Emakumezkoen futbola erabat aldatzen ari da azken urteotan eta sekzio honek lortzen ari den garrantzia nabarmen handitzen ari da. Argi geratu da baita ere hautagaien proiektuetan eta lan ildoetan. Izan ere, guztiek eman diote aparteko garrantzia eta Uriartek atal guztiak batera azaldu baditu ere Arechabaletak eta Barkalak asteartean aurkeztu zuten emakumezkoen proiektuen nondik norakoak.
2015-2016 denboraldian liga irabazi zuenetik Athletic-en bilakaera beherakoa izan da apurka-apurka. Hiru onenen artean denboraldi bakarrean geratu da osterantzean eta aurten aurreko urteko arazoak pixka bat gainditu arren zazpigarren geratu da. Asko hobetu da emakumezkoen futbola eta taldeek gero eta fitxaketa gehiago egiten dituzte haien taldeen kalitatea handituz. Hori gutxi ez balitz Athleticek bere jokalari onenetarikoak galtzen ari da azken denboraldietan eta horregatik hiru hautagaiek talentu hori mantentzearen beharra azpimarratu dute.
Ainhoa Tirapu Barkalaren hautagaitzaren zuzendaria
Ainhoa Tirapu izango da nesken sekzioa zuzenduko duen pertsona Barkalak hauteskundeak irabaziz gero. Arlo honetan esperientzia ez badu ere, Lezama soberan ezagutzen duen pertsona bat hautatu dute postu horretarako. Neskek lidergoa izango duten proiektua izango da atezain ohiarena: “Ditugun bost taldeetan neska entrenatzaile izatea da helburua, Iraiatik hasita”. Gaur egun emakumeak esparru hauetan lan egiteko prest daudela uste du Tirapuk. Bestalde hauteskunde hauetan orain arte egin ez den bezala emakumezkoen futbolaren alde egitea eskertu du.
Lan taldeari begira hura profesionalizatzearen garrantzia azpimarratu du Tirapuk: “Jende asko lanaldi erdia dauka eta proiektu ilusionagarri eta itxaropentsua izan nahi badugu langileak 100%ean behar ditugu”. Aurrera pausu horrek talentu gehiago sortzeko eta taldea lehiakorra izateko baliagarria izan daiteke. Baita ere, jokalarien soldatak igotzea eta neska gazte askok kirola hain goiz ez uztea lortzea. “Esaten da emakumezkoen kirola defizitario dela baina gizonena ere defizitarioa da batzuetan, beste kirol batzuen moduan. Egokia da inbertitzea eta emakumeen kasuan egin behar da”, aldarrikatu du Barkalaren proiektuaren emakumezkoen zuzendaria.
Taldearen erreferentzialtasuna mantentzea eta jokalariak gazteentzako erreferente izatea lortzea da bere helburu nagusia: “Talentua erakarri behar dute Euskal Herriko jokalari guztiak kontrolatuta izateko. Hitzartutako kluben kopurua handitu behar dugu”. Gakoetako bat orain arte ondo egin diren gauzak mantentzea eta txarto atera direnak hobetzea da Tirapuren ideien arabera eta horretarako gizonezko taldean egiten diren gauzetan erreferentzia hartu daitekeela azaldu du.
Emakumezkoen futbolaren munduaren ezagutza azpimarratu du puntu indartsu gisa Ainhoa Tirapuk. Ligako hitzarmen kolektiboa sinatzeko gogor borrokatu zuen. 15 denboraldi eman ditu Athleticen atea defendatzen eta Kanadako 2015 munduko txapelketan parte hartu du. Horren ostean Lezaman aritu du atezainen entrenatzaile gisa eta aurten aurrera atera ez bazen ere hautagaitza aurkeztu zuen emakumeen ligako presidente izateko. Beraz Lezama hurbiletik ezagutzen du eta aurten hasiko den Liga profesionaleko estatutuak ere.
Joshua Schirmer eta Joseba Basarrate Arechabaletaren izen nagusiak
Arechabaletaren helburu nagusia Europara bueltatzea da. Izan ere, aipatu du Barçarekin lehiatzea oso zaila dela baina txapeldunen ligara heltzea edo koparengatik borrokatzea helburu bat izan behar dela aipatu du. Horretarako inbertsio handitzea eta Athleticen talde guztietarako eta hitzartutakoetarako metodologia propio bat sortzea proposatu dute. “Lezama amu bihurtu nahi dugu, lehiarako abantaila bat dugulako: emakumezkoen futboleko lehen hiru mailetan euren hiru taldeak dituen talde bakarra garelako".
Neskak ez dira izango Arechabaletaren taldeko protagonistak baina bai esperientziadun pertsonak. Schirmer estatubatuarrari buruz hitz egin genuen eta bere herrialdeko futbola eta hemengoa konbinatzeko asmoz etorri da: "Estatu Batuetako futbola indartsuagoa eta azkarragoa da, hemen teknikoagoa da; beraz, nire asmoa bi gauzak nahastea da. Jokalarien maila fisikoa igo nahi dut, beren teknikarekin nahasita jauzi kualitatibo bat eman dezaten”.
Berarekin Joseba Basarrate lan egingo du idazkari tekniko eta koordinatzaile gisa. Alavesen, San Ignacio edo Leioa bezalako taldeetan egondakoa taldean jokalariak mantentzea azpimarratu du helburu nagusi gisa. "Jokalariek geratu nahi duten talde bat egiten saiatu behar gara. Dena ez da dirua. Athletic Europako txapelketetan egotea lortzen badugu, Lezaman anbizioarekin eta inbertsioarekin posible da ".
Lidergo bakar baten parte
Emakumezkoen proiektua aurkezten azkena Uriarte izan da baina berrikuntza batekin etorri da. Izenik eman ez badu ere, taldearen atal guztiak pertsona bakar batek zuzenduko ditu eta horren barruan emakumezkoen sekzioa egongo da: “Emakumeen eremua ezin da bere kasa ibili, kirol-arloaren parte dela uste dugulako eta lidergo bateratuaren barruan sartu behar delako”. Horretarako profesional onenekin lan egitea nahi du Uriartek.
Sekzio profesionalizatu nahi dute neska gazteak dudarik ez izateko ikasketen edo futbolaren artean erabakitzeko orduan. “Jokalariek formazioa izatea nahi dugu. Honek erabaki hobeak hartzea eragiten baitu. Coach eta psikologoekin lan egitea nahi dugu”. Lezamaren erakargarritasuna handitzea ere puntu garrantzitsutzat hartu du IZAN Athletic hautagaitzak. “Ez du balio bakarrik Athletic garela esatearekin. Beste taldeetako harrobiak gero eta erakargarriagoak dira”.