Hauteskundeetako ibilbidea hasi zuen azkena eta abal gehien lortu dituena izan da Jon Uriarte. 43 urteko enpresariak 6,041 abal aurkeztu zituen ekainaren 4an. Orain arte instituzioaren historian bakarrik Aitor Elizegik lortu du hauteskundeak irabaztea sinadura gutxiago aurkeztu ostean. Beraz Uriarte faboritoa da Ibaiganera heltzeko.
Hiru hautagaietatik gazteena, bere hautagaitza “berritzailea” dela azaldu du. Enpresen munduan izandako arrakasta da jendea gehien erakarri duena. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua ikasi zuen Deustun eta bere ibilbidea Londresen hasi zuen Merril Lyncheko analista moduan eta 2005ean Morgan Stanley enpresan Fusio eta eskuratzeetan, BOLetan eta banka pribatuan espezializatu zen. Bestalde 2009an Ander Michelenarekin batera Ticketbis sortu zuen eta 2016an eBay-ra saldu zioten 165 milioiengatik.
Gaur egun All Iron Sports-en dauzka inbertsioak. Plataforma horrek futbolariak ordezkaritza-agenteekin harremanetan jartzen ditu. Horren ondorioz, “interes-gatazka” leporatu diote baina ziurtatu zuen Athleticeko jokalari batekin eta hitzartutako klub batekin ezin dela ezer egin dioen klausula bat sinatu zuen, beraz horren arabera Athletic-eko jokalariak ez dute zerikusirik izango plataforma horrekin.
Berarekin batera beste 18 pertsona egingo dute lan. Uriarteren hitzetan “taldea eraldatzeko” lankideak. Profil askotariko talde bat osatu du bilbotarrak. Horrela deskribatu du aukeratutako lan taldea: “Bizkaiko hainbat tokitan jaiotako jendea, ikasketa, prestakuntza eta esperientzia profesional desberdinak dituena dago taldean. Potentzial handiko profilak bilatzeaz gain, lan-giro onean eta koordinatuta lan egingo duen taldea ere bilatu dugu ".
Bere hautagaitzaren bigarren polemika taldeko kide batekin etorri zen. Sare sozialen bitartez Uriarteren lan taldeko kide bat VOX alderdi politikoarekin lotu zen baina arratsalde berdinean baieztapen hori ezeztatu zuen eta azaldu zuen bere taldeak alderdi politiko guztiak errespetatzen zituela VOX-ena izan ezik.
Izenak argitara eman gabe
Hasieratik babes gehiena jaso duena izan den arren bere proiektuari buruz pista gutxien eman duena da. Barkala adibidez, nesken taldeetako zuzendaria eta gizonen kirol zuzendaria argitu du eta arlo sozialean egin nahi dituen aldaketak. Arechabaleta ere, Lezaman neskekin lan egingo duen pertsona aurkeztu du baina Uriarte oraindik ez du kirol taldeko kiderik aurkeztu. Ekainaren 15etik aurrera hasiko da proiektuaren berri ematen Uriarte.
Aukeren artean Carlos Aviña mexikarra lotu da proiektuarekin. Gaur egun, Cercle Brugges taldearen kirol zuzendaria da eta azken aldian modan dagoen eta emaitza onak ematen ari dituen BigDatan aditua da. Belgikan talde oso gaztea dauka eta asko landu du harrobia. Athletic-en erabakigarria den gauza bat hain zuzen ere. “Joko-eredu oldarkor bat ezartzeko ahalegina egiten dugu. Arriskuak hartzea, erasotzailea izatea, presio handia egitea, dinamikoa, kementsua”, azaldu zuen bere estiloari buruz ESPN-en egindako elkarrizketa batean.
Proiektuaz haratagoko proposamenak
Zaleentzako eta bazkideentzako hauteskundeak ahalik eta bideragarrien egiteko, proposamen ezberdinak egin ditu IZAN Athletic taldeak. Hauteskunde egunerako autobusak jartzea eskatu zion Hauteskunde Batzordeari eta Kudeaketa Batzordeari, Bilbotik urrutien bizi diren bazkideak ekainaren 24an Ibaiganera hurbildu ahal daitezen. “Bilbotik urrutien bizi den gizarte-masa osoa dugu gogoan, baina, batez ere, pertsona beteranoenak, mugikortasun murriztua dutenak eta/edo garraiobiderik ez dutenak”, azaldu zuen taldeak. Hala ere, aukera hori atzera bota zioten.
Bestalde Kazetarien Euskal Elkargoarekin akordioa iragarri du aste honetan, Athleticeko presidenteratzarako hiru hautagaien arteko eztabaida bakarra eta hedabide guztiei irekia antolatzeko. Komunikatu baten bitartez Uriarteren taldeak azaldu du hamaika eztabaida izateko proposamenak heldu zitzaizkiela eta ez zutela “ez koherentea, ez bideragarria eta ez eraginkorra ikusten” aukera hori. Horren ondorioz egin dute eztabaida bakarraren aldeko apustua. Egoitza neutralean eta elkargoak aukeratutako hedabideetako profesionalek moderatuta izango da.
IZAN Athletic taldea
Hauek izango dira Uriarterekin batera aurkeztuko diren pertsonak: Nerea Ortiz (lehendakariordea), Jon Ruigómez (lehendakariordea), Jon Salinas (idazkaria), Xabi Álvarez (idazkariordea), Guillermo Ruíz (diruzaina), Adolfo Plaza (diruzainordea) eta Laura Ruiz de Azua, Igor San Román, Josetxu Urrutia, Goizalde Santamarina, Ibon Naberan, Garazi Unibaso, Nacho Urigüen, Roque Echániz, Ana Díez, Gorka Cubes, Ainhoa Iza eta Egoitz Begoña (bokalak).