Athletic-en presidentetzarako hauteskundeak

Jon Uriartek presidente kargua hartu du aurreabala aurkeztu ostean

uriola.eus 2022ko eka. 30a, 10:59

Estatutuak exijitzen dituen 7 milioiak aurkeztu ditu eta Athletic-en 33. presidentea izango da. Kargu hartzearekin batera Ernesto Valverde aurkeztu du entrenatzaile gisa eta Joseba Agirre eta Rafa Alkorta emakumeen eta gizonezkoen taldeen kirol zuzendari gisa jarraituko ez dutela iragarri du taldeak.

Athletic-ek guar egin du ofizial Jon Uriarteren kargu hartzea. Aurreko ostiralean, ekainaren 24an irabazi zituen hauteskundeak botoen %46,71rekin, guztira 10.979. Sei egun geroago estatutuak exijitzen dituzten aurreabalak aurkeztu ditu eta Aitor Elizegi ordezkatuko du hurrengo lau urteetan. Kirol proiektuaren zuzendari gabe aurkeztu zen arren, bere ideia berritzaileak eta taldeari aire fresko bat emateko helburua bazkideengan eragina izan zuen. 

Taldearen 33. presidentearekin batera, garai berri bat hasi da gaur Athletic-en. Azkena hasi zuen hauteskundeetako ibilbidea, baina bere ideiek eragin handia izan zuten eta abal gehien lortu zituena izan zen. Indar hori mantentzea lortu zuen eta hasierako babes horri beste hainbat batu ziren. Aurten onartu den herri harmailarekin argi geratu da gazteek bere tokia hartzen ari direla San Mamesen eta Uriarteren gaztetasuna "katedraleko" belaunaldi berriekin konektatu du.

Bere ideiak ezartzeko eta proiektuak aurrera ateratzeko lau urte izango ditu eta proiektua gutxi barru jarri beharko du martxan. 44 urte bete zituen ostiralean bertan baina denbora gutxi izango du ospatzeko. Carlos Aviñaren ustekabea, kirol proiektuaren zuzendari berri bat bilatzera bultzatu du eta lehenengo asteak lan handikoak izango dira proiektu guztia osatu arte. 

Ernesto Valverde ofiziala

Esku hartzearekin batera Ernesto Valverde aurkeztu dute gizonezkoen entrenatzaile gisa. Athletic-en partida gehien zuzendu dituen entrenatzaileak hirugarren aldiz zuzenduko ditu zurigorriak eta Clementek daukan garaipen errekorra apurtzeko aukera izango du. Gaur arratsaldean egingo da bere aurkezpena Uriarteren lehenengo ekitaldi publikoan. 

Uriarteren moduan lan handia izango du Valverdek. Lehenengo jokalariak azterketa medikoak egin dituzte eta datorren astean lanera bueltatuko dira abuztuaren 14an hasiko den lehen jardunaldia prestatzeko. Gasteiztarrak hilabete eta erdi izango du 2022/2023 denboraldian izango dituen jokalariak erabakitzeko eta ez da lan erraza izango. 

Paredes, Prados, Artola, Gerenabarrena, Luis Bilbao eta Adu Ares aurre denboraldia egingo dute lehen taldearekin eta hauekin batera lagapenetatik bueltatzen diren Iñigo Vicente, Morcillo, Imanol eta Córdoba. Capak kontratua berritzen badu guztira 35 jokalari izango dira; beraz uztaila erabakigarria izango da plantilla egoki batekin heltzeko denboraldi hasierara.

Aurredenboraldiko partidak

Zer jokalari nahi dituen erabakitzeko sei partida izango ditu Valverdek abuztuaren 14ra arte. Denbora gutxi igaroko du Athletic-ek Euskal Herrian Alemanian jokatuko baititu partida gehienak. Uztailaren 17an jokatuko dute lehena Duisburgoko Traidizo Kopan, Borussia Mönchengladabchen aurka (17:00etan) eta MSV Duisburgen (18:00etan) taldeen aurka. Neurketa bakoitzak 45 minutukoa izango da. 

Txapelketa horren ostean Ipar Renania-Westfalia estatura joango dira uztailaren 21ean, Gütersloh hirian VFL Bochum-en aurka jokatzeko 18:00etan. Alemanian ere Mainz 05 taldearen aurka jokatuko dute uztailaren 23an 17:00etatik aurrera. Kanpoan jokatuko duten azken partida Newcastle taldearen aurka jokatuko dute St James' Parken uztailaren 30ean 16:00etan.

Azkenik Errealaren aurka jokatuko dute Euskal Herriko txapela abuztuaren 5ean. Partida garrantzitsua izango da batez ere Valverdek lehenengo jardunaldian erabiliko duen hamaikakoa aurreikusteko. Partida Lasesarren jokatuko da, Barakaldon, 20:45ean. Seigarren edizioa izango da eta Osasuna izan da txapela birritan irabazi duen bakarra. Athletic edo Errealak txapela batekin bakoitza Osasuna berdinduko dute aurten.

Lehen agurrak

Valverde Aurkeztu du Athletic-ek eta Joseba Agirre eta Rafa Alkortaren agurrak iragarri ditu. Jon Uriartek aurkeztutako kirol proiektuan ez zeukaten lekurik bi kirol zuzendariek eta gaur egin da ofiziala haien agurra. Kargu bera izango ez duen arren, Sergio Navarro izango da Lezamaren zuzendaritzaren arduraduna eta Xabier Arrieta emakumezkoen futbolaren arduradun teknikoa izango da.