza.HPS
·   Soziolinguistika Klusterra
09:15 Hizkuntzen erabileraren kale neurketaren emaitza osagarriak Hitzaldia ·   Olatz Altuna (Soziolinguistika Klusterreko kidea eta Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren zuzendaria)
10:15 Kaleen eta espazio publikoaren bilakaera azken hamarkadatan Hitzaldia ·   Koldo Telleria eta Oihana Santolaria (Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak)
11:00 Atsedenaldia
11:30 Euskararen erabilerarako baldintzak ezagutzen Panela
a)  Hizkuntzen bizi-indarrean eragiten duten mundu mailako joera nagusiak
b)  Euskal Herriko bilakaera demografikoaren deskribapen orokorra
c)  Euskalerritarren profil linguistikoa eta hizkuntza gaitasunen bilakaera
a)
b)  Julen Landa (GISLAN)
c)  Iñaki Iurrebaso (Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta Kale Neurketaren Batzorde Zientifikoko kidea)
12:30

 

Kaleko erabilera datuak elkarrekin ulertzen eta interpretatzen

Tailerrak

 
14:00 Bazkalordua
15:00 Erabilerarako baldintzak eta erronkak: norbanakoak eta ingurune hurbila Mahai-ingurua ·   Eneko Gorri (Erabil Kolektiboko kidea eta Kale Neurketaren Batzorde Zientifikoko kidea)
·   Maialen Iñarra (Soziolinguistika Klusterreko kidea eta Kale Neurketaren landa-lanaren arduraduna)
·   Paula Kasares (Euskarabideako Plangintza eta Euskararen Sustapeneko Zuzendaria eta Kale Neurketaren Batzorde Zientifikoko kidea)
16:00 Erabilerarako baldintzak eta erronkak:  Mahai-ingurua ·   Imanol Larrea (Soziolinguistika Klusterraren zuzendaria)
·   Kike Amonarriz (Soziolinguista eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria)
·   Xabier Arauzo (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia)
17:00 Egunaren errepasoa eta itxiera