Hurrengo denboraldiari begira jarri da jada Athletic

Pablo Martínez Canibe 2022ko mai. 31a, 13:41

Lucia García eta Ainhoa Morazak taldea utziko dute berritzeko eskaintzak atzera bota ostean eta Gimbert, Erika eta Istillarten agurrei batu dira. Marta Unzué, Yulema Corres, Garazi Murua eta Eunate Arraizak berriz, haien kontratua berritu dute.

Denboraldia amaitu ostean Athleticen emakumezkoen taldea forma hartzen hasi da. Bere kargua utzi baino lehen lana eginda utzi nahi du Elizegik eta horregatik azken hilabeteetan lau kontratu berritu dira. Yulema Corres eta Eunate 2024ra arte eta Garazi Murua eta Unzué 2023ra arte. 

Berrikuntza horiek taldeak izango dituen irteerei aurre egiteko balioko du. Izan ere, jakina denez, Erika Vazquez, Vanessa Gimbert eta Istillartek futbola utziko dute. Lehenengo biak batez ere, Athleticen legenda bihurtu dira eta erreferente izan dira hainbat urteetan zehar. Beraiekin batera Ainhoa Moraza eta Lucia Garciak alde egingo dute esperientzia eta erronka berrien bila.

Erronka berrien bila

Ainhoa Moraza 2015ean heldu zen Errealatik, bere hurrengo taldea izan daitekeena, eta ordutik zazpi denboraldi jokatu ditu. Lehenengoan 27 partida jokatu hiru gol sartu eta liga irabazi zuen. Ordutik ezker hegal titularra izan da entrenatzaile guztiekin eta 208 partida jokatu ditu guztira. Denboraldi amaieran taldetik alde egingo zuela esaten zuen informazioa apirilean argitaratu zenean, haren helmuga Atletico Madril zirudien.

Hala ere, Atletico Madril ez du hurrengo urteko Txapeldunen liga jokatuko eta hori erabakigarria izan daiteke. Erreala da beste helmuga posiblea. Morazaren talde ohia, historia egin du aurten eta lehen aldiz sailkatu da Txapeldunen ligarako eta horregatik donostiarraren hurrengo taldea izan daiteke. Gainera, errealeko ezker hegaleko jokalari titularra oraindik ez du kontratua berritu.

Beste alde batetik Lucia Garcia dago. Taldeko erreferentziazko erasotzailea izan da azken urteetan. Jokalari barakaldarra 2016an heldu zen Oviedo Moderno taldetik 18 urterekin. Ez zuen taldera egokitzeko denborarik behar izan eta 24 partida jokatu zituen lehenengo denboraldian liga eta koparen artean. Guztira 161 partida jokatu ditu eta 63 gol sartu ditu. 

Morazak bezala erronka berrien bila, segur aski Erresuma Batua izango da bere helmuga. Lehen zurrumurruak aurrelaria Manchester City taldean kokatzen zuten arren, badirudi hiriko beste aldera joango dela; Manchester United-era. Beste alde batetik Everton dago interesatuta, duela bi urte Damaris Egurrolaren taldea izan zena. Athletic-eko jokalari ohia. 

Egoera hau duela bi urte bizi izan zuen taldeak Maite Oroz eta Damaris Egurrola alde egin zutenean. Bi jokalari horiek taldean zuten pisu antzekoa izan dute aurten Ainhoa Moraza eta Lucia Garciak eta galera hauei egin beharko die aurre lehendakari berriak eta Iraia Iturregik. Entrenatzaile bilbotarra bi hautagairen konfiantza jaso du eta badirudi Lezamako aulkian eseriko dela hurrengo denboraldian.

Konfiantza gazteengan

Baja hauei aurre egiteko, harrobia ezinbestekoa izango da. Nerea Nevado Alavesen izandako lagapenetik bueltatu da eta denboraldi on baten ostean eskuineko hegalean titular gisa jokatzeko lehiatuko da Eunate Arraizarekin. Luciaren eta Erikaren baja estaltzeko Paula Arana lehenengo minutuak izan ditu aurten eta aurrelari barakaldarraren agurrarekin garrantzia handiagoa hartu lezake. 

Zelaiaren erdialdean jokatzeko Clara Pinedo eta Mariana Cerrok aukerak izan dituzte lehenengo taldearekin, bigarren taldearekin jokatu duten bitartean. Bigarren taldea, bigarren mailan geratzeko partida jokatuko du gaur Madril CFF B-ren kontra 20:00etan. Garaipen bat garrantzitsua litzateke harrobiko taldea egon ahal den maila gorenean jarraitzeko eta taldearen etorkizunerako.