2.000 athleticzalek lortu ahalko dute Gazte Abonoa

uriola.eus 2022ko uzt. 20a, 13:04
Iñigo Cabacas Herri Harmaila (Argazkia: Athletic Club)

14 eta 28 urte bitarteko athleticzaleek izena eman ahalko dute uztailaren 26ra arte. Guztira 2000 eserleku izango dira eta kopurua gaindituz gero zozketa bidez esleituko lirateke plazak. 320€-tik aurrerako prezioa izango du. Bestalde, Bilbao Basket-ek aurreko astean ireki zuen bazkide kanpaina.

Liga hasteko hilabete bat baino gutxiago falta den honetan, Athletic-ek Gazte Abonoen kanpaina abiatu du. Elizegiren zuzendaritza taldearekin onartu zen herri harmaila, eta aurten iparraldeko behe harmailan kokatuko dira abono guzti hauek. 2021-2022 denboraldian 1.200 Gazte Abono egon ziren Hegoaldeko Goi-Harmailan, animazio harmailatik oso urrun.

Berregituraketa honekin 2.000 izango dira gazte abonoak eta guztira 4.074 eserleku izango dituen animazio harmailan kokatuko dira. Epea gaur ireki da, uztailak 20, eta hilaren 26ra arte egongo dra irekita. 14 eta 28 urte arteko gazte guztiei aukera emateko asmoz, ez dute eman aukera aurreko urteko abonoak berritzeko. 14 eta 20 urte bitartekoentzat 320 euroko prezioa izango du eta Ligako partidak ikusteko aukera emango du. 20 eta 28 urte bitartekoek 350 euro ordaindu beharko dute zerbitzu berdinarengatik.

Aurreko urtearekin alderatuta prezioak igo egin dira, 20€ eta 50€, hurrenez hurren. Bestalde, kanpaina berri honetan beste aukera bat eman dute zozketa egotekotan abonoa lortzeko lehentasuna izateko. 100€ gehiago ordainduz gero, athleticzale gazteek Bikain abonoa lortu ahalko dute. Abonoa izateko lehentasuna izateaz gainera, emakumeen taldearen eta Bilbao Athleticen partidetara sarbidea izango dute. Diru gehigarri hori etorkizunean bazkide izateko kuotetan deskontatuko da.

Azken erabaki honek polemika eta zaleen haserrea piztu du, gehiago ordaintzeagatik abantaila ematen delako. Iñigo Cabacas Herri Harmailak, hain zuzen herri harmailaren parte izango denak, sare sozialen bidez bere haserrea erakutsi du: "Herri Harmailaren oinarrietako bat futbola guztion eskura egotea eta hori prezio herrikoiak bermatuz egiten da. Gazte Abonoarekin egindako kategorizazioa eta prezioen igoera ez dator bat filosofia horrekin". 

Bilbao Basketen bazkide kanpaina

Denboraldi berriari begira, Bilbao Basketek ere bazkide kanpaina aurkeztu zuen "Marea Gora" lelopean. Marea beltza igotzen jarraitzeko asmoarekin aurreko urteko prezioak mantendu dituzte. Aurtengo denboraldia aurrekoa amaitu zen bezala hasiko da, murrizketarik gabe, %100eko edukierarekin.

Aurreko urteko prezioak mantentzeaz gainera, aurreko urteetan bazkide izandakoei laguntzak ematea erabaki du taldearen zuzendaritzak. 20-21 denboraldian bazkide eta akziodun izan zirenak (denboraldi horretan ezin izan zen Miribillara joan) aurten ere beherapenak izango dituzte. 18-19an LEB Oro txapelketan bazkide izan zirenak ere beherapena izango dute urte horretako BEZ-aren ondorioz. 

16 eta 25 urte arteko zaleak abonoa erosi ahalko dute 160€-gatik sektore laranjan. Berdina egin ahalko dute langabetuak. Berritzea online egin ahalko da edo presentzialki Gran vía, 80 zenbakian dauden Bilbao Basketen bulegoetan egin ahalko da. Hurrengo irudian ikusi daitezke prezioak.