Abusuko egitaraua
18:00etan egingo dute kuadrillen jaitsiera Abusun, eta jarraian irekiko da txosna. 19:00etan, jaiak ofizialki abiaraziko dituen txupinazoa jaurtiko dute. Aurtengoan, auzoko anbulatorioan urte luzez lanean jardun zuen erretiratu batek, Jaimek, piztuko du metxa. Ordutik aurrera, jan-edana, musika eta lagunarteko giroa izango dira nagusi. Gauean Sukar orkestraren esku egongo da kontzertua, eta tartean bingoa eta guzti egingo dute.
Larunbatean, berriz, egun osoko egitaraua prestatu dute. 10:00etan txistulariek esnatuko dituzte auzotarrak, eta goizean zehar hainbat hitzordu egongo dira: igel txapelketa, xakea, rubik erakustaldia, dantzak zein tortilla txapelketa. 14:00etatik aurrera sabela betetzeko ordua izango da, bingo musikatuak girotutako herri bazkaria egingo baitute, norberak etxetik nahi duena ekarrita. Bazkalostean ere ez da aspertzeko betarik izango. Mus txapelketaz, herri kirolez, askotariko dantzen erakustaldiaz eta sardina-janaz gozatzeko aukera egongo da. Amaitzeko, gauez Principal orkestra igoko da agertokira.
Eta igandean oraindik ere indarra daukatenek hainbat hitzordu izango dituzte aukeran. Besteak beste, sukalki txapelketan jardungo dute helduek, eta umeek puzgarrietan jolastu ahal izango dute, barraken atzealdean. Auto klasikoen erakusketa ere ez da falta izango, ezta bilbainadak ere. Sukaldeko trebeziak erakusteko beste aukera bat postre txapelketa izango da. Umeentzako zein helduentzako prestatu dute. Haurrek, hain zuzen, arratsaldez moto txikien gainean lasterketak egiteko aukera ere izango dute, baita tiragoma txapelketan parte hartzekoa ere.
Egitarau guztia hemen ikus daiteke
Errekaldeko egitaraua
20:00etarako prestatu dute Errekalden 2022ko jaietako lehenengo hitzordua. Auzo konpartsaren eta Kuadrillen jaitsiera egngo dute, Sambalú Aye batukada taldeak girotuta. Larraskitutik abiatu eta Errekaldeko plazan amaituko da ibilbidea. Bertan egingo dute jaietako aldarria, aurten Txibiren omenez, eta Errekartartalo jaietako pertsonaiaren eskutik etorriko da txupinazioa, baita txosnen irekiera ere. Gauez, Beranduegi erromeria, suzko zezena eta kalejira feminista izango dituzte.
Bihar, larunbata, goizean goiz mendi martxa egingo dute pagasarrira. Bestalde, goiz osoan zehar Kontseilu Sozialistako kideak oinarrizko produktuen bilketa egingo dute, eta herritarrek haien ekarpenak egiteko aukera izango dute. Horrez gain, besteak beste, paella lehiaketa, musika eta erraldoiak egongo dira goizean zehar. Arratsaldez, berriz, mahai jokoak, musika gehiago, apar festa edota liburu trukea. Amaitzeko, Kresala taldearen doinuekin dantzaldia egongo da gauez, eta, beste behin ere, suzko zezena.
Igandea herrien eguna izango da. Bada, kirol jarduerarik ere egongo da egun horretan: mendiko bizikleta lasterketa. Eguerdian, berriz, kalejira eta dantza alardea, eta ostean elkartasun bazkaria Txoriaken. Arratsaldez, berriz ere mahai jokoak, musika, liburu trukea… baita txistorrada eta antzerki ibiltaria ere. Amaitzeko, Txalainaken kontzertua egongo da Euskarrin, eta plazan, berriz, Marina Lays Lays-ena.
Asteburutik aurrera ere jarraituko dute jaiek Errekalden. Hala, astelehena kuadrillen eguna izango da, asteartea umeen eguna eta osteguna, berriz, gazte eguna. Ostiraleko elkartasun egunarekin abiatuko dute bigarren asteburua, eta igandera arte, egunero-egunero egongo dira ekintzak.
Hemen ikus daiteke egitarau osoa.
Etxeratze kolektiboak gauez
Nabarmentzekoa da aurten, Itaia emakumeen antolakundearen eskutik, jaietara bertaratzen diren emakumeak etxera elkarrekin itzuli ahal izateko zenbait hitzordu jarriko dituztela. “Izan ere, emakume langileok jasaten dugun indarkeria modu gordinean agertzen da jai-giroan, etxera bueltatzeko unean, adibidez”, azaldu du Itaiak. Hori dela eta, “indarkeria matxista neutralizatu eta emakume langileok independentziaz antolatzeko dugun gaitasuna handitzea” xede, ostiralean eta larunbatean honako hitzordu hauek antolatu dituzte, elkartzeko tokia txosnagunearen kanpoaldean egongo delarik: 01:00, 03:00 eta 05:00etan.
Hurrengo, Deustuko Erriberaren txanda
Datorren astean ere egongo da non topatu jai giroa. Izan ere, Deustuko Erriberako auzotarrek hartuko dute lekukoa ostegunean hasi eta igandera arte. Ostegun arratsaldean kalejira izango dute 19:00etan, eta ondoren txupinazoa eta pregoia etorriko dira. Lau egun horietako egitarau osoa hemen ikus daiteke.