Zuen lana aurkezteko hasieran jarritako epeak bete dituzue?
Antolaketa bat egin genuen hasieratik eta gutxi gorabehera nahi genuen moduan eramaten ari gara aurrera gure hautagaitza. Beti agertzen da zerbait berria, baina ideia eta eduki handi eta garrantzitsuak pentsatuta geneukan moduan aurkeztu ditugu.
Hiru hautagai daudela kontuan hartuta, beste hauteskunde batzuekin konparatuta hobeto prestatu dira hauteskundeak?
Ez dut horretan pentsatu, ez dut uste eragina izan duenik hiru hautagai egoteak. Egia da aldaketa izan dela niretzat, orokorrean hauek izan direlako hautagaitzan edo proiektuaren egituran eta prozeduran parte hartze handiena izan dudanak. Baina gauzak egin behar ziren moduan eta guk pentsatu ditugun moduan egin dira. Agian, kanpaina antolatzen ari garen ikuspuntutik mugarri handiagoa izan direla hauteskunde hauek.
Nesken proiektua gehien landu den hauteskundeak izan dira?
Bai. Hautagaitzako neskekin berba egiten eta Ainhoa Tirapurekin [Barkalaren hautagaitzako nesken sekzioaren zuzendaria] hitz egiten hori esan didate. Bere momentua beranduago helduko zela uste zuen baina aurreratu da. Nire aldetik beti izan da buruan izan dudan gauza bat. Guretzat nesken futbola ez da osagarria. Ardatza da. Ezin zaio planteamendu txiki bat eman eta proiektua ezin da arratsalde batean kontatu. Momentua heldu behar zen. Munduan zehar ere nesken futbola asko hazten ari da eta eragin asko izaten ari da.
Zergatik erabaki duzue Ainhoa Tirapu nesken sekzioaren zuzendari izatea?
Ainhoak daukan esperientzia eta curriculumagatik. Hamabost denboraldi eman ditu Athletic-en eta bi liga irabazi ditu, eta gainera, kimikan lizentziaduna da. Zelaitik kanpo ere balio duela erakutsi du. Sekulako curriculuma dauka zelaian eta zelaitik kanpo. Batzuk oso onak izan daiteke berean eta ez beste arlo batzuetan. Handi egiten zaituena, beste arlo batzuetan beste posizio bat lortzea da. Nesken futboleko batzordeko presidenteordea da, hitzarmen kolektiboa lortzeko orduan egon zen. Negoziaketetan egon zen lanean. Gainera, oso ondo ezagutzen du Lezama. Iraiarekin talde oso potentea osatzen du eta binomiorik onena da gure ustez.
"Guretzat nesken futbola ez da osagarria. Ardatza da"
Zuzendaritza batzordearen lana luzarotik dator?
Hori da. Taldea ez zegoen osorik hasieratik zaila delako. Taldeka lan egiten dugu eta zortzi-bederatzi pertsona hasi ginen. Horiek zer behar genuen edo taldera nor etorri behar zen pentsatzen hasi ginen gaur egun osatzen dugun 19 pertsonetako zuzendaritza-batzordea sortu arte.
Makuaren presidentetzan egon zinen jada idazkari moduan. Zergatik erabaki duzu berriro erronka honi aurre egitea?
Bai, gogoa izan behar da. Baina egia da lagun batzuk ditudala horretan sartuta eta futbola izugarri gustatzen zaidala. Barkalaren proiektuak, Barkalak berak ere, eta berak azaldutako ideiek erakarri ninduten eta animatu nintzen. Talde hau gaur egungo beharrizanei erantzuteko egokiena dela pentsatu nuen.
Proiektuek presidentetzak irauten duen lau urteak baino gehiago iraun beharko lukete?
Arlo batzuetan pixka bat luzarora begiratu behar da derrigorrez. Adibidez, Lezamako proiektuak eta horrelako proiektu estrategikoak gehiago errespetatu beharko lirateke presidentetza amaitu ostean . Gauzak batzuetan errazagoak dira. Lezaman aldatzeko gauzak egon daitezke, baina ez da egokia dagoen proiektua guztiz aldatzea. Lezamak eta klubak ederto funtzionatzen dute. Hobetu dezakeela? Bai, baina beste hainbat gauza bezala.
"Barkalaren proiektua Barkala bera ere, eta berak azaldutakoa ideiak erakarri ninduten eta animatu nintzen"
Hasieratik, entrenatzailearen izenak eragin handia izan du bazkideengan. Zer garrantzia izan du zuen programan?
Proiektuaren aldekoak gara. Entrenatzailearen izenak ez du eraginik izan gure hautagaitzan. Ez diot garrantzirik kentzen, baina Athleticentzat edo Lezamarentzat, proiektua da onena. Mediatikoki izenak dira garrantzia dutenak, baina azken finean, ondo pentsatzen baduzu, entrenatzaileak joan eta etortzen dira. Prozedura, edukiak… luzaroan gelditzen dena da. Hori horrela da. Hor ibili garenok badakigu zer garrantzia duen, baina daukadan esperientziarekin badakit presio hori gainditu behar dela. Askotan pentsatzen dugu Athletic lehenengo taldea dela, baina askoz gehiago da.
Zein arlok dauka eragin gehien bazkideengan?
Bazkideen irizpidearengan konfiantza badut ere, oso zaila da jakitea. Gauzak nahi ditugun moduan egiten ditugu eta guk nahi dugunera arte heltzen gara. Gustatuko litzaidake irabaztea, baina ez bada gertatzen, trankil-trankil joango naiz etxera.
Hauteskunde kanpaina abal gutxiagorekin hasteak eragin dizue?
Ez. Mugarri bat da, baina hautagaitza izendatzeko da, besterik ez. Lehen eragin handiagoa zuen boto intentzioa erakusten zuelako, baina hori asko aldatu da. Jendeak bozkatzerakoan, bestelako iritzi bat izan dezake. Ez dut uste abalak hain erabakigarriak izango direnik.
Deitzen dizueten debate guztietara joango zarete?
Argi eta garbi izan dugu hasieratik baietz. Publizitate espazioak dira. Gure edukiak aurkezteko balio dute. Edonolako foro, kanal, debate eta edozein proposameni baietz esango diogu. Garbiak eta oso zintzoak izan gara alde horretatik. Debateei begira, guztiak presidentegaienak izango dira eta agian, baten batean, presidenteordeak joango dira, baina ez dut bestelakorik entzun.
"Ez dut uste abalak hain erabakigarriak izango direnik"
Athletic marka gehiago sustatu behar da?
Hori da gure asmoa. Athleticen markak eragina dauka, baina askotan izena besterik ez da. Edukiz osatu behar da. Askotan, sortzen dugun marka hutsik dago. Gauzak egin behar dira eta horrek eragina emango dio markari. Kanpoko jendeak taldea ezagutzen badu ere, ez daki gehiegi berari buruz. Hori sustatzeak eragina izan dezakeela uste dugu.
Gizarte proposamenen moduko proiektuak horrenbesteko eragin mediatikoa izan ez arren zer nolako garrantzia daukate?
Eragina izan dezakete. Bazkidea beti izan da klubaren zatirik garrantzitsuena, baina batzuetan gehiengoari buruz ari gara, eta hor beste talde asko daude. Adibidez harmaila sortu ostean lekuz aldatu beharko diren bazkideak egongo dira eta horiei ere erantzun ona eman nahi zaie. Esfortzu handia egin behar dugu. Estatutu berriek dena berrikustea eta bazkideen beharrizanak betetzeko beste ildo batzuk irekitzea eragiten dute. Beharrizan berriak sortzen dira eta horretarako garrantzitsua da geure moduko esperientziadun pertsonak egotea hautagaitza barruan. Abantaila handia ematen dizulako. Gauzak zelan egin behar diren aurretik dakigu.
Zergatik uste duzu zuen hautagaitzak irabazi behar duela?
Klubak aurkezten dituen beharrizanei aurre egiteko hautagaitza orekatuena gurea dela uste dut. Gainera, nire ustez, kanpaina osoan zehar esfortzu gehien egin dugunak gara. Proiektua daukagu, edukia aurkeztu dugu eta pertsonak aurkeztu ditugu. Horrek, agian, erraza dirudi, baina sekulako lana izan da, eta jendea kontratatzea ere zaila izan da. Hauek zure proiektuarekin konpromiso bat hartu behar dute, irabaziko dugun edo ez jakin gabe. Eta proiektua eta lankideak ikusita zurekin geratzea sekulako poza da. Errespetu handia daukat beste hautagaiekiko, baina konpetentzia eta kapazitate aldetik geure hautagaitza onena dela uste dut.
"Klubak aurkezten dituen beharrizanei aurre egiteko hautagaitza orekatuena gurea dela uste dut"
Zer eskaini dezakezue Aitor Elizegiren hautagaitzarekin alderatuta?
Estatutuen onarpena erronka handia izan da. Gauza garrantzitsua aurrera atera dute. Eta pandemiaren ostean egon den errealitate berri honetan irtenbide eta proposamenak egitea ere erronka handia izan da. Trantsizio lasai eta apala egin behar dugu. Zuzena, baina estruktura hibrido baten gainean. Tradiziozko kluba da eta bazkidetza nagusi da. Beraz, sentikorrena izanez ibili behar zara. Trantsizio zaila eta ondo egin beharrekoa izango da.