Hurbiltzen ari da Bizkaia Hari Gorria ekimenaren hitzordu nagusia eta prestatu duten egun osoko egitaraua argitara eman dute. Bisita gidatua, historiaren kontaketa artearen bitartez, trikitia, ekitaldiak eta musika gehiago izango ditu egun girotsu batek.
Ekimen nagusia arratsaldean izango da 17:30ean. Arriagatik abiatu eta bertan amaituko da aldarrikapen mobilizazioa. Horren ostean, manifestazioarekin jarraitzeko ekitaldia egingo da plazan bertan. Bizkaia Hari Gorriak azaldu duenaren arabera, izaera bereziko ekimena izango da. Ekimenak, musika, eta atzo eta gaurko aldarrikapenekin blaituko dute arratsaldea. Ekitaldiaren ostean erromeria batek girotuko du eguna.
EKitaldi nagusiaren aurretik, indarrak hartzen joateko hainbat ekintza prestatu dira. Goizean, Karmelo Landa eta Xabier Monasteriok Gabriel Aresti izango dute ardatz itsasadarretik egingo duten bisita gidatuan. Ibilbide historiko bat egingo da Erriberako merkatuaren eskuinaldetik hasita 10:15ean. Euskadi plazan bukatuko da. Itsasontziaren aforoa mugatua izango denez, izen-ematea aurrez egitea ezinbestekoa izango da. Ibilaldia euskaraz izango da.
Bestalde, memoria gunea prestatuko da Arriaga plazan. Artearen bidez irudikatuko du herri ekimenak Euskal Herriko memoria. Grafitilariak, Maitane Azurmendi margolariaren obrak, Asier Zugadi kantautorea, azken hamarkadetako erakusketa edo pegatak egongo dira besteak beste. Horren ostean eguerdian, trikitiarekin nagusiki jai giroa sortuko dute.