Larunbat honetan hasiko da Bilbao Kirolak-en udako denboraldia

uriola.eus 2022ko eka. 8a, 10:00
Aurkezpenaren irudia (Argazkia: bilbao.eus)

Artxandako, Txurdinagako eta Errekaldeko kanpoaldeko igerilekuen irekierarekin hasiko da denboraldia irailaren 11ra arte. Edukiera %100ekoa izango da berriz eta abonatuez gain abonatu gabeak ere, sartzeko aukera izango dute. Egunero irekita egongo dira igerilekuak.

Bilbao Kirolak-ek larunbat honetan, ekainak 11, hasiko den kanpaina aurkeztu du. Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak eta Marcos Muro Bilbao Kirola-en zuzendariak Kirikiño ikastolako ikasleekin batera aurkeztu dute normaltasunera bueltatuko den uda. Artxandako, Txurdinagako eta Errekaldeko kanpo igerilekuez gain San Ignacio eta Zorrotzako igerileku estaliak irekiko dira.

Ekitaldia Txurdinagako kiroldegian egin dute kanpoaldetik greban dauden Kiroldegietako laguntzaileen aldarrikapenak entzuten ziren bitartean. Kirikiño ikastolako ikasleak denboraldiko lehen bainua eman dute eta beste herritar guztiek larunbatetik aurrera egin ahalko dute.

Hiru hilabetetan zehar %100eko edukiera izango dute egunero. Ekainean, uztailean eta abuztuan 10:00etatik 21:00etara egongo dira irekita eta irailean berriz 20:00etara. Aurreko bi urteetan ez bezala, ez abonatuek sartu ahalko dira eta hitzordurik gabe. Sarrerak web orrian edo kiroldegietan atera ahalko dituzte. Bestalde eguzkia hartzeko guneak libreak izango dira, partzelarik gabe. 

Sarreraren erosketa, banku-txartelaren bidez edo Bizum bidez ordaindu ahalko da edo diruz kiroldegian bertan. Erositako egunean edukiera beteta egonez gero, denboraldiko beste edozein egunetan erabili ahalko dute sarrera. Beste berrikuntza bat, aurten jarritako eskumuturrekoa da. Bazkideak honekin sartu ahalko dira eta armairuak ireki eta itxi ahal izango dituzte gailu berri honekin. 

Buelta normaltasunera

Covid-19ak sortutako pandemiaren aurretiko neurriekin aurkeztu ahal izan dute udako kanpaina eta horren aurrean pozik agertu da Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzia: ohiko funtzionamendura itzuliko gara, bi kanpaina COVID-19arengatik ezarritako nahitaezko murriztapenen pean igaro ostean. Uste osoa dugu kanpaina bikaina izango dela aurtengoa, eta denok edukiko dugula aukera kanpoko udal igerilekuak gozatzeko, aisialdi osasungarrirako aukera bikaina baitira, Bilbotik irten barik dibertitzeko."