Txekiar Errepublikako Nymburk, Bosniako Igokea eta Turkiako Bahcesehir, Bilbao Basketen arerioak BCL txapelketan

uriola.eus 2022ko uzt. 7a, 14:11
Bilbao Basket BCL txapelketan 2020-2021 denboraldian (Argazkia: BCL)

D multzoan jokatuko du Bilbao Basketek Basketball Champions Leagueko bere bigarren partaidetzan. Urriaren 4an hasiko da eta sei partida jokatuko ditu guztira. Lehenengo sailkatuak zuzenean jokatuko ditu final zortzirenak, eta bigarren eta hirugarrenek play-in bat jokatu beharko dute sailkatzeko.

Bilbao Basketek gaur goizean ezagutu ditu BCL txapelketako arerioak. Guztira 32 taldek jokatuko dute multzokako fasea, eta Jaume Ponsarnauren taldea D multzoan borrokatuko da sailkapena lortzeko. Taldearen bigarren partaidetza izango da, lehen aldiz 2020-2021 denboraldian jokatu ostean. Orduan, lehenengo fasean kanporatuta gelditu ziren bi partida bakarrik irabazi ostean. Aurten, urte horretan izan ez zuten publikoarekin batera, marka hori gainditzea izango dute helburu. 

Hirugarren multzoan zegoen Bilbao Basket, txapelketan duen esperientzia gutxiaren ondorioz; hala ere, zorte nahiko handia izan du parekatzean. Lehenengo multzoan Txekiar Errepublikako Nymburk taldea atera da. Lehenengo geratu zen bere ligan eta hura irabazi zuen 17. aldiz. Zalantzarik gabe herrialdeko talde indartsuena da, eta aurreko BCL-an azkena geratu zen, baina aurreko bi edizioetan final laurdenetara heldu zen. 

Bosniako Igokea ere liga txapelduna da. Bosanski Aleksandrovac-eko taldeak bere zortzigarren liga irabazi zuen eta Txapeldunen ligan play-in-era sailkatu zen. Azken multzoan, segur aski, talderik zailena atera da. Bahcesehir turkiarra duela bost urte sortu zen, baina aurten jada liga final laurdenak jokatu ditu eta FIBA-ren Europa kopa irabazi zuen. 

Aurrekariak

Edizio bakar batean jokatu du Bilbao Basketek BCL, eta emaitza ez zen oso ona izan. Bi partida besterik ez zituen irabazi eta edizio horretan play-in ez zenez existitzen hirugarren postuan kanporatuta geratu zen. Txapelketa hura jokatzeak, arazoak ekarri zizkien ACB-n. Bere publikoaren babesik gabe pandemiaren ondorioz, bigarren mailara joateko zorian egon ziren. Azken partidan lortu zuten maila mantentzea.

Aurtengo egoera antzekoa da. Bederatzigarren geratu dira aurtengo ligan, baina taldea ia guztiz aldatu behar izan du Bilboko taldeak. Kontratua amaitu zitzaien jokalari guztiei Galáni izan ezik, eta Mumbrúk, taldea lehen mailara bueltatu zenetik Bilbao Basketen entrenatzaile izan denak, Valentziara egin du alde. Momentu honetan bost jokalari berritu ditu eta beste bi fitxatu ditu. Guztira zortzi jokalari ditu eta gomendagarria izaten da bi txapelketa jolasteko 12 jokalari baino gehiago izatea. Beraz, Rafa Pueyok lan handia izango du udan plantilla on bat lortzeko.