Arabella, Solokoetxe, Miribilla eta Betolazako jaiak izango dira asteburu honetan

uriola.eus 2022ko ira. 8a, 10:49

Bilboko auzo ezberdinek jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan. Igandean amaituko dira guztiak Miribillakoak izan ezik. Txupinazoak, DJak, erromeriak, orotariko lehiaketak edo herri bazkariak izango dira nagusi. 

Bilbo jaiez beteta egongo da irailean zehar eta asteburu honetan lau auzoren txanda izango da. Jai laburrak baina ekintzaz beterik izango dira, Arabella, Solokoetxe eta Betolazako jaiak eta 9tik 18ra izango dira Miribillakoak. 

Arabellako jaiak

Arabellakoak izango dira lehenak. Txupina gaur botako da 18:00etan eta horrekin batera txosnak irekiko dira. Hurrengo hiru egunetan txupina botako da egunari hasiera emateko. Ostiralean irailaren 9an, tortilla lehiaketa egingo da eta DJ Francisek eta Lajukeyox taldeak jarriko dute musika gauez. 

Larunbatak programazio sakona izango du. Paella lehiaketa egingo da goizean eta arratsaldean bingoa, mus txapelketa eta briska txapelketa egingo dira, besteak beste. Musika Oinutsik erromeriak jarriko du eta Las Fellinik kontzertua emango dute. Igandean, azken egunean, herri bazkaria egingo da eta trakarekin batera amaituko dira jaiak. 

Betolatzako jaiak

Betolatzakoak ostiralean hasiko dira, bihar, irailaren 9an. Txupinazoa 18:30ean izango da Bethoniza buruhandiekin batera. Gauean DJ Bayok jarriko du musika. Larunbatean paella lehiaketa egingo da eta bitartean domino eta diana txapelketak. Areto futbol txapelketa 17:00etan izango da eta 18:00etan musekoa. Gauez Orquesta Show dantzaldiak jarriko du musika. Tortilla lehiaketa igandean izango da eta jaiak 20:30ean amaituko dira irailaren 10ean.

Solokoetxeko jaiak

Solokoetxekoak ere ostiraletik igandera izango dira. Irailaren 9an, txokolatada batekin hasiko dira jaiak 17:30ean eta pregoia eta jai hasierako txupina 20:00etan izango da Solokoetxe Irisgarria Plataformaren eskutik. Euskal Rockmeria eta DJ Bullek jarriko dute musika.

Tortilla lehiaketa egingo da larunbatean eta 11:00etatik aurrera umeentzako tailerrak egingo dira Sorkunde tabernan. Mus txapelketa 16:00etan eta mozorro arratsaldea 19:00etatik aurrera izango dira. Las Fellini taldeak emango dute kontzertua eta Disko dantzak jarriko dio amaiera larunbatari. Igandeko programazioa goizez izango da osorik. Artisau azoka egingo da 11:00etatik aurrera eta 12:00etan Vespa eta Lambreta erakusketa egingo dira. Gaztedi dantza taldeak erromeria egingo du eta 15:00etan bazkari herrikoia egingo da.  Jarraian jolasak eta jaien amaiera izango dira. 

Miribillako jaiak 

Miribillakoak izango dira luzeenak eta aste oso bat iraungo dute. Kalejira batekin hasiko dira ostiralean, irailaren 8an, eta 20:30ean Dani Álvarezek emango du pregoia. Gauean, Garilak 26 taldearen txanda izango da 22:00etatik aurrera. Larunbatean paella lehiaketa egingo da eta umeentzako hainbat ekintza egongo dira egunean zehar. Arratsaldez, 16:30ean mus txapelketa jokatuko da eta gauari amaiera DJ Bullek jarriko dio 22:00etatik aurrera. 

Igandean asteburuari amaiera emateko, bizikleta igoera egingo da Pagasarrira 10:00etan. Txirrindularitzarekin jarraituz, bizikleta lasterketa geldoa egingo da 17:00etan tren geltokiko plazan. Eguneko azken ekintza bingoa izango da 20:00etan. Hemen kontsulta daiteke asteburuko egitaraua. Egun hauetan ere, Olabeagan jaien bigarren asteburua ospatuko dute.