Ostadarraren koloreko banderek eta sexu askapenaren askotariko ikurrek josi zuten atzo Bilboko erdigunea. Eguraldia lagun izan zutelarik, Bilboko nahiz Bizkaiko hainbat udalerritatik etorritako jendeak bat egin zuen 1969ko ekainaren 28an New Yorkeko Stonewall tabernan poliziak egindako sarekada baten ondotik etorri zen matxinada gogoan izateko urtero deitzen den hitzorduarekin. Azken urteotan bezala, hainbat kolektibok eta norbanakok osatutako Bizkaiko E28 Koordinadorak antolatu zuen mobilizazioa.
Bada, Stonewalleko istiluetan parte hartu zutenen zein, Euskal Herrira etorrita, duela 43 urte Errenterian polizia batek Francis tirokatu eta hil ostean altxatu ziren haien borroka gogora ekarri nahi izan zuten atzokoan, baita harrotasunaren izaera politizatu eta iraultzailea nabarmendu ere. Hala, gogor kritikatu zuten, beste behin ere, Bilbao Bizkaia Harro (lehenago Bilbao Bizkaia Pride zeritzona) egitasmoaren bitartez “udalak, aldundiak, EAJk eta enpresariek” LGTBI+ harrotasunaren inguruan “instrumentalizazioa eta merkantilizazioa” egitea.
Dena den, aipatu bezala, atzoko mezu nagusia transfobiaren aurkakoa izan zen, eta antolatzaileek ezinbestekotzat jo dute TERF delako jarrerak anbiguotasunik gabe arbuiatzea; izan ere, kriptofaxistatzat jotzen dute feminismoaren baitan emakume transexualak baztertzen dituen korronte hori. Bestalde, Osakidetzako Genero Nortasun Unitatean oraindik ere ikuspegi bitarra eta patologizazioa gailentzen direla salatu zuten.
Askotariko zapalkuntzak ahaztu gabe
Atzoko mobilizazioaren amaieran irakurritako komunikatuaren bidez nabarmendu zuten espainiar estatuan prostituzioaren abolitzeari buruzko lege proiektua ez dutela begi onez ikusten, uste baitute, gaur-gaurkoz, arrisku praktikak areagotzea baino ez lukeela ekarriko. Azpimarratu dute, gainera, sarri askotan jardun horretan diharduten “migratzaileak diren trans pertsonak kriminalizatzea” ekarriko lukeela.
Ildo beretik, atzerritartasun legearen aurka egin zuten, eta “paperik gabe harrotasunik ez” dagoela oihukatu zuten ozen bertaratuek.
Hona hemen gaurkoan Bilbon egindako irakurketa.
— E28 Bizkaiko Koordinadora (@e28koordinadora) June 28, 2022
Aski da transfobiaz!
¡Feminista, posicionate!
Transfobiaren aurrean jo ta ke!
¡Fuego a la ley de extranjería! pic.twitter.com/7ZdNTv1kBd