Atseden hartzeko unea iritsi zaie bilbotarrei

uriola.eus 2022ko abu. 29a, 17:15
Txosnak desmuntatzeko lanak gaur eguerdian (Argazkiak: Bilboko Uriola eta Bilboko Konpartsak

Bezperakoaren irudi ezberdin samarra dauka gaur Bilboko Areatzak. 2022ko Aste Nagusiak dagoeneko eman ditu eman beharreko guztiak, eta normaltasunera itzultzeko garaia heldu da. Ospakizun handi horren bueltako lanak, hala ere, ez dira bukatu, eta txosnak desmuntatzen ari dira konpartsakideak.

Bi urtez kale egin ostean, azkenean ospatu ahal izan dute bilbotarrek zein kanpokoek Aste Nagusia. Gaueko giroa nahiago izan dute batzuek, eta egun argiko ekintzen aldeko hautua egin dute besteek. Biak uztartu ahal izan dituztenak ere ez dira gutxi izan. Urteko jairik preziatuenak ospatzeko gogoa nabarmena zen giroan, eta horixe bera frogatu du abuztuaren 20tik 28ra bitartean Areatzako jaigunean eta beste hainbat txokotan bildu den jendetzak.

Sari mordoxka

Egunotan hainbat sari banatu dira, egitarauan bildutako hitzordu askori lotuak. Besteak beste, konpartsakideek eta bestelako herritar eta taldeek beren sukaldaritza dohainak erakutsi dituzte Areatzan egin diren txapelketa gastronomikoetan. Besteak beste, bakailaoa, patata tortila eta txipiroiak prestatu dituzte. Saridunek ez ezik, parte-hartzaile guztiek ederki gozatu dute prestatutako jakiak Areatzan lagunarteko giroan dastatzen.

Nola ez, horren ikusgarriak diren txosnen apainketarako ere egon da saririk. Positiboa bata, negatiboa bestea. Dotorearenarena, kanpaia saria, Hontzak konpartsak irabazi du, Eusko Alderdi Jeltzalea jopuntuan hartuta eta enpresa handiekiko loturen engranajeak eta “ate birakariak” irudikatu dituztelarik, baita muntaia itzelarekin irudikatu ere. Ifrentzuan, aldiz, Irrintzi txosna dago, hark jaso baitu eulia saria. Athleticeko lehoia honako hau esanez ageri den irudia nabarmendu da futbolzaleen muntaian: No soy perfecto pero soy vasco, y eso es lo mismo (Ez naiz perfektua baina euskalduna naiz, eta gauza bera da).

Bilboko Konpartsen Federazioak bandera urdina eta marroia ere banatu ohi ditu Aste Nagusian, jaiei egindako ekarpen positiboa aitortzen duelarik lehenak, eta jaiak zapuztea egozten duelarik bigarrenak. Bada, aurten txosnarik jarri ez arren “giroa alaitzeagatik” Mamiki emakumeen konpartsa saritu dute urdin kolorekoarekin. Marroia, aldiz, El Correo egunkariarentzat izan da. “Egunotan beren webgunera edozein unetan jo eta azala Aste Nagusiaren zein konpartsen gaineko titular negatiboz beteta ikusi dugu: dena da beldurra, fobiak eta susmagarriki bortxatutako ika-mikak. Gaizki pentsatzen jarrita, balirudike ez dutela nahi jendeak Aste Nagusira etortzea”, nabarmendu dute konpartsek.

Ostiralean, berriz, Aste Nagusiko kirol hitzordurik entzutetsu eta jendetsuenetariko bat egin zen: Hiri Krosa. Bada, nabarmentzekoa da inoizko markarik onena egin duela aurten senior gizonezkoen mailako garaile izan den Diego Cuadradok. Aurreko errekorra ere berak zeukan, baina ostiralean 24 segundutan hobetu zuen 2018ko denbora hura. Senior emakumezkoetan, aldiz, Nerea Eugenia Iturriaga getxoztarra izan zen sei kilometroko ibilbidea osatzen lehena. Kirol egokituko kategorian, Abdallah Benlan San saletarra nagusitu zen. Aipatuez gain, adin guztietako haurrek eta gaztetxoek ere parte hartu zuten. Beste urte batez, egun gutxitan amaitu ziren dortsalak, eta 2.000 korrikalari batu ziren hitzordura, giro aparta sortu zelarik Areatzaren bueltan.

Erasoei erantzuna emanez

Jaiek, dena den, izan dute alde ilunik ere. Aurtengoan ere eraso sexistak zein arrazistak pairatu behar izan dituzte batek baino gehiagok. Konpartsek, baina, ez dituzte erantzunik gabe utzi erasook. Hala, azken larunbatean, hilak 27, giza-kate erraldoia osatu zuten jaigunearen inguruan, halakorik onartzen ez direla ozen adierazteko. Bestalde, gauez kazeroladak eta isiluneak ere egin zituzten txosnetan. “Emakumeon eta pertsona arrazializatuen borondatearen kontrako edozein ekintza gaitzesten dugu. Geure bizimodua eta jaiak askatasunean bizitzeko baldintzatzen dituzten erasoez nazkatuta gaude”, adierazi zuten konpartsek.

Tamalez, baina, larunbatekoa ez zen izan jai hauetan zehar erasoen aurkako protokoloa aktibatu behar izan duten lehenengo aldia. Hilaren 23an ere, jaietako asteartean, Arriagan elkarretaratzea egin zuen mugimendu feministak. Izan ere, jaietako lehen eguneko gauerdian manifestazioa egin zuten txosnagune osoan zehar, beldurrak gurekin jai! lelopean, zetozen egunotan ere erasorik onartuko ez zirela erakutsi nahian. Bada, ibilbidean zehar irainak oihukatu zizkieten zenbait pertsonak, baita edariak eta objektuak jaurti ere. Hala, horren aurrean kaleak hartzeko aldarria berresteko beharra ikusi zuten.