Athletic-ek denboraldi berri bati emango dio hasiera bihar Tenerifen. Asteazkenean aurkeztu zen Liga F eta emakumezkoen liga profesionala izango den lehen urtea da. Azken bi urteetan lehenengo postuetatik urrundu dira lehoiak eta aurten ere beste taldeak indartu diren bitartean, hainbat jokalari galdu ditu Iraiak.
Denboraldia hasi aurretik, Jon Uriarte presidenteak, entrenatzailearekin eta Garazi Murua kapitainarekin batera taldearen aurtengo helburuak aurkeztu zituen prentsaurreko batean. Erika Vazquez, Vanessa Gimbert eta Sophie Istillartek, futbola utzi zuten eta horrek beteranotasuna eta esperientzia handia kendu zion taldeari. Gainera, azken urteetako bi jokalari onenetarikoak Ainhoa Moraza eta Lucía García, bere garaian Damaris Egurrola eta Maite Orozek egin zuten bezala, alde egin dute.
Horrek belaunaldi aldaketa egitera bultzatu du Iraia eta horren harira Athletic-en helburua "asmo handikoa, baina errealista" da Uriarteren esanetan. Duela hiru urte bigarren taldean zituen 12 jokalari ditu Iraia Iturregik orain berarekin. Taldearen batez besteko adina 24 urtekoa da eta lehenengo jardunaldirako 2005eko bi jokalari eramango ditu. "Talentu handiko taldea dugu, lehen mailako jokalariekin, eta, gainera, lehen taldera iristeko gogoz hiltzen diren potentzial handiko jokalariekin osatutako harrobia dugu", azaldu du presidenteak.
Plantilla horrekin helburua aurreko urteko emaitza hobetzea izango da; sailkapenaren lehenengo herenean geratzea eta goiko postuetan egonkortzea. Beste helburu batzuei begira, jokalariak hainbat urteetan mantentzea nahi du taldeak. Gero eta diru gehiago daukate beste taldeek eta gero eta jokalari gehiago fitxatzen dituzte. Hori gertatzen den bitartean Athletic-ek hainbat jokalari gako galtzen ari ditu eta hori zuzeneko eragina izan du taldearen errendimenduan. Irene Paredes, Damaris Egurrola, Maite Oroz, Lucía García edo Ainhoa Moraza, orain guztiak maila handiko taldeetan, arazo horren adibide dira.
Helburu garrantzitsua izango da; izan ere, talentu handia dauka Athletic-ek. Bere hiru taldeak lehenengo hiru mailetan dituen talde bakarra da. Bestalde, Paula Arana eta Nerea Nevado 17 urte azpiko munduko txapeldunak izan ziren 2018an. Clara Pinedo, Maite Zubieta, Ane Elexpuru eta Amaia Martinez 19 urte azpiko Europako txapeldunak izan dira aurten eta lehenengo hirurak ere, 20 urte azpiko munduko txapelketa irabazi dute. Oraindik gazteak izan arren etorkizun oparoa dute eta jokalari horiek taldean mantentzeko helburua izango du zuzendaritzak.
Arazo gehiegi liga hasi baino lehen
Emakumezkoen liga profesionala izango den lehen urtea izango da baina hasiera ez da erreza izango. Astea albiste oso on batekin hasi zen. DAZN plataformak ligaren telebista-eskubideak erosi ditu eta partida guztiak emango ditu hurrengo bost urteetan. Orain arte ez zen posiblea jardunaldietako partida guztiak ikustea eta ligaren zabalpenean aurrerapauso handia izango da.
Alde txarrean, arbitroekin sortu den arazoa dago. Komunikatu baten bidez hurrengoa adierazi zuten: "Aho batez jakinarazi nahi dugu ez dugula Lehen Mailako Txapelketa Nazionaleko partidarik zuzenduko gure lan-egoeraren eta egoera ekonomikoaren egungo zehaztugabetasun-baldintzetan". Liga profesionala den moduan, haiek ere profesionalak izatea eskatu dute.
Komunikatua Espainiako Futbol Federazioak atera du eta Liga Profesionalarekin duen gatazkaren beste kapitulu bat zabaltzen da honekin. Hala ere, Ligak epaileak behartzen ditu partidetara joatera, beraz itxaron beharko da bihar arte jakiteko ea zer gertatuko den eta jakiteko ea liga arazorik gabe hasiko den.