Agustín Ubal eta Adam Smithek Goudelock eta Rigo lesionatuak ordezkatuko dituzte

uriola.eus 2022ko ira. 14a, 16:16
Adam Smith Basketball Champions League txapelketan (Argazkia: BCL)

Bilbao Basketek 2022-2023 denboraldiko plantilla osatu du aste honetan. Goudelock eta Rigo denbora luzerako lesionatu ostean, Ubal lagapen moduan etorri da Barçatik, eta Hapoel Holonetik, berriz, Adam Smith. Eskolta eta base postuetan joka dezake eta Michale Kyserrekin egon zen Israelen aurreko urtean.

ACB denboraldia hasi eta bi astera, azken hilabetean jasandako arazoak konpondu ditu Bilbao Basketek. Uda mugitua izan da, eta guztira zazpi jokalari fitxatu zituen Rafa Pueyok. Denboraldiaurrea egiteko prest zeuden guztiak, Sulejmnaovic izan ezik (Bosniarekin Eurobasketa jokatu du), baina aurreko urteko bi jokalarik, Rigok eta Goudelock-ek, denbora luzerako lesioak jasan dituzte. Balear Uharteetakoak lotailu gurutzatua apurtu du bigarren aldiz Bilbao Basketen dagoenetik, eta eskolta estatubatuarrak haustura ia erabatekoa du ezker belauneko tendoi errotulianoan.

Rigok taldea lehenengo mailan dagoenetik minutu gehiegi jokatu ez baditu ere, Bilbao Basketen denbora gehien daraman jokalaria da eta aurten bigarren kapitaina izango zen. Goudelock, bere aldetik, aurreko urteko jokalari onenetarikoa izan zen eta bere berrikuntza kontratua albiste oso ona izan zen, baina denboraldiaurreko lehen partidan kolpe gogorra jaso eta belaunean lesio latza pairatu zuen.

Bi lesio gogor horien aurrean azkar mugitu du taldea, uda osoan egin duen bezala. Oraindik bi aste falta dira liga hasteko eta plantilla osorik dago jada. Azken fitxaketa Hapoel Holon talde israeldarretik datorren Adam Smith da. Bilbon maiatzean BCL-aren final four-a jokatu zuen taldetik heltzen den bigarren jokalaria.

Bilbao Basketek nahi zuena

29 urteko eskolta estatubatuarra Rafa Pueyok nahi zuen jokalaria zen eta azkenean Miribillan jokatzea lortu dute. Jokalari saskiratzailea da, ordezkatuko duen jokalariaren antzerakoa eta beraz, Bilbora helduko da rol hori hartzeko eta taldean berehalako garrantzia hartzeko. Esperientziaduna da Europan; izan ere, zazpi herrialde eta hamaika taldetan jokatu du guztira.

Kyserren influentzia oso garrantzitsua izan da eta espero da bien artean taldeari poztasun eta garaipen handiak ematea. Aurreko urtean Israelgo liga irabazi zuen eta 13,2 puntu sartu zituen bataz bete. BCL txapelketan, Bilboko final fourrera heldu zen eta 12,4 puntu sartu zituen partidako. Bere zenbakiek argi uzten dut puntuak sartzeko kapaza dela.

ACB ligan izango duen lehen esperientzia izango da. Base edo eskolta postuetan jokatzeko gai da. Horri esker, Ponsarnauk Radicevic-ekin batera jarri ahalko du edo  zuzendari lanak bere esku hartu ahalko ditu Hakkanson izateko puntuak sartzen dituena. Txandakatzea Francis Alonsorekin batera egingo du. 

Adam Smithekin batera Agustín base uruguaitarra heldu da Rigo ordezkatzeko. 19 urteko jokalaria Barçatik heldu da lagapen gisa. Aurreko urtean hiru partida jokatu zituen Barçarekin eta bederatzi Río Breogánekin. FIBA America Cup txapelketan 12 puntu, 3 errebote eta asistentzia bat eman ditu batez beste.

Bi aste barru hasiko da liga

Irailaren 30ean Joventout-en aurka jokatuko dute Ponsarnauren mutilak lehen partida. 16 egun falta dira besterik ez eta taldea gogoekin dago jada. Guztira bost partida jokatu dituzte abuztuaren 27an lehen partida jokatu zutenetik. Portoren aurka biak irabazi zituzten eta gauza egin zuten Sheffield Sharks eta Budivelnyk taldearen aurka. Lehen porrota Breoganen aurka heldu zen lehen taldeko hainbat jokalari falta ziren partidan. 

Etxeko lehen partida urriaren bian izango da, 17:00etan Betisen aurka. Egun horretan izango du Miribillak taldea berriz ikusteko aukera eta jokalari berriez gozatzeko. Aurretik larunbat honetan jokatuko dute Valladoliden aurka eta azken azterketa Baskoniaren aurka izango da hurrengo asteazkenean Galdakaon Euskal Kopan.