Enpresabidea.eus atariaren sortzaileetako bat zara. Zertan datza?
Harremana daukat hainbat komunikabiderekin, eta esaten nien bazegoela gabezia bat euskaraz informazio ekonomikoari heltzeko orduan. Zergatik jotzen dugu gaztelaniara ekonomiaz aritzeko? Egun batean Pilar Kaltzadak deitu zidan proiektua aurkezteko, eta esan nion kolaboratzeko eta muntatzen laguntzeko prest nengoela.
Totmedia Comunicació taldeak luzaroan jorratu du tokiko hedabideen mundua, eta duela bederatzi urte sortu zuten viaempresa.cat, informazio ekonomikoa eta enpresariala katalanez jorratzeko. Inbidiaz ikusten genituen eta, hala, azkenean sortu genuen Enpresa Bidea SL, egoitza Donostian daukana.
Arrakala hori apurtu nahi dugu, baita ekonomiaz beste modu batean berba egin ere.
Nahiko zenukete Via Empresak bere lurraldean duen erreferentzialtasuna lortzea?
Hori da. Badaude hedabide jeneralistak eta badago ekonomiarenkz.eus egunkari digitala, astean behin albisteak jartzen dituena. Baina ez zegoen egunero gai propioak jorratzen dituenik. Gureak bi atal izango ditu. Batetik, gai propioak, analisiak eta kontu luzeagoak argitaratzeko, 3-4 minutuko irakurketa tartea eskatuko dutenak. Zer eta zergatik gertatu den kontatu nahi dugu; horixe da gure balio erantsia. Horrez gain, albisteak ere baditugu.
“Egun, txio bitartez enteratzen gara guztiaz. Badirudi bat-batean denok bihurtu garela mix energetikoaren aditu, bere garaian arrisku sariaren aditu izan ginen bezala”
Erreportaje sakonak bateragarriak dira formatu digitalarekin?
Egun, txio bitartez enteratzen gara guztiaz. Badirudi bat-batean denok bihurtu garela mix energetikoaren aditu, bere garaian arrisku sariaren aditu izan ginen bezala. Bada, nahiko genuke tarte bat hartu lasai hausnartu eta irakurtzeko, eta saiatzen gara beti hiruzpalau iturriri galdetzen.
Zazpi lurraldeak hartuko dituzue aintzat.
Bai, euskararen eremua da gurea. Ipar Euskal Herrian pertsona bat izango dugu hango ekonomiaren berri emateko. Nafarroan, lankidetza handitu nahi dugu Euskalerria irratiarekin, hango iritzi emaileak izan… Jakin badakigu gaur-gaurkoz Bizkaia eta Gipuzkoakoak garela nagusiki, baina oreka bilatzen saiatuko gara.
Nori zuzenduta dago Enpresa Bidea? Beharrezkoa da aditua edo enpresa arlokoa izatea?
Ez. Ekonomia modu zabalean ulertzen dugu. Pilar Kaltzadak dioen moduan, ekonomia kendu digute, delegatu egin dugu. Baina gu geu gara eragile ekonomikoak. Ez da gauza bera Amazonen bitartez erostea edo denda batean. Batzuetan badirudi enpresari hitza gaizki ikusia dagoela, baina beti izan gara ekintzaileak, eta langileak ere bai. Errigora, esaterako, ekonomia da. Hori ere aldarrikatzera gatoz. Gero, batzuentzat erosoagoa izango da hemengo ginebrei buruz idatzi duguna irakurtzea eta ez dute begiratuko finantzen “txapa”; beste batek ekonomia feministari buruzko artikulu bat irakurriko du…
Ez da, beraz, finantzetara mugatzen.
Ez. Badauzkagu zehar-lerro batzuk: finantzak, jasangarritasuna, ekintzailetza, trantsizio energetikoa, ekonomia zirkularra… Feminismoa ere bai. Izan ere, ohartu gara arrakala dagoela enpresen eta emakumeen artean. Euskara ere hor dago. IVAPekin eta Euskaltzaindiarekin adostu nahi dugu kontzeptu ekonomikoak nola esan behar diren. Eta gero, Bikain ziurtagiridunak, hau da, euskara planak aplikatu dituzten enpresak.
Ekintzailetza aipatuta, ezagutzen duzu proiektu interesgarririk Deustualdean?
Zinema eskolak, Skate Gunea eta PiuGaz rokodromoa, besteak beste, oso ondo doazen proiektuak dira. Ekintzailetza ez da soilik aplikazio bat muntatzea. Inbertsioak egin behar dira, langileei ordaindu, kudeatu… PiuGazen kasuan, duela hiruzpalau urte etorri zen bikote bat, bata italiarra eta bestea hemengoa. Italian bazeukaten antzeko zerbait, hemen muntatzeko apustua egin zuten, eta asmatu dute.
Ekonomiak herritar arrunten bizitzan duen eraginaren adibide dira argindarraren edota erregaien prezioen igoerak?
Bai. Prezioak ezartzeko sistema oso konplikatua da, askori arrotz suertatzen zaie. Eta ez gara ohartzen Euskal Herria energetikoki oso mendekoa dela. Horren aurrean kontsumitzaile arruntak ezin du gauza handirik egin, baina konponbide oso interesgarriak ari dira garatzen. Kotxe elektrikoa, esaterako, gauez karga daiteke, energia merke dagoenean, eta garbigailua jartzean bateriako energia hori erabili. Sistemak norabide biko sare adimendunak garatzen ari dira, energia hartzeko ez ezik, hornitzeko ere badirenak. Energia behar dugu, eta ez gaude prest horri uko egiteko. Beraz, erabil dezagun hobeto.
Jasangarritasunaren ikuspegitik ez daukagu ezer. Sortu beharko genuke eguzki-plaken bitartez edo haizearen energia aprobetxatuz, eta horretan jarriko dira indarrak. Baina trantsizioa behar dugu, 5-10 urtekoa. Mugatu dute argindarraren prezioa, lortuko dute faktura %30 jaistea, eta ez dago gaizki. Baina Europak esan du litekeena dela neguan murrizketak egotea, baldin eta Errusiatik gas-isuria mozten badute. Hemen jada izan dugu trantsizio bat, 80ko hamarkadan industria astuna desagertu ostekoa. Beraz, jakin izan dugu ereduak aldatzen.
“Batzuetan badirudi enpresari hitza gaizki ikusia dagoela, baina beti izan gara ekintzaileak, eta langileak ere bai”.
Globalizazioak handirako joera ekarri du komertzio edo proiektu txikien kaltetan?
Nola eragin jakin behar dugu. Azalduz gero ez-dakit-zein plataformaren bitartez erostean zergak Irlandan edo Herbehereetan ordaintzen direla, jakinez gero zer dagoen atzean, agian jendeak birplanteatuko luke. Oso erosoak gara, beraz, goazen gauzak eroso jartzera. Laborek, esaterako, bestelako kontsumitzeko era bat sustatzen du, eta Deustun banatzen ditu bi astean behin otzarak. BonoDenden sistemak ere oso ondo funtzionatu du. Denda txikiek zerbait berezia eskaintzen dute, horregatik jarraitzen dute martxan. Moldatzen jakin behar dugu, eta digitalizazioaren arloan sekulako iraultza dator. Hor dago hiri adimendunen kontua, hiriak nolakoa izan behar duen pentsatzeko datuetan oinarritzen dena.
Norbere hautuekin eragin daiteke neurri batean, beraz.
Dendari familia batetik nator, eta nire bikoteak ere denda bat dauka. Nik badakit zelan erosiko dudan. Baina Bilbon irekitzea multinazional bat, baldin eta soldata duinak baditu eta zergak hemen ordaintzen baditu… Nahiago dut hori eta ez online erostea. Eta hori egonda, jendea joango da eta agian alboko tabernan hartuko du kafea. Datuei erreparatuta, agian ikusiko dugu bestela ez litzatekeela horrenbeste jende ibiliko inguruan.
“Kriptodiruaren inguruan ezjakintasuna itzela da, eta iruzur egiteko aukera, handia”
Zergatik enpresagintza ikasketak?
Lehen aukerak kazetaritza, enpresagintza eta euskal filologia ziren, eta denak biltzen dituen proiektu batean amaitu dut. Enpresagintzak aukera ematen du ekonomiaren hainbat ikuspegi izateko. Gerora, ekonomiaz gehiago ikasi dut nire kabuz. Mundua ulertzeko balio du.
Enpresabidearen sorrera urduritasunez bizi izan duzu?
Bai. Kanpotik aztertzetik, start-up bat bertatik bertara ezagutzera. Polita da, jende interesgarria bildu dugu, baina egunero elikatu behar da piztia. Bestalde, lehen Twitterren berrehun eta piku jarraitzaile nituen, eta orain zazpiehun bat. Bertigo puntua ematen du, baina hauspo ona eman digute.
Zer uste duzu kriptodiruaren inguruan?
Batetik, espekulatzeko darabiltzan jendea dago. Arriskutsuak dira, ikusi besterik ez dago. Ezjakintasuna itzela da, eta iruzur egiteko aukera, handia. Aldiz, badago jendea diru asko irabazi duena, ondo jakinda non sartzen ari den. Kriptodibisek baino, blockchain teknologiak irekiko ditu bide berriak, eta harreman moduak aldatu. Euro digitala prestatzen ari dira jada. Kontu kontrolaezinak direla ikusita, gobernuek aurre hartu nahi diete.