San Inazioko eta Bilbo Zaharreko jaiak izango dira asteburu honetan

uriola.eus 2022ko uzt. 20a, 14:50

Ostegunean, uztailak 21, hasiko dira Bilbo Zaharrekoak, eta igandean, hilak 24, amaituko dira. Kontzertuak, umeentzako ekintzak, bazkariak eta zenbait lehiaketa egongo dira. Bestalde, San Inaziokoak uztailaren 23tik hilaren 31ra arte luzatuko dira. Aoiz plazan hasiko dira, 18:30ean. 

Beste aste batez, Bilbok jaiak ospatuko ditu auzo ezberdinetan. Asteburu honetan Bilbo Zaharraren eta San Inazioren txanda izango da. Lehenek asteburu bakarra iraungo dute, eta aste osoa, uztailaren 31ra arte, bigarrenek. 

Uztailaren 21ean, jaiak berotuko dira hasieraren bezpera gisa Brutality sound sistem taldearen kontzertuarekin, 20:00etan. Ostiralean hasiko dira jaiak ofizialki pregoia eta txupinazoarekin, 20:00etan. Gauez, Bada Giro erromeriak musika jarriko du plaza girotzeko. 

Larunbata eta igandea, uztailak 23 eta 24, ekintzaz beterik helduko dira Bilbo Zaharrera. Umeen jolasek emango diote hasiera larunbatari, 12:00etan, eta bazkaldu baino lehen, gosea hartzeko 14:50ean Kukañaren txanda izango da. Magia pixka batekin girotuko du plaza arratsaldean Ibon magoak, eta 18:00etan eguneko lehen kontzertua izango da. Mozkor Alaiak taldeak joko du Kuna etxearen atzealdean. Gauez, 22:00etatik aurrera, Patxadaz, Vibora eta Uger taldeek joko dute.

Jaiak igandean amaituko dira, ekintza gehieneko egunean, hain zuzen ere. Patata tortilla eta paella lehiaketa egingo da 12:00etatik aurrera, eta Jazz in hell komedia musikalarekin girotuko da plaza 13:00etan. Prestatutako platerekin auzo bazkaria egingo da 14:30ean. Arratsaldea Froog Projekt DJak girotuko du, eta 17:00etan mus txapelketa jokatuko da. Zortzietan banatuko dira sariak eta 22:30ean azken traka izango da. Azkenik, lau kontzertuk emango diete amaiera jaiei: ZTKM, Bretxa, Lokuria eta Vomitando desperdicios. 

San Inazioko jaiak

Luzeagoak izango dira San Inazioko jaiak, eta larunbat honetan hasiko dira, uztailak 23, eta hilaren 31ra arte luzatuko dira eguneroko egitarauarekin. Jaiak 18:30ean hasiko dira txupinazoarekin batera, 2019ko txapeldun izan ziren Puzkatu eta Gazte kuadrillen eskutik. Jaitsiera egingo da horren ostean, eta hainbat kontzertu egingo dira. 23:00etatik aurrera Lukiek, Orbelak eta Bazuka´l Bakala taldeek joko dute.

Igandean paella lehiaketa egongo da goizean eta egunean zehar hainbat kontzertu egongo dira. Gaua, Aldats erromeriak eta Dj Kastak girotuko dute. Astelehena jaieguna izango da, eta horregatik egitarauak nahiko handia izaten jarraituko du. Sukalki lehiaketa edo Katumerkatua egingo da goizez eta arratsaldean kuadrillen arteko areto futbol txapelketa jokatuko da. Musika izango da nagusi arratsaldean.

Astean zehar ekintza ugari egongo dira. Asteazkena auzo eguna izango da eta bazkari beganoa egingo da Errondokon eta arratsaldean Sani Rock ospatuko da Ziprexa, Cecilia Payne, Terapia eta Braulio taldeekin. Ostegunean pintxo eta tortilla lehiaketa egingo da arratsaldean. Ostirala gazte egunaren txanda izango da eta 15:00etan janaria egingo da eta gauean Toc, Rat-Zinger eta Ruizza taldeek joko dute.

Larunbata, uztailak 30 izango da ekintza gehieneko eguna. Liburu azoka solidarioa, herri kirol erakustaldia, mus lehiaketa, kuadrillen ginkana edo Critical Sound Systemen kontzertua egingo dira. Igandeak emango die amaiera jaiei. Marmitako lehiaketa egingo da 09:00etatik aurrera eta gauez 21:00etan sari banaketa egingo da. Azken traka jarriko du itxiera 21:30ean. Programa guztia hurrengo pdf-an kontsulta daiteke.