Athletic-en presidentetzarako hauteskundeak

Carlos Aviña, Uriarteren futbol zuzendaria, kolokan duela 9-10 urteko txio batzuen ondorioz

uriola.eus 2022ko eka. 21a, 15:59

IZAN Athletic-ek egindako kirol aurkezpena (Argazkia: IZAN Athletic)

Gaur goizean aurkeztu du Jon Uriartek bere kirol proiektua eta Carlos Aviña, 31 urteko mexikarra aukeratu du atal horren zuzendari gisa. Goizean zehar Aviñak duela 9-10 urte idatzitako txio, arrazista, matxista eta homofoboak agertu dira sare sozialetatik eta hautagaitzak mezu horiek aztertzen ari da.

Gaur goizean kirol arloko proiektua aurkeztu du Jon Uriartek eta horren barruan joango diren profesionalen izan batzuk aurkeztu ditu. Iraia Iturregi emakumeen taldeko entrenatzailea izango dela baieztatu duen arren, gizonezkoena ezagutzeko itxaron beharko da. "Kirol proiektuaren mezua indartu nahi izan dugu, bestela arreta beste leku batera joango zen. Datozen 24-48 orduetan jakinaraziko dugu, kanpainaren dinamiken arabera. Baina argi dugu gure filosofiarekin eta San Mameseko zaleek gustuko duten joko motarekin bat etorri behar duela: intentsitate handikoa eta zuzena", azaldu du Uriartek.

Proiektu eta sare guzti hori, pertsona bakar batek zuzenduko zuela azaldu zuen duela egun batzuk IZAN Athletic-eko hautagai burua. Gaur Carlos Aviña aurkeztu du futbol zuzendari gisa eta bera izango da estruktura osoaren buru. 31 urteko mexikarra, Amerika taldean eta Cercle Brugges taldean lan egin du. Profil berritzailea eta gaur egungo futbolari lotutakoa BigDatan aditua da. Teknologia hori talde guztietan erabiliko da harrobitik hasita, lehenengo taldeko jokalarietara arte. 

Txio polemikoak

Izen hau aurkeztu duen arren, goizean zehar eta aurkezpena egiten ari zen bitartean, sare sozialetan Carlos Aviñak 2012 eta 2013 artean idatzitako txio polemiko batzuk agertu dira. Aviñak idatzitako mezu arrazista, homofoboa eta matxistak, laster heldu dira IZAN Athletic-en entzunetara eta horren harira komunikatu bat atera dute. 

"Adierazpen horiek ez datoz bat gure hautagaitzarekin. Onartezinak dira eta aurrez aurre talka egiten dute hautagaitza osatzen dugun pertsonen printzipioekin eta balioekin", adierazi dute komunikatuan. Momentu honetan txioen egiazkotasuna aztertzen ari dira eta aldi berean protagonistarekin hitz egingo dutela aipatu dute. "Aldagai horiek guztiak aztertuta ditugunean, erabaki bat hartuko da, eta erabaki hori behar bezala jakinaraziko zaie Athleticzaleei, bai eta komunikabideei ere", adierazi dute. 

Beste bi izen Lezamarako

Bi entrenatzaileez gain kirol proiektua osatuko duten lau pertsonetatik (Caros Aviña zuzendaria dela kontuan hartuta) bi aurkeztu ditu Uriartek, beste biak lotuta baditu ere. Sergio Navarro, Lezamako zuzendaria izango litzateke eta Xabier Arrieta nesken idazkari teknikoa. Uriarteren asmoa jokalaria taldea baino garrantzitsuago izatea izango da. Teknologia berrien bidez, jokalarien bereganatzea bultzatuko da eta horien eta Lezamako beste jokalari guztien trebetasun guztiak ustiatzea eta jokalariei balio jakin batzuk erakustea izango da helburu nagusiena.

Sergio Navarro curriculum luzea izan du Uriarteren hautagaitzara heldu arte. Castellonekoa da eta bertan egin du lan. Etxetik hurbil ere, Vila-Real eta Levante egondakoa da. Estatutik kanpo Errusiako Rubin Kazan taldean eta Ukrainan egin du lan. Bestalde 2011an Lezama ezagutzeko aukera izan zuen, garai horretan beheragoko mailetan entrenatzailea zen Edu Docamporen eskutik. 

Nesken kasuan Bizkerre taldearen eredua oso presente egongo da Lezama. Sekzio honetarako hautatutako pertsona Xabier Arrieta nesken futboleko arduradun teknikoa izango da eta entrenatzailea Iraia Iturregi izaten jarraituko beste hiru hautagaiek berretsi duten bezala. Arrieta 15 urteetan zehar egon da Bizkerre taldean, Athletic-en hitzartutako taldeetako bat hain zuzen ere.