Athletic-en presidentetzarako hauteskundeak

Bazkideei lehentasuna eman nahi dien hautagaitza

Pablo Martínez Canibe 2022ko eka. 13a, 16:54

Barkalaren taldearen aurkezpena (Argazkia: athleticgeuria)

Bazkideek klubarekin duen harremana hobetzea izango du Barkalaren hautagaitzak. Hautagaitza taldearen aurkezpena egin du eta, Ramon Planes, Tottenham Hotspur eta Barçako kirol zuzendari eta idazkari tekniko ohia besteak beste, bere taldearen kirol zuzendaria izango dela argitu du.

Izen garrantzitsu bat aurkezten lehena izan da Ricardo Barkala. Hauteskundeetarako bi aste eskasen faltan, hautagaiek haien proiektuak aurkezten hasi dira eta Bilboko portuko presidenteak hautagaitza osatzen duten pertsonak aurkeztu ostean Ramon Planes aurkeztu du zuzendari tekniko gisa.

Lleidan jaioa ibilbide luze, oparo eta esperientziaduna izan du. Racingen bi urte, Alavesen eta EB Lleidan egon zen kirol-zuzendari gisa eta 2007an heldu zitzaion bere lehen aukera handia. Espanyolen sartu zen idazkari tekniko gisa eta gero kirol zuzendari moduan egin zuen lan 2012ra arte. Bertan goi mailako entrenatzaileak izan diren Valverde eta Pochettinorekin lan egin zuen fitxaketa handiak eginez. Esperientzia horrek eta entrenatzaile argentinarrarekin izan zuen harremanari esker Tottenhamera heltzeko balio izan zitzaion.

Londreseko esperientziaren ostean Espainiara bueltatu zen 2015ean Elxera eta ostean Rayo Vallecanon eta Getafen lan egin du. Eskaintza garrantzitsuak izan zituen lan horien ostean eta azkenik 2018an, Bartzelonaren deia jaso zuen. Hasieran Abidalekin batera egin zuen lan eta gero bere kabuz kirol zuzendari eta idazkari tekniko gisa. Bertan Pedri eta Ronald Araujo gazteen fitxaketengatik nabarmendu da eta baita ere Gavi 17 urteko gaztearengan konfidantza izateagatik.

Nesken taldearen kasuan Ainhoa Tirapu izango litzateke kirol zuzendaria. Athletic-eko jokalari ohia eta aurten emakumezkoen ligako presidentea izatea helburua izan zuena, Barkalaren taldera batu da. Iraia Iturregi entrenatzailea izaten jarraituko badu ere, Joseba Agirre, gaur egungo kirol zuzendaria ez da izango Barkalaren aukera. Iruñeako jokalaria 15 denboraldi jokatu ditu talde zurigorrian eta bi liga irabazi ditu. Hala ere, kirol zuzendari gisa haren lehen esperientzia izango litzateke erretiroa hartu zuenetik Athletic-en lan egin badu ere.

Zuzendaritza batzordeko taldea

Abalen lorpenean galdutako indarra berreskuratzeko apustua egin du Barkalak. Babes gehien jaso zuen bigarren hautagaia izan da. 4.054 lortu zituen, Uriarte baino ia 2.000 gutxiago eta Arechabaleta baino 1.000 gehiago. Ramon Planes gain izango dituen kideak aurkeztu zituen San Mameseko zabalgunean ostiralean.

Guztira 19 pertsonak osatzen dute Únicos/as taldearen zuzendaritza batzordea. Carlos del Campo eta Joana Martínez, bokalak, Macua eta Elizegirekin izan dira zuzendaritza kideak. Bestalde, Javier Aldazabal, presidenteordea, Urrutiaren taldearen kide garrantzitsuetako bat izan zen eta Uribe-Echevarríaren plantxaren parte izan zen aurreko hauteskundeetan.

14 gizon eta bost emakumek osatzen dute taldea: Ricardo Barkala (presidentea), Javier Aldazabal (presidenteordea), Mónica Durango García (idazkaria), Carlos Fuentenebro (idazkariordea), Lorea Aristizabal (diruzaina), Asier Zarraonaindia (diruzainordea), Eduardo Saiz (bokala), Josu Arteta (bokala), Joana Martínez (bokala), Oihana Arruti (bokala), Juan Alcibar (bokala), Alberto Martínez (bokala), Diego Bareño (bokala), Gaizka Aurtenetxe (bokala), Eba Ferreira (bokala), Leopoldo Barañano (bokala), Javier Loroño (bokala), Gabriel Martínez (bokala), Carlos del Campo (bokala).

Gizarte proposamenak

Hautagaitzaren kideen aurkezpenarekin batera, bazkidea taldeari gehiago hurbiltzeko eta harreman hori hobetzeko asmoak aurkeztu zituzten. Arazoetako bat 26.lerroan esertzen diren aniztasun funtzionaleko pertsonen ikuspena da eta hori konpontzeko egingo dute lan. Izan ere Denon Athletic peña, aniztasun funtzionaleko pertsonak osatutako hain zuzen ere, bi hautagairekin batu da jada haien arazoak azaltzeko eta horiek konpontzeko laguntza eskaintzeko.

Bestalde, partiden aurreko ekimenak sustatu nahi ditu Barkalaren taldeak partida egunetako esperientzia eta bizipena hobetzeko. Athletic munduan zehar programa sustatuko dute. Beka programa bat izango da beste herrialde eta talde batzuetako entrenatzaileak Lezamako lan-metodoak ezagutzera etor daitezen. Fundazioa ere, sustatzen jarraituko dute orain arteko proiektuak indartzen eta berriak sortzen.

Azkenik hurrengo urtean taldeak beteko dituen 125 urteen harira lau taldez osatutako txapelketa bat antolatzea proposatu du Barkalak. Astean zehar proposamen eta taldeko kide gehiago argitaratuko ditu taldeak eta aurkeztutako guztiari buruz beste hautagaiekin hitz egiteko asmoz debate bat egitea proposatu du Barkalak.