Athletic-en presidentetzarako hauteskundeak

Marcelo Bielsa izango da Iñaki Arechabaletaren hautagaitzaren entrenatzailea

uriola.eus 2022ko eka. 20a, 13:47

Marcelo Bielsaren aurkezpena (Argazkia: Arechabaletataldea)

66 urteko entrenatzaile argentinarra bigarren aldiz izango da Athletic-en entrenatzaile Arechabaleta taldeak hauteskundeak irabazten baditu. Azkuna Zentroan aurkeztu du entrenatzailea hautagai deustuarrak, eta Bielsak bideo baten bidez bere lanaren eta asmoen berri eman du.

Bere aurkezpenean Athletic-en izandako lehen etapari erreferentzia gehiegirik ez badio egin ere, Athleticzaleei 2011-2012 denboraldia etortzen zaie burura Marcelo Bielsaren izena entzutean. Rosarioko entrenatzailea San Mameseko aulkian eseriko da Iñaki Arechabaletak hauteskundeak irabazten baditu. "Munduko entrenatzailerik gurtuena" da Arechabaletaren esanetan, eta erabakia "profesionala da, eta ez mediatikoa" deustuarrak azaldu duenez.

San Mameseko prentsa-aretoan bi urtez hain famatuak bihurtu ziren prentsaurrekoak gogora ekarri ditu Marcelo Bielsak egindako ordubeteko aurkezpenak. Hautagaitzarekin lehen kontaktua martxoan izan zen, Leedsen bere entrenatzaile kargua galdu eta aste batzuetara. Orduan, Athletic, Bilbao Athletic eta liga momentu horretan nolakoa zen aztertzea eskatu zion Arechabaletari, baina Marcelinok entrenatzaile izaten jarraituko ez zuela jakin zenean, Marcelo Bielsaren aukera lotu zuen deustuarrak. 

Athletic-en egondako lehen denboraldian, Arechabaletaren ustez mende honetako onena, Europa Ligako eta Errege kopako finaletara eraman zuen taldea. Hala ere, bi finalak galdu eta bigarren denboraldian jokalariak guztiz nekatuta amaitu zuten eta ligan 13. postuan amaitu zuten, kopan lehen kanporaketa galdu eta Europa Ligan multzokako taldean kanporatuta geratu zen. Horren harira, hurrengoa aipatu du: "Athleticetik igaro nintzenean, jokalariak prestatzeko metodoa hobetzeko leundu eta hobetu beharreko gauzak zeudela pentsatzen hasi nintzen".

Taldearen ezagutza handia

Marsellako Olimpique, Lazio, Lille eta Leeds United eta orain, agian, Athletic berriro. Lana ez zaio falta izan azken urte hauetan, eta Marsellan eta, batez ere, Leedsen, non taldea 16 urteren ostean lehen mailara igo zuen, hiriko idolo bihurtu zen. Otsailetik darama talderik gabe eta denbora hori Athletic sakonki aztertzeko erabili du: "Denboraldiko 45 partidak ikusi eta alderdi guztiak aztertu ditut. Duela 10 urte Caparrosen talde handi bat hartu nuen oinordetzan, baina talde hau gaur egungoa da eta antza handiagoa du talde bati transmititu nahi diodanarekin Caparrosen taldeak baino".

Lehenengo taldearen partidak ez dira ikusi dituen bakarrak, Athleticen aurkariak ezagutzeko Ligako 380 partidak ikusi baititu. Denbora asko erabili du jokalariak aztertzen eta lehen talde ahalik eta onena lortzeko Bilbao Athletic-en partida guztiak eta eskuratu dituen Basconiaren laurak ikusi ditu. Hau da bere plana: "Proiekzioko hiru jokalarirentzako tokia duen 22 jokalariko plantilla izatea da helburua; horietako bat atezaina, hirugarren aukerak izango liratekeenak, eta beraz, bigarren taldearekin konbinatu ahal izango luketenak".

Lan metodoak

Marcelo Bielsak bere Argentinako etxetik grabatu du bideoa eta Bilbora bere talde osoarekin etorriko litzateke uztaileko lehen astetik aurrera lanean hasteko. "Bost asteko denboraldi-aurre bat, eta seigarren asteko Ligako lehen partidarekin amaituko da. Aurten bikoitza izango da, azaroa eta abendua bitartean munduko txapelketa dagoelako. 60 edo 70 minutuko entrenamendu saioak egingo ditugu, laburragoak eta biziagoak". Horrela izango da Bielsaren prestaketa.

Entrenamendu luze eta gogorengatik ezaguna zen Bielsa, baina berak azaldu duen moduan, haren metodoak aldatu ditu azken aldian: "Entrenamendu laburrak eta dinamikoak, etenaldi gutxikoak, monotonia saihesten duten aldaketekin. Jardueraren prestakuntzak saioak daramana baino denbora gehiago behar du". Astean behin, beheragoko mailako taldeko 11k entrenamendu partida batean parte hartuko dute maila gorenekoekin.

Argazki, grafiko eta bideo anitzen bidez, hilabete hauetan egindako lana aurkeztu du argentinarrak. Argi utzi du prest dagoela gogor lan egiteko, eta taldea oso ondo ezagutzen duela erakutsi du. Marcelo Bielsaren inguruan bazkideen iritzia banaturik agertu da egun hauetan Arechabaletaren entrenatzailea izango zela jakin zenetik. Baina gaurko aurkezpenean argi utzi du bere lana prestatu duela.