Ustekabeko estropezua Espanyolen aurka

uriola.eus 2022ko ira. 7a, 12:23

Braithwaitek 83. minutuan sartutako golak Athletic-en denboraldiko lehenengo porrota suposatu zuen. Partidaren kontrola hasieratik izan bazuen ere, asmatze falta eta Yeray eta Vivianen akats batek arratsaldea zapuztu zuten. 

Abuztuko poztasuna eta argitasuna amatatu ziren igande arratsaldean San Mamesen. Beste hiru partidetan bezala, Athletic nagusi izan zen eta jokoaren kontrola izan zuen baina atea txiki egin zitzaion. Horri, atzelarien urteko lehen akatsa gehitu zitzaion eta zurigorriek 2022-2023 denboraldian jaso duten lehen gola sailkapenean 0 puntu gehitzeko balio izan zuen. Braithwaitek urteko lehen garaipena eman zion Espanyoli bere estreinaldian.

Valverdek, Cadizen erabilitako hamaikako berdina erabili zuen hiru puntuen bila. Arratsalde beroa zen eta eguzkitan jende gutxi zegoen arren, herri harmaila gogoekin hasi zen hasieratik animatzen Valentziaren aurka egin zuen moduan. Bultzada hura, taldean nabarmendu zen eta apurka-apurka aurrera egin zuen. Hala ere, etxean jokatutako hiru partidetan gol bakarra sartu dute Valverderen jokalariek eta ez da ate horretan izan. 

Berenguer eta Lekue izan ziren arriskutsuenak, baina area barruan ez zuen inork erremate fin bat lortu. Williams, aurreko astean lesionatu ostean, hasierako hamaikakoan atera zen baina ez zen atetik hurbil ibili. Bere anaia, Nico, ez zuen lekurik aurkitu talde bartzelonarraren atzelarien artean eta aukerarik garbiena Berenguerrek izan zuen lehen zatiko azken jokaldian zutoina jo ostean.

Desagertuta bigarren zatian

Dena aldatu zen bigarren 45 minutuetan. Diego Martínezek, Valverde irabazi zuen alde taktikoan. Espanyolek erdiko gunea indartu eta Athletic galdu egin zen. Horren ondorioz, Valverdek aldaketak egin zituen. Guruzeta eta Raul Garcia aurrelari gisa jardun zuten baina ez zen inor kapaz izan baloiak areara bidaltzen, ezta hortik hurbil eramatera. Bitartean, Ander Herrera aulkitik ikusi zuen partida osoa. 

Athleticen amorruarekin batera, jokaldi solte batean Vivian eta Yeray ez ziren ondo ulertu eta Braithwaiteri baloia kentzen saiatzean topo egin zuten eta Danimarkako aurrelaria Unai Simon gainditu zuen taldeari hiru puntuak emateko.

Betiko gol falta

Aduriz erretiratu zenetik, urtero arazo berdina dauka Athletic-ek. Gol falta nabarmena da eta daukan tresna nagusiena ondo defendatzea da. Lau partidatan bost gol sartu ditu eta horietako lau, Cadizi. Mallorcaren aurka atzo izan zuten arazo berdina izan zuten. Hala ere, zorionez ez zuten arazorik izan defentsan. Berdina gertatu zen Valentziaren kontra; Unai Simonen amaierako geldiketa izugarri batek garaipena eman zion taldeari.

Atzo berriz, WIlliams izan zen aurrelaria eta hainbat gol aukera sortzen dituen arren ez da golegile sutsua. Gurutzetak bi gol sartu zituen Cadizen aurka baina atzo gola lortzetik oso hurrun ibili zen eta Raul Garcia ez da jada duela urte batzuk zen golegilea. Dudarik gabe hurrengo partidei begira Valverdek konponbide bat aurkitu beharko dio arazo honi. 

Harrobiko jokalariei omenaldia

Partida hasi baino lehen Clara Pinedo, Ane Elexpuru, Maite Zubieta eta Amaia Martínez jokalariei omenaldia eskaini zitzaien. 19 urte azpiko Europako txapeldunak bihurtu dira uda honetan eta txapelketa horretaz gainera, lehenengo hirurak 20 urte azpiko munduko txapelketa lortu dute. Ohorezko sakea egin zuten Herri Harmailak Euskal selekzioaren ofizialtasuna eskatzen zuen bitartean.